Bihartean, mugaz gaindiko merkataritza ganbarak koordinatzaile berria du. 2010ean sortua, Biharteanek Nafarroa, Gipuzkoa eta Baionako merkataritza ganbarak biltzen ditu. Orain, Joan Blancok kudeatuko du hiru lurraldeen arteko harremana. Helburua du hiru eskualdeetako enpresen arteko harremanak indartzea eta haien arteko aholkularitza egitea. Sortu zenetik 500 enpresa lagundu ditu. Joan Blanco izan da gure Goiz Berri saioko gomita.
Geroz eta ardi-esne gutxiago ekoizten da Ipar Euskal Herrian. Iaz 65 milioi litro ekoitzi ziren Departamentuan, 2021ean baino %5 gutxiago. Gaur egun, 1.200 ekoizle inguru dira Iparraldea eta Biarno artean, eta denak ordezkatuak dira Departamenduko ardi-esnearen elkarte interprofesionalean. Inflazioaren eraginez, ekoizpen kostuak emendatu dira, eta horrek gasnaren prezioa ere igan du. Aurten, ardi-esne litroaren prezioa zein izanen den ez da argi, baina goiti eginen duela aitzinikusi daiteke. Beñat Saint-Esteben Berria kooperatibako presidentea eta elkarte interprofesionaleko ordezkaria elkarrizketatu dugu Euskal Irratietan:
Glifosatoa baliatzeko 10 urteko luzapena babestu du Europako Batzordeak. Herbizida gisa munduan gehien baliatzen den produktu kimikoa da, eta potentzialki minbizi sortzaile izateagatik ezaguna da. Halere, Europako Elikadura Osasunaren Agentziak ez omen du arriskurik atxeman eta haren baliapena luzatzearen alde agertu da Europako Batzordea. Elkarte ekologistak kontra agertu dira, bistan dena. Urriaren 13an bozkatuko dute Europar Batasuneko Estatu kideek, eta Marc Fesnau laborantza ministro frantsesak adierazi duenez, Frantziak Glifosatoa baimentzearen alde bozkatuko du. Tomas Erguy Biharko Lurraren Elkarteko koordinatzaileak bere arrangurak azaldu ditu Goiz Berri saioan.
Ossau Irati sor-markaren arautegia arindu nahi luke FDSEA sindikatuak. Hori dela eta, lehen aldiz, Biltzar Nagusian ordezkaritza izateko hautagai zerrenda aurkeztu du, ELB sindikatukoaren parean. Urriaren 27a aitzin, sor-marka osatzen duten hiru familiak elkartuko dira. Laborariek aste honetan hautatuko dituzte beren ordezkariak Garazi-Baigorrin, Iholdi-Amikuzen, Xiberoan eta kostaldean. Garazi-Baigorriko bilkuran, FDSEA nagusitu da 96 bozkarekin eta ELBk 62 erdietsi ditu. Urriaren 5ean ekoizle eta gasnategien taldea bilduko da Urdiñarben; esne erosle eta bestelakotzaileak, aldiz, urriaren 27an Biarnon.
Louis Bizkaixipi (FDSEA):
Jerome Etxeleku (ELB):
Lan kontratua, opor ordainduak, lan geldialdiak… Zuen paga fitxa ulertezina iruditzen bazaizue, Xuti Gazte antolakundeak eta LAB sindikatuak elkarlanean sortu dute 'Langile gazteon gida'. Helburua da gazteek, haien oinarrizko eskubideak ezagutu ditzaten lan munduan lehen pausuak egiterakoan. Jakinez gazteen lehen kontratuak prekarioak izan ohi direla: ikastaroak, kontratu mugatuak edo denbora partzialekoak. Gida horrek «borrokatzeko tresna» izan nahi duela azpimarratu dute bi eragileek.