Eskola jazarpena: RésoLab, gaztetxoak sare sozialen baliapen egokian trebatzeko gunea

Frantses Estatuko lehen sare sozial pedagogikoa da RésoLab. Bederatzi eta hamabi urte arteko gaztetxoei zuzendua da, sare sozialen mundura jauzi aitzin, sareko praktika egokietan trebatzeko xedez sortua. Legez 13 urtez beheitiko nerabeek debekaturik dute sare sozialetan kontu bat sortzea; alta, 7 eta 12 urte arteko gaztetxek, bataz beste, sei oren iragaten dituzte astean interneten. Hori dela eta, haurrek sare sozialak nola baliatu ikas dezaten, egitasmo hau abiatu du Baionako ospitaleko Adoenia egiturak. RésoLab Instagramen ereduan oinarritu dute, baina, irakasle eta gurasoek zaindutako espazioa izateaz gain, sare sozialen gehiegikeriez kontzientziatzeko xedea du. Orain arte Baionako lau eskoletako 250 haurrek baliatzen dute plataforma. Europar Batasuneko diru laguntzari esker proiektua beste hainbat herritan esperimentatuko da hemendik 2026 urtera arte.

Eskola jazarpena jopuntuan ezarri dute Piarres Larzabal kolegioan

Oharrak, irainak, bazterketa, kolpeak... hainbat forma hartzen ditu jazarpenak eskolan. Frantziako Hezkuntza ministerioaren arabera hilabetero bi ikaslek bere buruaz beste egiten dute ikastetxean jasaten duten jazarpenarengatik. Gai horren inguruan, lan berezia eraman du Piarres Larzabal kolegioak. Elorri Garat psikologoak mintzaldia eskainiko die ikastetxeko gurasoei ostegun honetan, eta gaiaz kontzientziatzeko, kolegioko ikasleek erakusketa bat landu eta ezarri dute. Jazarpenaren inguruan marrazkiak, testuak edo argazkiak hartu dituzte, jazarpena zer den, nola bizi duten, edo zer eragin duen adierazteko.

Europako 10 milioi euro zuzenean kudeatuko ditu Euskal Hirigune Elkargoak

Lehen aldia izanen da Europako funtsak zuzenean kudeatzen ahalko dituela Euskal Hirigune Elkargoak, Akitania Berriko eskualdearen esku hartzerik gabe. 10,8 milioi euroko diru-funtsa izanen da, 2024 eta 2027 artean baliatu beharrekoa. Ipar Euskal Herriak ukan du bigarren diru zama handiena, Bordeleko hirigunekoaren gibeletik. Lagunduak izanen diren lehentasunezko zazpi ardatz definitu dituzt, horien artean, kohesio soziala, lurralde antolaketa, laborantza edota kultura. Aitzinkontu horretatik, bost milioi hiri eta herrietara bideratuko dira, 4,8 milioi euro mendialdearen garapenera, eta milioi bat euro Hendaia eta Capbreton arteko itsas ekonomia bultzatzeko. Proiektuak aurkezteko deialdia azaroaren 17an irekiko da. Joseba Erremundegi Euskal Hirigune Elkargoko mugaz gaindiko kontseilaria, Goiz Berri saioko gomita izan da.

Euskara lanean txertatzeko aholkularitza urririk, Iparraldeko enpresa txikientzat

Euskararen Erakunde Publikoak hitzarmena izenpetu du Bai Euskarari elkartearekin, Ipar Euskal Herriko saltegietan euskararen baliapena bultzatzeko. Hamar langile baino gutxiagoko enpresek hizkuntza diagnostiko bat garatzeko eta aholkularitza jasotzeko aukera izanen dute, den-dena urririk. Gaur egun 178 entitatek dute Bai Euskarari ziurtagiria Lapurdi, Baxenabarre eta Xiberoan. Hitzarmen horren bidez, saltegi euskaldunen zerrenda emendatu nahi luketela azaldu digu Ane Insua Ipar Euskal Herriko Bai Euskarari elkarteko aholkulariak.

Martxoan epaituko dituzte atxilotuak izan ziren Ostia kolektiboko lau kideak

Goizean goiz atxilotu zituzten lau militantean Baionan, Itsasun eta Kanbon. 2022ko abenduan Angelun Bouygues Immbolier promotorearen Angeluko egoitzan eginiko ekintza batean parte hartzea leporatze diete. Filipe Laskaraik azaldu duenez, goizean-goiz sartu zen polizia bere etxera eta jarrera «bortitzarekin» atxilotu zuten. Hamarnaka pertsona elkarretaratu ziren Baionako polizia etxe aitzinean, atxiloketak salatzeko, eta ondotik, Paulmy etorbidea moztu zuten hainbat minutuz. Lau atxilotuak arrastiriko 14:00ak aldera askatu zituzten. Higiezin agentziaren egoitzan «andeatzeak eragiteaz» akusaturik, epaiketa izanen dute martxoaren 12an. Ostia kolektiboak eta Lurzaindiak Marieniako laborantza lurren defentsan borrokan segituko dutela adierazi dute.

Euskarak presentzia galdu du Ipar Euskal Herriko banketxeetan

Euskarak gero eta leku gutxiago du Ipar Euskal Herriko banketxeetan. Caisse d’Epargnek, erraterako, dirua ateratzeko makina berrietan euskara hautatzeko aukera kendu du. Baserrialdeko eremuetan, ohikoa zen harrera euskaraz bermatuko zuen langile bat egotea, edota seinaletika elebidunean izatea. Alta, egoera soziolinguistikoa aldatzearekin, euskal hizkuntzak presentzia galdu du. Maulen, erraterako, sei agentziatik bakarrak eskaintzen dio tokia oraino euskarari.

Renée Carrique: «ez dut Elkargoan desorekarik ikusten kostalde eta barnealdearen artean»

Idauze Mendi herriko bilan baikorra egin du Renée Carrique Euskal Hirigune Elkargoko lehendakariordeak eta Idauze Mendiko auzapezak. Eskolak sail elebidunetik murgiltze sistemara jauzi egin zuen duela bi urte eta balorazio baikorra egin du. Aldiz, gazteak herrian egonarazteko zailtasunak daudela azaldu du. Bestalde, Lapurdi kostaldearen eta barnealdearen arteko orekari dagokionez, Carriquek ez du desorekarik ikusten Elkargoan. Horren adibide litzateke, azken urteetan Elkargoak Xiberoan bultzatu dituen egitasmoak.

Hondarribiako azken saregileen haria ez dadin moztu

‘Itsasoa Josten’ bisita gidatuak antolatu ditu asteburuan Arma Plaza Fundazioak Hondarribian, herriko sare-konpontzaileen lana barrenetik ezagutzera emateko. Arrantzarako ezinbestekoa den eskulana etorkizun hurbilean "nork eta nola" eginen duen kezka piztu du sektorean. Belaunaldi berriak atzemateko zailtasunak dituzte erretretara joanen diren hamairu saregileak ordezkatzeko.

Palestinarentzako «bakea eta konponbidea» aldarrikatu dute Baionan

Gazako sarraskia salatu eta bake iraunkor baten aldeko manifestaldia izan da Baionan, joan den larunbatean. Antolatzaileen arabera, 500 pertsonatik goitik parte hartu dute mobilizazioan. Ipar Euskal Herriko hautetsi eta elkarte munduko hainbat pertsonek egin dute deialdia. Baionan egin diren azken bi deialdietan ez bezala, suprefeturaren baimenarekin mobilizatu dira, israeldarren eta palestinarren arteko elkarbizitza nahiz bakerako elkarrizketaren beharra aldarrikatuz.