Mauleko ospitalea, zuzentze plan batera buruz

 

Xiberoako ospitalearen arazo ekonomikoak argitara eman ditu Jean-François Vinet Paueko ospitaleko zuzendari berriak. Ohartarazi duenez ARS tokiko osasun agentziak ordaindu behar izan ditu Mauleko ospitaleko berregokitze lanak, ospitaleak berak ez baitu gaitasun ekonomiko askirik. Egoera horren aitzinean, urte hondarrean suspertze plan berri bat aurkeztuko dutela iragarri du. Mauleko ospitalea «gaizki kudeatua» zela argudiatuz Oloroeko ospitaletik bereizi zen 2021eko martxoan, baina urtebetez bere kabuz ibili ondoan, Paueko ospitaleko zuzendaritzara lotu zen ekainean. Orain, lurraldeko hautetsiek Baionako edo Paueko ospitale egiturekin lotzearen abantailak aztertuko dituzte, baina Louis Labadot Mauleko auzapezak argiki erran du azken hitza berak duela, eta bere esku den guztia eginen duela Baionako ospitalearekin ez lotzeko.

Danbor hotsak Beskoitzeko Ikastolaren alde

Danborren burrunba aditu da Beskoitzeko karriketan. Hiriburu, Lekorne, Hazparne, Bardoze eta Arberoako ikastoletako ikasleek elkartasuna erakutsi diete Beskoitzeko ikaskideei danborrada zaratatsu batekin. Azken urteetan, Beskoitzeko herriko etxeak hainbat oztopo ezarri dizkio Seaskari, ikastolako ikasleek herriko kantinan bazkaltzeko, herriko gelak baliatzeko edota ikastola berriaren proiektua garatzeko. Egoera hori jasanezina bilakatu da guraso, irakasle eta ikasleentzat. Hori dela eta, ehun bat gaztetxo elkartu dira protesta egiteko, eta herriko etxearen jarrera salatzeko. Bide nabar, azaroaren 18an Beskoitzeko pilota plazatik abiatuko den manifestaldi jendetsurako deialdia luzatu dute ekimen horrekin.

Rikardo Arregi Sariaren ohorezko mugarria jasoko du Menane Oxandabaratzek

Euskarazko kazetaritza eta komunikazio sailean ekarpena egiten duten pertsonak sariztatzen ditu urtero sariketa horrek. Aurten, Menane Oxandabaratz 'Herria' astekariko erredaktorea omenduko dute, bere ibilbidea balioan emateko. Jakin behar da Euskaltzaindiaren Lexikoaren Behatokiak astekari hori erreferente gisa darabilela Ipar Euskal Herriko euskararen bilakaera aztertzeko eta hiztegigintzan ekarpen berriak egiteko. Oxandabaratz Irulegiko Irratiaren sorreran izan zen 1982an, eta 'Ez da musik' irratsaio ezaguna gidatu zuen. Urte batzuen ondotik, kazetaritza boluntariotik kazetaritza profesionalera iragan zen 'Herria' astekariaren gidaritza hartu zuelarik. Ordutik, astekaria zaharberritu eta dozenaka berriemaileen sarea atxiki du eta are gehiago zabaldu. Azaroaren 29an emanen diote Rikardo Arregi saria Oxandabaratzi Andoainen.

Sendagai eskasia: neguaren atarian, milaka sendagai hornitzeko zailtasuna

4000 erremedio hornitzeko zailtasunak dituzte ipar Euskal Herriko botikek. Neguko birusak ez dira oraino hemen, eta antibiotikoak eskuratzeko jada zaila bilakatzen ari da.  Botikarien arabera, egoera iazkoa baino okerragoa izaten ahal da, izan ere, sendagai mota gehienak eskas dira. Salmenta prezioa, ekoizpen lekua edota energiaren prezioa, hainbat arrazoi atzeman daiteke krisi berri horren oinarrian. Eskasiaren aitzinean frantses gobernuak bederazkako salmenta behartuko du neguan, behar beharrezko dosiak bakarrik saldu eta xahuketa saihesteko.

Donibane Garaziko VVF bakantza-herrixkaren salmenta ezbaian

Donibane Garaziko herriko etxeak bere jabetzako 40 etxebizitza turistiko saldu nahi lituzke, gaur egun, VVF elkarteak kudeatzen dituenak. Bizitegi horiek Maiorga gaineko bakantza-herrixkan dira. Gune horrek 11.000 metro karratuko azalera du. Etxebizitza horien alokairu-kontratuak aurki bururatuko dira, eta horretaz baliatu nahi luke Laurent Inchauspé auzapezak gune hori saltzeko. Diru sarrera handi horren bidez, herrian bestelako proiektu batzuk finantzatu nahi lituzke. Haatik, Donibane garaziko oposizioko hautetsiek epe motzeko ikuspegia leporatu diote auzapezari; izan ere, haien ustez, bizitegi multzo horrek etxebizitzaren arazoari ihardukitzeko balia litezke.