Espartinaren interpretazio gunea lau urteren buruan zabalik ikusi nahi luke Louis Labadot Mauleko auzapezak. Zentroa herriko etxearen gibelean diren eraikin hutsetako batean kokatuko dute, Ühaitza ibaiaren hegalean. Hastapenean, espartinei buruzko museoa eraikitzea zen herriko etxearen helburua, baina hiriko espartingileak kontra agertu ziren, gune horrek lehia eginen zielakoan. Labadok aurkeztu egitasmo berrian, haatik, ez da salmenta gunerik izanen, eta espartin-industriaren historia soziala ere agertaraziko dute, langileen borroka eta greba gogoangarrien oroigarri.
Supermerkatuetako ezantzategietan, erregaia bere kostuaren petik saltzea. Horixe proposatu du frantses Gobernuak ezantzaren prezioaren goititzeari buru egiteko. Abenduaren lehenetik litro bakoitzaren prezioa, gehienez, 50 zentimoz jautsi liteke. Sei hilabetez luzatuko litzateke neurria, eta banatzaile handien nahiz independenteen arteko lehia mugaraino eraman lezake, bigarren horien kaltean. Abantsu 6.000 ezantzategi biltzen dituen Mobilians sindikatuak, galduz saltzea ez dela eztabaidagarri adierazi dio Gobernuari.
Urketako eskola publikoan, murgiltze sistema plantan eman dute. Euskararen Erakunde Publikoaren protokoloaren urratsak segitu dituzte, Bordaleko Hezkuntza Ikuskaritzaren onespenarekin. Iragan irailean abiatu zituzten gogoetak, ama eskolatik lehen mailako lehen urtea bitarteko ikasleei euskara hutsean ikasteko aukera emateko. Orotara, 50 ikasle izanen dira murgiltze ereduan, ikasturte honetan. Eskola sartzea prestatzeko bilkurak egin dituzte gurasoekin, eta beste eskoletako gurasoen esperientziak ere entzun ahal izan dituzte.
Ez da bide erraza izan, eta oraino bost urte goaitatu beharko dira, baina Yves Ugalde Baionako Euskal Museoko presidenteak baieztatu du, «Xiberoan adar bat sortzeko asmo fermua du Euskal Museoak». Ondarearen etxean izanen da, baina eraikina funtzio berriei egokitzeko lan andana egitekoak dira oraino. Badu urte zenbait xede hau gogoetatzen ari direla, Xiberoan bildutako aurkikuntza arkeologikoak tokian berean erakutsiak izan daitezen. Gaur egun, materialak Baionara igortzen dira Xiberoako lurraldean ez baita horiek zaindu eta aztertzeko gunerik. Egitasmoa programazio fasean da; elkarte eta interesa duten eragileekin lankidetzan dihardute, eta arkitektoekin urte eta erdiko lana dute oraino egiteko. Egokitze lanak burutzeko 18 hilabete beharko dituzte. Departamenduaren eta Akitania Berria eskualdearen babesa bildu dute, eta beranduenik, 2029an irekiko da.
2013ko 'Alternatiba' egunetik hamar urtera, 10.000 pertsona bildu nahi ditu Bizi mugimendu ekologistak bi egunez Baionan. ‘Euskal Herria Burujabe’ topaketak antolatu ditu urriaren 7tik 8ra, lurralde iraunkor, solidario eta burujabe baten aldarrikatzeko. Orotara berrogei konferentzia inguru izanen dira bi egun horietan, animazio franko Baionako karriketan, eta 150 bat elkarte edo eragileren erakus-mahaiak. Euskal Herria eta Frantzia osoko ordezkariak goaitatzen dituzte.
- Izaskun Bilbao: «Europan euskara hizkuntza ofizial izateko borondate politikoa behar da»
- Iparraldeko haurtzaindegien %5ak bakarrik bermantzen du euskarazko murgitzea
- Bi film aurkeztuko ditu Josu Martinezek Donostiako Zinemaldian
- Googlek bilaketa-sistema aldatu du, euskarazko edukia ez dadin baztertua izan