Edizio honetarako 'Harro Herri' leloa hautatu dute, eta euskararen ezagutza unibertsalizatzeko beharra nabarmenduko dute. Lasterraldia Irunen hasiko da martxoaren 14an, eta Baionan bururatuko martxoaren 10an. Egun osoko besta antolatuko dute Lapurdiko hiriburuan. Aurtengo omendua Azterketak Euskaraz izanen da. Horrela, Ipar Euskal Herriko gazteek baxoa eta brebeta euskaraz iragan ahal izateko egindako borroka aitortu nahi dute. Kattina Haran-Razin Iparraldeko Korrikako langilea izan da Goiz Berri saioko gomita.
Mila familia baino gehiago eta 5.000 norbanako lagundu ditu Sokorri Katolikoak aurten, Ipar Euskal Herrian. Karitatezko erakundeak ohartarazi duenez, garraioari loturiko beharrak ere emendatu dira, bereziki barnealdean. Erregaia erosteko, ibilgailuak konpontzeko edo garraio publikoa hartzeko bonoen galdea nabarmen hazi da, eta laguntza guztien %27 dira. Bestalde, Sokorri Katolikora hurbiltzen direnen adina zahartu egin da, laguntza galdea egin dutenen %38k 50 urte baino gehiago dute; eta haurrekin diren emazte bakartuen kopurua ere sei puntuz goiti egin du azken bost urteetan, ia %22ko heineraino. Egunero banatzen dituzten gosarien kopurua bikoiztu egin da azken hamarkadan. Jon Gonzalez Epherra Baionako Sokorri Katolikoko langileak azaldu duenez, Baionako egoitzan bakarrik, aurten, 19.000 gosari banatu dituzte.
Greba eguna izanen da azaroaren 30a, Hego Euskal Herrian. Zaintza lanen eta, oro har, lanbide feminizatuetan lan baldintza hobeak galdeginen dituzte. Grebaren antolaketan parte hartu duten antolakunde feministek zaintza publiko-komunitarioaren alde eginen dute, elkar zaintza kolektiboa eta Estatuaren zaintza zerbitzuen hobekuntza uztartuz. Hegoaldeko 30 eragile sozial eta sindikalek adostutako «herri akordio» delakoa bultzatzeko baliatu nahi dute mobilizazio eguna. 23 aldarrikapen hitzartu dituzte. Ipar Euskal Herrian azaroaren 17an eta 18an grebari eta zaintza ereduari lotutako hitzaldiak antolatu dituzte. Itaia emazte sozialisten antolakundeak ere, borroka eguna deitu du lan banaketa sexualaren eta lanbideen arteko hierarkizazioaren kontra, eta zaintza zerbitzu kalitatezkoak, doakoak eta unibertsalak aldarrikatzeko. Ipar Euskal Herriko herritarrak Donostian antolatuak diren mobilizazioetan parte hartzera deitu dituzte. Ekhiñe Petriati, Denon Bizitzak Erdigunean koordinakundeko kidea:
Egoera tirabiratsua bizi dute Beskoitzeko ikastolako gurasoek herriko etxearekin. Herriko gelak baliatzeko debekuak, baimen ezeztatzeak edota jantegi publikoan bazkaltzeko mugak... Manifestaldia eginen dute larunbatean «egoera jasanezina eta euskararen kontrako erasoak» salatzeko, Seaskaren eta Ikastolen elkartearen babesean. Euskal Herriko hainbat txokotik autobusak antolatu dituzte. Mobilizazio handiaren atarian, Clemance Labrouche ikastolako gurasoa izan da Goiz Berri saioan.
230 metroko luzera, hori da munduko errekor berria lurpeko slacklinean. La Verna haitzuloa alderik alde trabeskatu dute Slackline Pays Basque elkarteko bi kidek, uhal baten gainean oreka joko ikaragarrian. La Vernako leizea Xiberoan da, Santa Graziko herrian, eta Europako lurrazpiko gela handiena da. Erronka handi horrekin, haitzuloaren aurkikuntzaren 70. urtemuga ospatu dute. Elkarteko kideak jadanik saiatu ziren leizea zeharkatzen 2016an, baina osoki zeharkatzera erdietsi gabe.