Gau beltza ospatu dute Lapurdiko hainbat herritan

Udazkenetik negurako egun gero eta ilunagoen itzultzean, erritu ezberdinak egin izan dira Europa osoan, baita Euskal Herrian ere. Erlijio ospakizunek edo Amerikako Estatu bAtietatik inportatutako usadioak ordezkatu badu, aspalditik ospatzen zen Gau Beltza edo Arimen Gaua. Azken urte hauetan, eta bereziki 2018an, Jaime Altuna eta Josu Ozaita antropologoek idatzi zuten “Itzalitako kalabazen berpizteari” esker hasi zen berreskuratzen ospakizuna. Aurten, Urruñan, Kanbon, Hendaian edo Itsasun ospaztu da Gau Beltza.

Ehunka pertsona manifestatu dira Baionan Palestinaren alde

«Israel Genozida, Frantzia Kolaboratzailea, Palestina libre» banderolaren gibelean, 300 pertsonak parte hartu du iragan larunbateko manifestaldian Baionan. Maulen izan zen elkarretaratzea bezala, Prefeturak debekatu zuen Baionakoa, eta poliziaren presentzia handiaren presioa senditu zen geltokian manifestazio hasi aitzin. Hala ere abiatu da manifestaldia, Baionako karriketan barna ibili ondotik, poliziak hetsia zuen suprefeturako karrikatik pasa gabe, Jacques Portes plazan bururatu da.

Itxaro Borda euskaltzain oso izendatu du Euskaltzaindiak

Xarles Bidegainen lekua hartuko du eta hain zuzen, iragan asteburuan egin du sarrera hitzaldia Baionan. “Mugari tirorik ez” izeneko idazlana irakurriko du bere sortzaile ibilbidean idatzi dituen olerkiak eta muga hitzak bere baitan izan dituen eraginak sakonduz.

UNESCO seinalatu nahi izan du Herribiltzak bere azken ekintzekin

Kultur ondare materialak babesten dituen bitartean, hizkuntza gutituen alde deus guti egiten duela salatu dute. Hori dela eta, erakunde horren kontraerranak agerian emaiteko xedez, euskararen aldeko tindaketak egin dituzte UNESCOren izenean. Horrez gain, Donibane Garaziko Jondoni Jakobe atean, Baionako katedralean eta Ospitalepiako elizan erakunde horrek ezarri plakak desagerrarazi dituzte.

Manifestazio nazionala deitu dute Beskoitzeko ikastolaren alde

Manifestaldi nazionala Beskoitzeko ikastolaren alde. Seaskak eta Euskal Herriko Ikastolen Elkarteak egin dute deialdia, Beskoitzeko herriko etxearen jarrera salatzeko. Gehiengoko hautetsiak hautsi mautsi bat erdiesteari «uko egin» dakotela eta ikastola «ito» nahi dutela gaitzesten dute. Eraikin berria egiteko proiektua egungo espaziora mugatu eta ikastolak herriko azpiegitura publikoak baliatzea debekatu nahi dute. Manifestaldia azaroaren 18an izanen da goizeko 11etan.

Mendiko plana 2: ingurumena, transmisioa eta artzaintza ardatz

2023-2027 arteko mendiko plana aurkeztu du Departamenduak Xiberoan, Santa Graziko herrian. Bertan, Kakuetako arroilak bisitei irekitzeko hamairu milioiko proiektua abiatuko dela iragarri dute. Lehen planarekin, azken bost urteetan, ehun milioi euro bideratu dituzte bortuko 268 proiektu laguntzeko, oro har, sei ardatzen inguruan: mendiko pentzeetako sarbidea hobetzea; sarerako sarbidea hobetzea, artzainei laguntza gehiago ematea eta etxaldeen transmisioa laguntzea; ekoizpen-sistemak optimizatzea; bestelakotzea azkartzea; edota, artzaintz ren ingurumen nahiz turismo garapena bultzatzea.

Ehun bat laborari mobilizatu dira Baionan, FDSEAk deiturik

Laborantza Politika Bateratuaren laguntzen berantak FDSEA sindikatuko laborarien haserrea piztu du. Asteazken honetan Baionan elkartu dira laborariak, indar erakustaldi bat egiteko gisan. San Leon  biribilgunea blokeatu ondoan, suprefeturaren eta Euskal Hirigune Elkargoaren egoitzen atarian errota kautxuak bota dituzte ausarki. Ondotik ongarria eta minda isuri dute bidean. Elkargoa ere seinalatu nahi izan dute, idortearen galerei buru egiten laguntzeko Jean René Etxegarai presidenteak hitz emandako diru-laguntza ez baitute eskuratu laborariek. Orokorrean, kostuen gorakada salatu dute izan zerealak, elektrika edota erregaia gehiago zergapean ezartzea.

 

Erretretak: %5,2ko igatea ez dela aski aldarrikatu dute pentsiodunek Baionan

Frantzia mailako bederatzi sindikatuk deiturik, 50 bat erretretadun mobilizatu dira asteartean Baionan, herriko etxe aitzinean. Urtarrilaren lehenean frantses gobernuak iragarri duen pentsioen emendatzearekin ez dute bat egiten erretretadunek. Guttienez pentsioek %10 gora egin behar dutela azpimarratzen dute, bereziki inflazioaren heina segitzeko. FSU sindikatuaren erranetan, geroz eta erretretadun gehiago bizi dira pobrezia heinetik behera, hots, 1.377 euroz petik.

Ahalmen urriko haurrentzako baliabide gune berria Hiriburun

Aisialdi zentroan, haurtzaindegian edo kirol elkartean haur elbarrituak gizarteratzeko aholkuak proposatzeko baliabide gune bat ireki dute Departamenduak eta CAF familien laguntza kutxak Hiriburun. HandiRessources64 izeneko gunea Hiriburuko Elgarrekin zentroak kudeatuko du, eta hiru aholkulari enplegatuko dituzte. Familiei eta profesionalei zuzendua da, eta departamenduan zerbitzu hau eskaintzen duen gune bakarra izanik, Biarnon ere permanentziak eginen dituzte.