Euskararen kontrako «oldarraldia» salatu du euskalgintzak

Euskara ofiziala den lurraldeetan ere, euskal hizkuntzaren kontrako eraso eta mespretxuak areagotu dira. Bereziki alor instituzionalean, herriko etxeen lan eskaintza publikoetan euskara eskakizunen kontra, eta administrazioan euskaraz jardutea ahalbidetzen duten erabakien kontrako oldartu dira hainbat epaile azken hilabeteetan. Ebazpen horiek euskara babesgabetasun juridikoan utzi dutela salatu dute euskalgintzako eragileek. Hori dela eta manifestaldi nazionala deitu dute Bilbon, azaroaren 4erako. Irati Iziar, Euskaltzaleen Topaguneko presidente berriarekin gai honetaz aritu gara Goiz Berri saioan.

Hamairu zentral hidroelektriko Iparraldean, baimenaren zai

SDOHE  Ura eta Obra Hidrolikoen Zainketarako Sinidikata, EAJko ordezkariak eta hautetsiak elkartu dira joan den ostiralean Baigorriko Xantienia zentral hidroelektrikoan, Estatuaren energia hidroelektrikoaren berritze normak zorrotzegiak direla salatzeko. Hamairu zentral hidroelektriko dira baimen berritzearen zain gaur egun Ipar Euskal Herrian.

Etxebizitza tentsiopeko gunean izateak zer ondorio ditu?

Uda bukaeran, etxebizitza tentsiopean diren herri eta hirien zerrenda emendatzeko aukera ireki du frantses gobernuak. Hastapenetik zerrendan diren Lapurdi kostaldeko 24 herriei, beste hamaika gehitzen ahalko zaizkie. Herri horietan ere, tentsiopeko guneei dagokien konpentsazio legedia ezartzen ahalko da. Baina horrez gain, ze erran nahi du tentsiopeku gunean izatea? Xehetasunak galdegin dizkiogu Goiz Berri saioan Xebax Christy Alda kolektiboko bozeramaileari.

Eskola arraberritua estreinatu dute Larrainen

Bortu aldeko eskola bakarrenetarikoa da Larrainekoa. Hamazazpi haur hartzen ditu, eta iragan ikasturtetik, euskarazko murgiltze eredua ireki dute ama-eskolan. Egoitza berritzeko 600.000 euroko inbertsioa egin dute, Hirigune Elkargoaren, Eskualdearen, Departamenduaren, Estatuaren eta herriko etxearen partaidetzarekin. Estreinaldira hurbildu dira erakunde horietako ordezkariak, horien artean, Jean Rene Etchegaray, Rene Carrique, Jean Marc Baranthol, Iñaki Etchaniz diputatua, Frederique Espagnac senataria eta Marion Aoustin-Roth Olorueko suprefeta berria. Eskolari haren babesa eman diote, nahiz eta demografia apaltzearen ondorioz lanjerean izan daitekeen. Inguruko beste eskolak Basabürüko RPIan bildurik dira.

'Perkainen itzalean': Aldude ibarreko historia, esku pilotaren haritik tiraka

Pilotak Aldudeko ibarraren ukan duen inportantzia estakuru harturik, ibarraren azken hiru mendeak kondatzen dituen dokumentala ekoizten ari da Aldudarrak elkarteak. ‘Perkainen itzalean’ izenburua hautatu dute, Juan Martin Inda ‘Perkain’ pilotari handiaren oroimenez. Ibarreko adineko herritarren ahozko lekukotasunak, argazki zaharrak eta artxibategietako agiriak biltzen dihardute. Urte baten buruan estreinatuko dute Aldude ibarreko ate irekietan. Aldudarrak elkarteko Mikel Erramuzpe izan da Goiz Berri saioko gomita.