Hazparneko «zapatagile xume» baten bizipenak, historiara

Alemania nazian preso izan zen hazpandar zapatagile baten historia, argitara. "Jean-Baptiste Blézio, Alemanian gerla-preso baten egunerokoa” liburuaren aurkezpena eginen dute ostiral arratsaldean Baionako Elkar liburu dendan. Milaka euskal herritar bezala, Bigarren Mundu Gerlan borrokatu zen Battitta Blezio. Alsazian harrapatu eta bost urtez preso hartu zuten. Denbora tarte horretan bere egunerokoa idatzi zuen liburutto ttipi batean. Orain bere presondegiko memoriak, liburuan argitaratu dute.

Elkarte-baliabideen partekatzea hizpide ukan du Euskal Etnopoloak

Baliabide baten inguruan sortzen den komunitatea amankomuna deitzen da. Dinamika horretan sartzen dira ongi ezagutzen ditugun Lurzaindia, Alda, Etxalde, Euskal Moneta edo Enargia. Amankomunak, jabegotza, gobernantza eta komunitateaz hausnartzeko kolokio bat antolatzen du EKE-ko Etnopoloa sailak, gaur eta bihar. Han bilduko dira, Xabi Larralde, Xebax Christy, Isabel Capdeville, Nicole Etxamendi, Patxi Bergara edo Galder Gonzalez, 20bat hizlari orotara. Baionako goi mailako arte eskola iraganen da bi eguneko kolokioa, goizeko 9etatik goiti.

Milaka euroko kalteak Ipar Euskal Herriko hainbat etxaldetan, tenpestaren ondorioz

Ez da urte errexa baratzezainendako. Idortearen kolpea azkarki senditu duten laborariek, zafraldi berria bildu dute iragan astearteko tenpestarekin. Abantsu 32 litro babazuza eta harri erori ziren metro karratuka hainbat herritan. Hosto handiko landareak izan dira kaltetuenak: entseladak, kuiatxoak, piperrak, edota mahastiak. Milaka euroko galera ekonomikoak aitzinikusi dituzte laborari zonbaitzuk. Suprefeta jada harremanetan ezarri da inguruko auzapezekin, Estatuak hondamendi naturalaren egoera aitortua izan dezan bultzatzeko. Orain gertatutakoaren informazioa eta irudiak biltzeari ekinen diote. Haatik, kalte ordainak lur azaleraren arabera banatzen baitira, baratzezainek laguntza ttipiak ukaiten dituzte. Gainera, kontuan hartu behar da etxalde gehienetan baratzekiak ez direla asegurantza baten babesean ematen. Zenbait laborari kaltetuen lekukotasunak bildu dituzte Euskal Irratiek:

Argitxu Ithurria:

Bruno Junquet:

Mikel Hiribarren:

Elorri Reca:

Francis Larre:

Panpi Olaizola:

Baionako Canopia bereizketa zentroa araberriturik

Bil Ta Garbi sindikatuak 15,5 milioi euroko inbertsio egin du hondarkinen bereizketa lana hobetzeko. Urte hastapenetik estalki eta paper guziak bereizten dira, tresna berri baten bidez. Gaur bederatzi makinek eta hamabost langilek egiten dute gure zakarrontzi horiaren bereizketa. Egunean ehun tona hondakin bereizten dira bertan.

Hiriburuko herriko etxean gazteenek hartu dute hitza

Gazteei hitza eman diete Hiriburuko herrian. Joan den ostiralean, lehen aldiz, 24 haurrek osatu herriko gazteen kontseilua bildu zen herriko etxean. Hiriburuko lau eskoletako ordezkarik osatzen dute, denak 9, 10 eta 11 urte artekoak. Egiazko hauteskundeen bidez hautatuak izan dira. Haien helburua, gazteentzat proiektuak proposatzea izanen da baina interes orokorrekoak ere. Proiektu horrekin, haurren herritartasuna lantzea dute xedea herriak eta eskolek.

Amets Arzallus: «Bizi dugun guzia, kopuru handietan izanik ere, arras deshumanizatua gelditzen da»

Errefuxiatuen nazioarteko eguna zen joan den asteartea, ekainaren 20a. Horren kari, Miñan liburua idatzi duen Amets Arzallus Goiz Berri saioko gomita izan zen Euskal Irratietan. Ibrahima Balderekin idatzi zuen 2019an. Hortan, Baldek kondatzen du nola Gineatik joan zen bere anaia ttipiaren bila, Afrika eta Espainia zeharkatuz, eta kalbarioa pairatuz. Aktualitateari behako sakona eman dio Amets Arzallus bertsolari eta idazleak:

Bizikletaz, Onizepea eta Ezpeize arteko desbideraketaren kontra

Onizepea eta Ezpeize arteko bi kilometroko desbideraketaren eztabaida, pizturik segitzen du. Hamarnaka txirrindulari elkartu dira iragan larunbatean, proiektuaren «zentzugabekeria» salatu eta bide berde bat aldarrikatzeko. Gaitzetsi dutenez, desbideraketarekin minutu bat baizik ez dute aurreztuko auto gidariek, eta laborantzako bost hektarea lur kondenatuak lirateke. Ühaitzaren Bideak herritar elkarteko René Ayphassorro:

Lapurdiko Arraun Taldeak indartsu abiatu du KAE1 liga

Euskal Herriko traineruen KAE1 liga abiatu zen larunbat arratsaldean Donibane Lohizuneko hondartza nagusian. Nesken bigarren dibisioko sasoia ere ber denboran, eta Zumaiako emazteak dira nagusitu Sestoarren aitzinean. KAE1 Ligan, berriki LAT Lapurdiko Arraun Taldeak erdietsi zuen bere tokia maila horretan. Beren etxean lortu dute bigarren tokian helmuga pasatzea, Pasaiako San Juan taldearen ondotik eta San Pedro aitzin. Atzo bigarren eguna iragan zen Pasaian, pausa handirik gabe. Ikurriña etxeko San Pedrok eraman du, eta bigarrena Zumaia izan da, Arkote hirugarrena eta lapurtarrak laugarren. KAE1 ligan, beraz, San Pedrotarrak dira buruan 22 punturekin eta ondotik, San Juan eta LAT bakoitza 20 punturekin.

Ataria proiektua, transmisio kulturalaren haria ez dadin eten

Ataria egitasmoa abiatu dute Ipar Euskal Herriko hainbat eragilek transmisio kulturala lantzeko. Ataria elkartearen lehendakaritza hartu du Philippe Mayté historia irakasleak eta L’Argenté kolegioko zuzendariak. Formakuntzak eskaini nahi ditu elkarteak, Euskal Herriko historiari, kulturari, ekonomiari edo egoera sozialari buruz. Mementuko, lehen urratsak dira eta gune bat xerkatzen dute orain. Itsasun herriko etxearekin lanean ari dira toki baten atzemateko. Gaurko Giz Berri saioko gomitsa izan da Philippe Mayté: