Amikuzera mugituko da EHZ Festibala

2024ko ekainaren 28, 29 eta 30ean Arberatzen izanen da EHZ festibala. 50 gazte bildu ziren larunbatean Kanboko gaztetxean 2023ko Irisarriko azken EHZren bilduma egiteko eta 2024ko gunea hautatzeko. Bardozeren eta Arberatzeren artean izan da erabakia. Bi guneen potentziala aurkeztu eta gero bozkatzeko tenorea jin da. Eta erreski nagusitu da Arberatze. Nahiz eta Irisarriko edizioez balorazio baikorra egin duten, gune berri baten beharra azpimarratu dute, betiko filosofia eta ibilmoldeak atxikiz.

Macronek «autonomia» eskaini dio Korsikari

Korsikako asanbladaren aitzinean egin du adierazpena uhartea naziengandik askatu zenetik 80 urte bete direnean. Uhartea komunitate «historiko» eta «kultural» gisa aitortzea proposatu du, eta Konstituzioa aldatzeko prest agertu da. Autonomia hori frantses Errepublikaren barnean eraiki beharko da, eta talde politikoek sei hilabeteko epea izanen dute estatutuaren moldaketaz adostasun batera heltzeko.

Peio Etxeleku (EAJ):

 

Xabi Larralde (EH Bai):

Francis Lafargue zendu da, euskal txirrindularitzako ikurra

Txirrindularitza mundua dolutan da. Francis Lafargue lapurtarra 68 urtetan zendu da, bihotzekoak jota. Reynolds eta Banesto taldeen harreman publikoez arduratu zen 80. hamarkadan, hastapenean Frantziako itzuliaren karietara eta ondotik bestelakoetan ere bai. Ezagun izan zen ere Pedro Delgado eta Miguel Indurain txirrindulari handien manager pertsonala izan zelako. Aurten Ipar Euskal Herriko txirrindularitzaren historiaz liburua idatzi zuen Ximun Larre kazetariarekin batera. Preseski, Ximun Larre elkarrizketatu dugu Goiz Berri saioan.

Urruñan etxebizitza gehiago eraiki nahi ditu herriko etxeak

Urruñako herriko etxeak bultzatu nahi duen antolamendu-eremu hitzartuak arrangurak piztu ditu herriko auzoetan. Hirigintza plan horrek Urruña erdigunea eta periferia hartzen ditu, jada urbanizatua den eremuan etxebizitza gehiago eraikitzeko. Gainera, lehentasunez erosteko eta desjabetzeko eskumena ukanen du herriko etxeak eremu horretan. Lur jabeek aldiz salatzen dute ezinen dutela nahi duten prezioan saldu. Filipe Aramendi auzapezaren erranetan, antolamendu-eremua ez da oraino finkatua eta ikerketa bat bidean da. Urte bukaera aintzin erabakiko dute.

Idoia Rodriguez donibandarrak irabazi du aurten, EKE-Elkar literatura-beka.

Fikziozko lan bat proposatu du nerabezaroari lotua. Idoia Rodriguez irakaslea, euskara eta letra modernoetan bi CAPES ditu, 2016an 'États de crise' izeneko liburua plazaratu zuen autoedizioan. Baionako besten konkurtso literarioaren euskarazko saileko irabazlea izan da ere berrikitan. Sari horri esker 6000 euroko diru laguntza eskuratuko du eta heldu den udaberrian argitaratuko du.