Hirurogei enpresa baino gehiago aurten Hendaiako enplegu foroan

Enplegua sustatzeko hitzordua gaur Hendaian. Laugarren enplegu foroa antolatu dute herriko etxeak eta Laneko enplegurako laguntza zentroak. Iragan urtean zortzirehun pertsona erakarri zituen hitzordu horrek, eta aurten hirurogoi enpresa eta entitate inguruk parte hartuko dute.

Mintzaleku | Euskararen oraina eta geroa Iparraldean

«Euskarari trabarik ez! Euskarak bizi behar du!» lemapean antolatu du larunbateko manifestaldi haundia, Euskal Konfederazioak. Horren karietara eta azken inkesta soziolinguistikoan oinarriturik, Euskararen geroaz Mintzaleku berezia antolatu dugu Euskal Irratietan barda. Seaska, AEK, Euskal Hedabideak, Ikas Bi eta EEP Euskararen Erakundeko Publikoko lehendakariek eztabaidan parte hartu dute. Arrangura, erantzukizuna eta kexua hitzak atera dira nagusiki. Traba nagusiak aipatu dira, baita aterabide edo gako posibleak ere.

Euskal markaz hausnartzeari berrekin dio Garapen Kontseiluak

«Masters basque» hanburgesa atera berri du Burger King janari laster kateak. Izendapen hori justifikatzen du Ezpeletako piperra baliatzen baitu. Baina «euskal» hitzak haserrea sortu du, besteak beste, Garapen Kontseiluaren barnean. Oroitu behar da duela hogei urte «Euskal Herria» marka sortzen saiatu zirela, adosmen eskasak egitasmoa zapuztu zuen arte. Janari lasterraren multinazional horren egitasmoak eztabaida berriz piztu du, geroz eta errazkiago baliatzen delarik “euskal” izendapena produktuetan. Paxkal Indo Garapen Kontseiluko burua izan da gure gaurko gonbita Euskal Irratietan.

Euskara Geroan: «irakaskuntza elebidunak, ez ditu ikasle elebidunak sortzen»

Euskara Geroan, bigarren mailako sail elebiduneko irakasleak biltzen dituen sareak, bere kezka plazaratzen du agiri baten bidez. Euskalduntzeko helbururik ez, oren parekotasunik ez eta baldintza txarretan ari direla lanean azpimarratzen dute. «Euskararen kontrako hizkuntza politika» bat bidean dela uste dute. Larunbat honetako manifestaldira deitzen du sareak. Biga Bai, Euskal Haziak eta Euskara Geroan elkarteek gutuna idatzi diote Pap Ndiaye Frantziako Hezkuntza ministroari, sail elebiduneko ikasleek ere brebetako zientzietako azterketak euskaraz egiteko eskubidea izan dezaten.

Ehundik gora etxegabe aterpetu ditu Hendaiako CCASak iragan neguan

Hendaiako CCAS Gizarte Ekintzarako Herriko Zentroak, aurtengo neguko aterpearen bilana egin du. Karrikan bizi diren pertsonak neguko tenperatura hotzetaz babesteko xedez, hamabi ohe proposatu dituzte abendu hastapenetik, martxoa hondarrera. Orotara 104 pertsonek erabili dituzte.  Gehienak 30 eta 60 urte arteko gizonak izan dira, erdia frantses nazionalitatekoak, eta beste erdia, Afrika eta Europa osotik jinak.