Ahateak hegazti-gripearen kontra txertatu behar dituzte hazleek

Iragan astelehenetik hegazti-gripearen kontra txertatu behar dira ahateak. Irailaren 15aren ondotik sartu diren ahate guztiek bi dosi errezibituko dituzte. ELB sindikatuko hazleak arranguratuak dira hainbat punturen gainean: lan zama, gastu gehigarriak eta txertoaren eraginkortasuna. Aurten, Frantziako Gobernuak kostuen %85 beregain hartuko du, baina ondoko urteendako ez da deus ziurtaturik. Horrez gain, ELBkoek salatzen dute tropa garraioek segituko dutela udan, eta kasik segur dela eritasuna berriz agertuko dela.

Bizitegi hutsen gaineko zerga berri bat ezarriko du Elkargoak

Mublatu gabeko etxebizitza hutsen jabeek zerga berezi bat ordaindu beharko dute. Hala erabaki dute hautetsiek, Euskal Hirigune Elkargoaren bilkuran. 2024tik goiti ezarriko da neurria indarrean bi urte hutsik daramaten etxebizitzetan. INSEEren arabera, 12.000 bizitegi huts dira Ipar Euskal Herrian, bizitegi parke osoaren %5a. Neurri horrekin etxebizitza horie merkatura edo urte osoko alokairura bideratu nahi dituzte. Araua eztabaidarik gabe onartu da eta bost hautetsik baizik ez dute kontrako bozka eman.

1.500 ikasletik goiti ikasiko dute ikasturte honetan Iparraldeko AEK-n

Aste huntan eginen du sartzea AEK Alfabetatze Euskalduntze Koordinaketak. Izen emaiteei buruzko datu zehatzak urri bukaeran aterako dituzte, baina, iaz baino ikasle gehiago izanen direla badakite. Iaz 1500 bat ikasle izan ziren Ipar Euskal Herriko euskaltegietan, gaueko kurtsoak eta ikastaldi ezberdinak segitzeko. Hala ere, eremu batzuren estaltzeko, baliabide gehiago beharko lituzke AEKk, adibidez Bardoze, Hiriburu, Lehuntze edota Xiberoan. Egiazko hizkuntza politika bat plantan ezarriz baizik ez dituela helburu guztiak betetzen ahalko AEKk, erranen digu Ihintz Oliden Ipar EHko koordinatzaileak. Goizberriko gomita izanen da 8etatik goiti.

Lapurtarren Biltzarra ospatu da iragan igandean

Lau karro izan dira aurten Lapurtarren Biltzarrean. Hiru karro, egia erran, Baionako bestetaz, Uztaritze lo egiteko herria izatea salatzeko eta Lapurdi ez dela salgai aldarrikatzeko. Eta laugarren bat, Lapurtarren Biltzarreko kideek beraiek egina, bi pertsona kamioi batean mutur banderola batekin “aperoan jende gehiago karroetan baino – 1000 aldarrikapen baina nehor ez da mugitzen”. Urtero bezala, trikitilari, zigante eta gaiteroek lagundu dituzte karroak bertsolarien kritikekin artetik. Ondoko urterako karro gehiago motibatuko direnaren esperantzarekin bukatu da aurtengoa.

Amikuzera mugituko da EHZ Festibala

2024ko ekainaren 28, 29 eta 30ean Arberatzen izanen da EHZ festibala. 50 gazte bildu ziren larunbatean Kanboko gaztetxean 2023ko Irisarriko azken EHZren bilduma egiteko eta 2024ko gunea hautatzeko. Bardozeren eta Arberatzeren artean izan da erabakia. Bi guneen potentziala aurkeztu eta gero bozkatzeko tenorea jin da. Eta erreski nagusitu da Arberatze. Nahiz eta Irisarriko edizioez balorazio baikorra egin duten, gune berri baten beharra azpimarratu dute, betiko filosofia eta ibilmoldeak atxikiz.