Bordale Montaigne unibertsitatean euskara ikasteko parada ireki da. Heldu den irailetik goiti LEA Hizkuntza Aplikatuak izeneko lizentzia berri batek irekiko ditu ateak. Ingelesa, Euskara eta Espainola ikastea proposatuko zaie lehen urteko ikasleei. Zazpi eta hamar orenez astean euskara ikasten ahalko dute. Denei irekia zaie saila, ondotik merkataritza, turismoa edo komunikazioan lan egiten ahalko dute ondotik, edota ikasketekin segitu. Denbora berean, irailean beti, Parisen, Sorbonne Nouvelle Unibertsitateak euskara eta euskal kulturaz ikasteko aukera emanen die lizentziatuei, Iberiar penintsulako eskualdeko hizkuntza eta kulturen berezitasunaren barnean.
Urrezko hamaika domina ekarri dituzte euskal ekoizleek Parisko laborantza saloitik. Xarkuteria sailean erdietsi ditu Iparraldeak bere urrezko domina gehienak: Elizaldia etxaldea (Gamarte), Aubard xarkuteria (Baiona), Les Acacias etxaldea (Ahurti), Hoberena (Ligi-Atherei) eta Jara Xolan (Azkarate). Edarietan Hazparneko Bob's Beer eta Irulegiko sotoa izan dira urrezko sariztatuak. Garagardo egile hazpandarrak brontzezko beste bi domina ere bildu ditu, eta ardogile baigorriarrak zilarrezko eta brontzezko domina bana. Esnekien sailean, Agour (Heleta), Onetik (Makea) eta Etxaldia (Aldude) enpresak izan dira sariztatuak. Zilarrezko bederatzi eta brontzezko hamasei domina irabazi dituzte euskal ekoizleek Pariseko saloian.
«Ipar Euskal Herria gaztez odolusten ari da». Sail berriak sortu goi-mailako ikasketetan, etxebizitza sozialak egin gazteentzat edo aisialdia euskaraz bermatu… Hamabost proposamen konkretu egin ditu Xuti Gazte ezker abertzaleko gazte antolakundeak. Liburuxka bat plazaratu dute gazteak hunkitzen dituzten bost gai zehaztuz: goi mailako ikasketak, etxebizitza, euskara, garraio publikoak eta lan baldintzak. Xuti Gazte ohartu da urtean hirurehun gazte galtzen dituela lurraldeak, Ipar Euskal Herria ez baita aski erakargarri haientzat. Proposamen konkretuetan bereziki euskararen normalizazioaren alde Xuti Gaztek dio euskal hiztunak behar direla administrazio publikoetan, murgiltze ereduaren hedatzea edota gazteen aisialdiak euskaraz bermatzea.
Sexu jazarpen kasu bat aztertzen ari dira jendarmeak. Sarako hamabost urteko neska batek salaketa pausatu du Sarako Izarra pilota elkarteko hezitzaile baten kontra. Bi aldeak entzunak izan dira joan den astean eta gizona atxiloaldian egon da. Askatu dute baina inkesta aitzina eramaiten ari direla jendarmeak baieztatu dauku Baionako auzitegiak. Gizonak argazki pornografikoak igorriak lizkioke neskari. Jerome Bourriek prokuradoreak baieztatu duenez adin txikikoen kontrako «galbideratze erasoak» egiteagatik ikertzen ari dute hezitzaile ohia. Anartean, Sarako Izarrak hezitzailea taldetik baztertzea deliberatu du eta pilota elkarteko familia guziak abisatu ditu gutun bidez. FFPB Frantziako pilota federazioak lizentzia ere kendu dio.
«Egoeraren eztitze» bat espero du Iparraldeko Eusko Ikaskuntza elkarteko presidente berria den Virgil Joseph Alexandrek. Azken aste hauetan krisiaren gailurrean da Eusko Ikaskuntza, erakunde sozio-kulturala. 2023tik lehendakari zen Claude Mehatsen kudeaketa zalantzan jarri du Eusko Ikaskuntza Iparraldeko Administrazio kontseiluaren parte batek. Urtarril bukaeran Claude Mehats kanporatu eta lehendakari berri bat izendatu dute, Virgil Joseph Alexandre. Baina Hego Euskal herriko egiturak ez du onartzen aldaketa hori. Iparraldeko egoitzaren sarraila aldatu eta marka zein egoitza erabiltzeko baimena ukatu dio Ipar Euskal Herriko egiturari. Diotenez Iparraldeko Eusko Ikaskuntzaren funtzionamenduaren inguruan «irregulartasunak» antzeman dituzte.
