Berezkoen esku huskako binakako finala igande honetan Baionan

Pilotan esku huskan, igande goizean jakinen da zoin pare Frantziako txapeldun izanen den. Baionako Modernoan ariko dira, alde batetik, Eneko Maiz eta Luis Sanchez. Eta bestetik, Eñaut Etxeberria eta Battitta Ducassou. Txapelketako bi pare erregularrenak izan dira. Abantaila, Maiz eta Sanchezi, partida guziak elkarrekin jokatu ahal izan baitituze, zauritu gabe. Partida zuzenean entzungai izanen da igandean, goizeko 11:00 orenetan Euskal Irratietan.

Buru beltza ardi-gasna ekoizten hasteko 11.200 euro bildu dituzte

 

Diru bilketa kanpaina abiatu zuen Buru Beltza elkarteak, manex buru beltza ardi arrazarekin lanean ari diren laborarien etorkizuna bermatzeko. Horretarako, “Buru beltza” marka martxan eman nahi dute, lehenik buru beltzen esnearekin gasna eginez. Sailaren iraunkortasuna seurtatu eta mendiko hazkuntza mantentzeko xedearekin. Lehen esne biltzeak ordaintzen hasten ahalko dira, baita molde batzuk erosi eta analisiak ere ordaindu. Gasnategi batzuekin lanean hasi dira, eta uztaileko prest izanen dituzte lehen gasnak.

PanneauPocket baliatzen hasi dira Iparraldeko hogei herriko etxe

PanneauPocket tresna zortzirehun erabiltzaileetara heldu da Senperen. Herriko etxearengandik berriak jasotzeko aplikazioa da. Iparraldean 20 bat herrik baliatzen dute, hauen artean Ainhoa, Azkaine, Pagola edo Gamarte-k. PanneauPocket-i esker herritarrek herriak emandako berriak edo alertak jasotzen dituzte zuzenki mugikorrean. Eskola eta kulturako hitz ordual, administrazioa, kirola eta elkarteen gertaldiak, dena jasotzen ahalko dute herritarrek zuzenki mugikor edo ordinagailuan.

Herri Urrats: besta eta aldarrikapen egun handia, urratsak zubi bilakatzeko

Berrogei urte beteko ditu aurten Iparraldeko ikastolen aldeko bestak. Maiatzaren 14an Senpereko aintziran ospatuko den Herri Urratsen egitaraua aurkeztu dute atzo. Egitarau aberatsa eta publiko orori zabaldua prestatu dute behin ere, euskararen aldeko besta izateaz gain, Herri Urrats mobilizazio egun jendetsua ere izan dadin. Hirugarren urtez segidan, buruilean Seaskak Senperen idekiko duen bosgarren kolegioa diruztatzea izanen da xedea. Aurten bi kontzertu gune handi izanen dira, usaiako Nafarroako gunean, baita Arabakoan ere. Talde nagusien artean dira: Zetak, Delirium Tremens, Sutagar, Neomak, Tiktara, edota Xutik.

Urmuga festibalak mendia eta musika uztartuko ditu uztailaren 12tik 30era

Urmugak Euskal Herria zeharkatzen du mendebaletik ekialdera, Kantauri eta Mediterraneo itsasoetara urak banatuz. Garobel Mendilerrotik Auñamendiko Hiru Erregeen Mahairaino. Gailurrik gailur, errekaz erreka, zuhaitzez zuhaitz, Urmuga jostura luze bat da. Aurten, laugarren edizioa, uztailaren 12tik 30era ospatuko da. Hemeretzi mendi ibilaldi eta hamabi kontzertu eskainiko dira Euskal Herriko zazpi probintzietan barrena. Euskal Herri osoko eta atzerriko musikagintzan erreferente diren izen franko Et Incarnatus Orkestrarekin aritzeko. Orkestrako zuzendaria den Miguel Zeberiorekin xehetasunak:

