Nazioarteko Emazte Langileen egunera buruz giroa berotzen hasi da Itaia. Zine-eztabaidak, autodefentsa tailerrak, mintzaldiak eta mobilizazioak antolatu ditu Ipar Euskal Herriko emazte sozialisten antolakundeak. Iragan igandean Baigorrin zine proiekzioa eta solasaldia gauzatu badute, otsailaren 28an emazteendako boxeo ikastaroa eskainiko dute Baionako Orekan 19:00etan, eta martxoaren 7an, Martxoak 8ren historiari buruzko mintegia proposatuko dute Baionako Kubako etxean 19:00etan eta Donibane Garazin 19:30etan. Martxoaren 8an ere, mobilizazio bikoitzerako deia luzatu dute Itaia antolakundeko kideek. Lehena goizean, Donibane Garazin, 11:00etan Jai Alaiko biribilgunean; bigarrena arratsaldean, Baionan, 15:00etan herriko etxearen aitzinean.
Ilazki Ortego abokatuak Jean Marie Girier prefeta eta Jérôme Bourrier prokuradorearen adierazpenen lanjeraz ohartarazi du. Immigrazioak eta delinkuentziaren gorakadak lotura dutela iradoki dute estatu frantsesaren bi karguek, Biriatuko mugan egin agerraldian. Bertan, inmigrazio ilegalari buruzko datuak plazaratu dituzte, eta kontrol polizialen indartzeaz solastatu dira. Prefetaren hitzek etorkinen eskubideen aldeko eragileen kexua sorrarazi dute, eta Etorkinekin-Diakité elkarteak erraterako, «herra sustatzea» egotzi diote.
Masters Xare txapelketa jokatuko da datozen egunetan Hazparneko Berria trinketean. Bertan elkarretaratuko dira xareko jokalari hoberenak, otsailaren 21etik martxoaren lehenera. Euskal Herriko, Frantziako edota Argentinako pilotariak lehiatuko dira. 16 urte inguruko gazteendako Masters Gazte lehiaketa ere antolatu du Noizbait pilota elkarteak. Multzoko eta final-laurdenetako partidetarako, sartzeak urririk izanen dira; ez, ordea, finalerdi eta finalen segitzeko.
Bidaia gastuen ordainketaren apaltzeak gaizki izate orokor bat sorrarazi du administrazio departamentaleko langileen artean. Hori dela eta, greba egin dute, besteak beste, eguneko apairu forfeta txikituko zaiela, eta gastu erreala ordainduko zaiela. Neurri horrek beste hainbat salaketa azaleratu ditu mobilizazioan. Bidezain edo kantonierren, departamenduak biltegi bat zerratzeko xedea lukeela Saran. Gaizki izatearen adibide, sindikatuek jakinarazi dute laurehun agente eritasun geldialdian jartzen zirela urtean. Absentismoaren tasa %14ekoa da departamenduan.
Ehundik goiti ekoizle Pirinio Atlantikoetako departamendutik, 450 produkturekin. Otsailaren 22tik martxoaren 3ra iraganen da Pariseko laborantza saloia. Aurten, Pirinio Atlantikoetako departamenduak argi utzi du ez duela posturik atxikiko saloian, diru arrazoiengatik. Aldiz, Ipar Euskal Herriko laborari eta ekoizleak saloian izanen dira, batez ere lehiaketa zenbaitetan parte hartzeko. Iaz sei medaila irabazi zituzten departamenduko ekoizleek, horietariko 36 urrezkoak. Bereziki esnekiak, arnoak eta xarkuteria dira aurkezten diren produktuak. Baina aurten ere, Euskal Herriko hainbat kabala aurkeztuko dira abereen lehiaketetan. Urruñako Exposito familiak Prim’Holstein arrazako bi behi aurkeztuko ditu, Urruñako Bixente Lazkanok Akitaniako blonda bat eta Oragarreko Garai familiak beste bi. Bururatzeko, oroitarazi behar da otsail hastapenean Akitania Berria eskualdeko artzain gazteen Ovinpiade txapelketan Pariseko finalean parte hartzeko sailkatu zirela Alaia Queihialt eta Nicolas Karrikondo Donapaleuko Jean Errekart lizeoko ikasleak.