Barnetik, familien hizkuntza usaiak eraldatu egonaldi batzuen esker. Plazara kooperatibak bultzaturik eta beste eragile askoren elkarlanarekin bost eguneko bi egonaldi proposatuko zaizkie familiei, pazkoko bakantzetan. Helburua da euskara presenteago izatea familiaren egunerokoan. Horretarako egonaldi hauetan goizetan helduentzat euskara klaseak izanen dira eta arratsaldetan haurrekin aktibitateak. Baigorrin edo Arbonan iraganen dira egonaldiak baina Hego Euskal Herriko eragileekin ere antolatu dute egitaraua, eta adibidez, Lesaka bisitatuko dute ere parte hartzaileek. Martxoaren 15a arte izanen dira izen-emaiteak, lekuak mugatua dira eta 3-11 urte arteko haurrek parte hartzen ahalko dute. Egonaldi bakoitzaren prezioa 300 eta 650 euro artean izanen da.
Euskarak, okzitanierak, katalanak eta aragoierak adimen artifizialaren bihurgunea hartzekotan, LINGUATEC-AI proiektuari esker. Mugaz gaindiko proiektua gidatzen ari da Elhuyar erakundea, Baionako IKER zentroko sustenguarekin. Linguatec xedearekin, adimen artifizialak hizkuntza gutituetan dituen ezagutzak garatzea da helburua. Adimen artifiziala «elikatzeko» badira bi urte datuak biltzen eta digitalizatzeko lanetan ari dela. Lan horretatik, hizkuntza bakoitzean itzultzaile automatikoak, transkripzio sistemak edo ahots-sintesi sistemak hobetzeko tresnak sortuko dituzte. Milioi bat euroko diru laguntza eskuratu du proiektuak POCTEFA Europako diru funtsetik. Emaitzak 2026ko udan aurkeztea espero dute.
Laborantzaren Orientazio Legea pasa den astean ofizialki onartu du Parlamentuak. Ostegunean Senatutik pasa da azken aldikoz. Iazko laborarien mobilizazioen ondotik, aldarrikapenei erantzuteko xedea du lege horrek. Aldiz, ingurumenaren aldeko elkarteek azkarki salatzen dute. Lege horri esker, laborantza interes orokorreko aktibitatea bilakatzen da. Horrez gain, pozoiei buruzko zuhurtasun printzipioa azkarki ahultzen da, eta ingurumena kaltetzen dituzten ekintzak arinkiago zigortuko dira, laborariek frogatzen badute nahigabean gertatu direla kalteak. Bukatzeko, instalazioen bultzatzeko hainbat neurri ere proposatzen ditu legeak.
Betharrameko ikastetxeko begirale ohi bat auzipetu dute joan den ostiralean. Sexu bortxaketa eta sexu erasoak egin izana leporatzen diote. Prokuradoreak galdeginik, anarteko atxiloaldian ezarri du Askatasun eta Espetxeratze Epaileak. Beste bi pertsona ere atxilotu ditu poliziak, baina beren delitua preskribatua dela ebatzi dute epaileek. Paxkal Indo Seaska ikastolen elkarteko lehendakari ohia ikasle egon zen 1984 eta 1988 artean. Azaldu duenez, sexu erasorik jasan ez zuen arren, bortizkeria fisikoa pairatu zuen.
- Martxoaren 8ra begira, hitzordu franko antolatu ditu Itaiak
- «Biziki arriskutsua da migrazioa delinkuentziarekin lotzea»
- Xareko jokalari hoberenak lehian Hazparnen, Masters Xare txapelketan
- Departamenduko enplegatuen greba, Baionan
- Ehundik goiti ekoizle departamentutik Pariseko laborantza saloira
- Herriko Ogia «%100 autonomo» izateko erronkari lotu da
- Bixente Lazkano: «Lehen aldiz parte hartuko dugu Pariseko laborantza saloiko Akitaniako Blonden lehiaketan»
- Betharram afera: hiru gizon atxiloturik, bortxaketa eta sexu erasoen susmopean
- Bolibiako laborari talde bat sustengatuko dute Xiberoatik