Mugaz gindiko elkartea sortu dute Garazik, Xiberoak, Aezkoak eta Zaraitzuk

Iratiko lau ibarrak bat eginik. Garazi eta Xiberoako sindikatek 'Irati, lau ibarrak' elkartea osatu dute, Nafarroako Aezkoa eta Zaraitzuko ibarrekin. Poctefa deialdi baten haritik abiatu zen egitasmo hau, mugaz gaindiko elkarlana bultzatuz. Iratiko ohianaren inguruan bizi diren herritarren elkar ezagutza eta naturaren babesa ardatz hartu dute. Karlos Bueno Aezkoako Batzarre nagusiko presidenteak zer-nolako lanak egin nahi dituzten aipatu dauzkigu Goizberriko gonbitaren tartean. Horien artean dira, eskolarteko topaketak, turismo zerbitzuen arteko hartu emanak eta bortuaren natur baesaren inguruko neurriak bultzatzea.

Aturri ibaiaren eskuinaldea birmoldatzeko plana abian da

Azken hamabost urteetan aipatzen zen. Orain, ofizialki abiatzen dute "Aturri ibai eskuinaldea" proiektua Baionako herriko etxeak eta Euskal Hirigune Elkargoak. Santa Izpiritu zubitik Grenet zubiraino doan hamabi hektareren jabetza osoa eskuratzen ari da Euskal Hirigune Elkargoa, EPFL egituraren laguntzaren bidez. Adierazi dutenez, «herritarren parte hartzearekin aintzinatuko da proiektua, auzoalde horren historia, soziologia eta kultura errespetatuz». Epe luzerako proiektu hau, hamarkada batez luzatu liteke. Ingurumenaren aldetik, kontutan hartuko dute gune horrek jasan lezakeen uholdeen lanjera. Karrikako inkesta eremanen dute apirilaren 27 eta 28an Baionan. Horrez gain, bi instituzioetako webguneetan bete dezakete galdeketa Baionarrek.

Basurde populazioa orekatzeko lana gelditzearekin mehatxatu dute ehiztariek

Pirino Atlantikoetako ehiztariek biltzar nagusia zuten asteburu huntan. Mozio bat izan dute aipagaietan, ofizialki ez da onartu baina eskua altxatuz ainitzek alde bozkatu dute. Mozio horrek dio ehiztarien kontrako erasoek segitzen badute, basurdeetaz egin erregulazio lana utziko dutela. Ehiza tradizionalaren kontrako erasoak salatzen dituzte: laudetarena edo ursoen sareekin egiten denaren kontra. Ekaina bukaera aintzin mozioa bozkatuko dute Frantziako ehiza federazio guzietan. Departamenduko Ehiza Federazioko Jean-Marc Karrikartek salatu du erabakiak «Paristik eta ezagutza gabeko pertsonengandik» hartuak direla.

Euskal toponimoak frantses ortografiarekin nahi ditu Kanboko herriko etxeak

Karrikak izendatzeko hizkuntzaren hautuak polemika piztu du Kanbon. Frantses ortografiaren arabera idatziak ziren bideen izenak berriz euskaratzea erabaki zuten joan den abenduan, Kanboko herriko kontseiluan. Alta, gehiengoko hautetsiek, erabakia aldatzeko asmoa agertu dute orain, oposizioaren haserrea piztuz. Kanboko auzapezaren arabera ez da gibelera egiterik, kasu berezien finkatzea besterik ez. Hauen artean Celhaya zentroarena. Christian Devèze Kanboko auzapeza: «ez dugu batere gibelera egiten, baina ñabardura bat gehitu nahi diogu. Atxiki ahal izateko frantses toponimian eta jatorrizko ortografian bide batzuen izenak, izen bereziak direlarik. Merkantzien helarazteko, pertsonen segurtasunerako edo berriki informatika sarearentzat adibidez; hori dena helbideratzearen arazoa da.» Nolanahi ere, gaia ez da oraindik trenkatu herriko kontseiluan.