Herriko ogia «burujabe» izateko bidean. Euskal Herriko laborariak, eiherazainak eta okinak biltzen ditu Herriko elkarteak, Iparraldean hastetik buru ekoizten den ogia eskaintzeko. Otsailaren 6an sailaren biltzar nagusia egin zuten Maulen, eta Okina bizkotx enpresa bisitatu zuten. Azken urteetan, ogi-bihia biltegiratzeko gune bakarra Biarnon atzeman dute Herriko Ogia sailekoek Oloroen, Xiberoako mugatik gertu. Arazo tekniko batzuk tarteko, ordea, beste leku baten atzematera behartuak izan dira eta, ororen buru, Akamarren eta Biarnoko ekialdeko herri batean. Ehun hektareako soroetatik biltzen den 500 tona ogi-bihi biltegiratuko dituzte bi gune horietan hemendik aitzina, eta datozen urteetan ekoizpena handitzeko xedea agertu dute. Hiru urteren buruan erabateko autonomia finantzarioa erdietsi nahi lukete, diru laguntza beharrik gabe, egitasmoa %100ean salmentaren bidez bideragarri izan dadin. Gaur egun, hamabost laborarik ekoizten dute Herriko garia, Iparralde osoko 50 okin ingururentzako.
Heldu den ortzegunean Pariseko Laborantza saloian izanen den Akitaniako Blonden lehiaketan Oragarreko bi behi eta Urruñako bat aurkeztuko dituzte. Bixente Lazkano hazle urruñarrak Orchidée izeneko sei urteko behiarekin Pariseko bidea hartuko du asteartean, jadanik tokiko sari andana lorturik, Pariseko ikur enblematikoaren bila. Bertze bi behi urruñar ere Parisen izanen dira lehian heldu den astean, Larrea etxaldetik bi Prim Holstein beltz eramanen baitituzte Expositotarrek. Larunbat honetatik martxoaren 3ra izanen da Pariseko laborantzaren saloia.
Paueko parketak jakinarazi du hiru gizon atxilotu dituela, Betharrameko eskolan gertatu abusuen harira. «Bortxaketa larriagotuak, sexu eraso larriagotuak edota indarkeria larriagotuak» leporatuak zaizkie. Susmatuen nortasuna ez da oraindik jakina, 59, 69 eta 93 urtekoak direla bakarrik. Oroitu, Alain Esquerre izeneko ikasle ohi batek sare sozialetan plazaratu zuela afera. Gaur egun 132 biktimek egin dute salaketa. Atxiloketa horiek François Bayrouren eta biktimen kolektiboaren arteko bilkuratik lau egunera gertatzen dira. Bilera horretarik ateratzean, ikerketarako baliabide gehiago hitzeman zituen Frantziako lehen ministroak.
Zubiak eraiki Xiberoa eta Boliviaren artean. Badu jadanik 16 urte Bolibiaren aldeko elkartea sortu zela Xiberoan. Azken urteetan, La Paz hiriko El Alto auzoko eskola bat, emazteen etxe baten sortzea, dendarien dinamikak edota tokiko irrati bat sustengatu dituzte. Sos biltzeko ekimen zenbait antolatuko dituzte, horietatik lehena, apirilaren 6ean Maulen eginen duten ganer huste handia izanen da. Aurten, laborari zonbaitekin lan eginen dute.
- Inflazioak Ipar Euskal Herriko ekonomia moteldu duela dio CCIk
- Ihitz Iriart: «Emaztea usu plazan agertu ez bada ere, ekitaldi kulturalen gibeleko lanetan parte hartu du beti»
- Barkoxeko 'Ürrats kolektiboak' pastoralak bi süjet ukanen ditu
- Migrazioaren aitzinean, kontrola azkartzea babestu du prefetak
- Celine Mounole: «Euskararen kalitatea hobetzea da liburuaren xedea, ez hiztunei konplexuak eragitea»
- Elkargoaren mesfidantza eragin du E-CHO proiektuak
- «Sendabelarrei esker zahar etxeetako adinekoen egunerokoa gozatzen saiatu gara»
- Hamabost egun, gurasoak euskararen inguruan sentsibilizatzeko
- Emisio ahuleko gunea ekainaren lehenean ezarriko da indarrean, Lapurdiko kostaldean