Hondarribiako azken saregileen haria ez dadin moztu

‘Itsasoa Josten’ bisita gidatuak antolatu ditu asteburuan Arma Plaza Fundazioak Hondarribian, herriko sare-konpontzaileen lana barrenetik ezagutzera emateko. Arrantzarako ezinbestekoa den eskulana etorkizun hurbilean "nork eta nola" eginen duen kezka piztu du sektorean. Belaunaldi berriak atzemateko zailtasunak dituzte erretretara joanen diren hamairu saregileak ordezkatzeko.

Palestinarentzako «bakea eta konponbidea» aldarrikatu dute Baionan

Gazako sarraskia salatu eta bake iraunkor baten aldeko manifestaldia izan da Baionan, joan den larunbatean. Antolatzaileen arabera, 500 pertsonatik goitik parte hartu dute mobilizazioan. Ipar Euskal Herriko hautetsi eta elkarte munduko hainbat pertsonek egin dute deialdia. Baionan egin diren azken bi deialdietan ez bezala, suprefeturaren baimenarekin mobilizatu dira, israeldarren eta palestinarren arteko elkarbizitza nahiz bakerako elkarrizketaren beharra aldarrikatuz.

Anita Lopepe: «Gaur egun abertzale izatea zer den definitzea da gure helburua»

Ondorio eta heldu diren urteetarako erronka nagusiak plazaratu ditu Bagirak. Azken hilabeteetan, mugimendu abertzalea egungo beharretara egokitzeko hausnarketa prozesua garatu dute. Orotara, 1.500 arrapostu bildu dituzte eta iritzi guzien arteko «kohesio» bat atzeman dutela erran digu Anita Lopepe EH Bai alderdiko kideak. Gogoetan parte hartu duten gehien-gehienek, Iparraldearen estatus instituzionalaren  garapena bultzatuko duen ekinbide berri bat abiaraztearen alde agertu dira. Gehien azpimarratu diren gaien artean dira, euskara, etxebizitza, klima aldaketa, borroka sozialak eta laborantzako lurren defentsa.

Emazteen babesa lehentasuna bilakatu da Atherbea elkartearentzat

Aurten, Atherbea elkarteak etxerik gabekoentzat larrialdirako leku berriak irekiko ditu. Orotara, 30 bat leku berri plantan ezarriko dituzte Baionan, Miarritzen eta Lehuntzen. Horrekin, azken urteetan, etxerik gabeko emakumeen kopurua emendatu dela dio elkarteak. Arazo horri aurre egiteko, elkarteak emakumeentzako leku kopurua handitu du eta horrekin, indarkeriaren kontrako prebentzio plana abiatu dutela azaldu du Pantxika Ibarboure, Atherbea elkarteko lehendakariak.

«Euskararen eta euskaldunon eskubideen kontrako oldarraldia bizi dugu»

Euskararen kontrako oldarraldia salatuko dute larunbat honetan Bilbon. Azken hilabeteetan, euskararen aldeko hainbat neurriren kontrako ebazpenak eman dituzte Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako epaileek. Oro har, lanpostu publikoen hizkuntza eskakizunak eta Euskal Autonomia Erkidegoko udal planaren hainbat artikulu baliogabetu dituzte. Euskalgintzaren Kontseiluak deitu manifestaldia arratsaldeko 17:00etan abiatuko da Bilboko Euskalduna jauregitik. Idurre Eskisabel Euskalgintzaren kontseiluko zuzendaria izan da Euskal Irratietako gomita.