Unibertsitate ikasketak azkartze bidean Iparraldean

Liburu berria aurkeztu du Eguzki Urteaga soziologoa eta Iparraldeko Eusko Ikaskuntzako lehendakariak: “La politique d’enseignement supérieur au Pays Basque” (L'Harmattan argitaletxea). Lan honen bidez Ipar Euskal Herrian campus propioa garatzeko jorratu den ibilbidea aztertu du Urteagak. Bere erranetan, UPPA Paueko eta Aturrialdeko Unibertsitateak, eta Euskal Hirigune Elkargoak, bakoitza bere aldetik, bide paraleloak egin dituzte erronka horri ekiteko. UPPAk 4.000tik 8.000 ikaslera emendatu nahi ditu Baiona eta Angelun dituen kanpusetako ikasle kopurua. Horretarako, 30 milioi euroko aitzinkondua ukanen du egitasmo hau burutzeko. Hirigune Elkargoak bere aldetik, 2025 urterako, 10.000 ikasle nahi lituzke goi ikasketak egiten. Horretarako ikasketa eskaintza handitzea eta lurralde orekari buru egitea nabarmendu dute. Hori dela eta, Xiberoan, erraterako, hiru urteko diplomatura bultzatuko du, UPPA-rein batera. Gaian sakontzeko parada eskaintzen du Eguzki Urteagaren azken lan honek.

Xiberoako osasun langileen batzordea desegin da

Joan den abenduan hartu zuten deliberoa, kide eskasia eta kideen denbora eskasak eraginik. Azken urteetan egoerak hobera egin du Atharratze eta Barkoxen, haatik mediku eskasa nabari da oraino Maule-Lextarren. Preseski, mediku horiek ziren Xiberoako osasun langileen batzordearen eramaile nagusiak. 2019an sortu zuten, eta hirurogei partaide biltzera iritsi ziren. Desegiteko deliberoa iragan urte hondarrean hartu zuten, eta hilabete honetan, ororen buru, elkarteko hiru idazkariek beren tokia utzi dute. Max Dalier farmazialari ohia eta batzordeko azken arduradun izandakoa:

Europak «eko-erregimenak» bultzatuko ditu, NPB-ren laguntzekin

Europar Batasunak, Nekazaritza Politika Bateratuaren bidez, laborariei dirulaguntza garrantzitsua eskaintzen die, eta 2023-2017 eperako, aldaketa andana zehaztu ditu. Bi aldaketa nagusi aipatzearren, 'laborari aktibo' deritzonak bakarrik galdegiten ahalko dute laguntza, eta ondorioz, erretretan diren laborariak NPB-tik kanpo geldituko lirateke. Bestetik, 'eko-erregimen' delakoen figura sortu dute, eta zuzeneko ordainketen aurrekontuaren % 25, gutxienez, erregimen ekologiko horiei emanen zaie. Helburua litzateke klima eta ingurumena errespetatzen dituzten laborantza-jarduerei pizgarri handiagoak ematea. baita animalien ongizatea hobe zaintzen dutenei ere. Apirilaren lehenetik, laguntzen eskaerak www.telepac.agriculture.gouv.fr webgunearen bidez egin daitezke jada. Gaiaz mintzatu gara David Etxekopar Barkoxeko laborariarekin.

Ordenagailu zaharberrituak saltzeko kooperatiba, Etxepare lizeoan

Ilargi Kooperatiba sortu dute merkataritza saileko bi ikaslek Etxepare lizeoan. Helburua? Merkataritza zirkularra sustatzea, ordenagailu zaharrak berriz salduz, ahalmen urriko familiei. Hortarako Bilboko Elkartenet elkarteak emandako hamaika urteko ordenagailu zaharrak berreskuratu dituzte. Elkarnetek, Txikilinus logiziel edo programa instalatu die, haurrei zuzendua eta euskaraz. Orain Etxepareko ikasleen ahalegina haien saltzea izanen da, Herri Urratseko haurren xokoan atzemanen dituzue. 

Animus anima, Maialen Errotabehereren disko berria

Generoaren gaia ardatz harturik, hamaika kantu bildu ditu Maialen Errotabeherek, Animus Anima deitu duen bere estudioko laugarren lanean.Animusa oharkabeko arketipo bat da, emazteek gizonen inguruan duten irudi gisa agertzen dena, edo emazteek barnean duten izate maskulinoa biltze duena. Anima, aldiz, gizonek emaztei buruz duten oharkageko irudia, edo gizonek bere baitan duten alderdi femeninoa litzateke. Artista lapurtarrak aspalditik zuen gai hori lantzeko gogoa; hain zuzen, lan berri horretaz baliatu da, beste artista eta autore batzuekin gaiaz hausnartzeko. Hala bada, hainbat artisten parte hartzea ukan du, kantuen letrak idazteko. Horien artean dira: Maddi Zubeldia, Xabaltx, Itxaro Borda, Rebecca M’Boungou, Odei Barroso, Argitxu Errotabehere, Txuma Murugarren edo Aguxtin Alkhat.