Mattin Aiestaran: «Burdin Aroko herrixka baskoien gainbehera erakusten digu Irulegik»

Uda honetan Irulegi mendian egindako hiru hilabeteko indusketa kanpainak baskoien bizimoldearen inguruko informazio gehiago eskaini ditu. Aranzadi zientzia elkarteak egin ditu ikerketa lanak. Besteak beste, agerian eman du erosteko ahalmena zuen gizarte bat zela, erromanizazioa prozesuan zena. Haatik, Kristo aitzinetik I. mendean jasan erasoaren ondorioz herrixkatik kanporatuak izan ziren. Atzemandako eraikuntza teknika eta arrastoei esker, Mediterraneoko gizarteekin hartu-emanak zituztela ikus daiteke, bereziki Erromatar inperioarekin. Irulegiko eskua atzeman zenetik bi mila bisitari baino gehiago hurbildu dira Iruñea ondoko mendixka honetara. Gaiaz gehiago sakondu dugu Mattin Aiestaran aztarnategiko zuzendariarekin Goiz Berri saioan.

Plazandere: Mendialdeko emazteak balioan emateko proiektu deialdi bat

Baserrialdean emazteen lekua eta ikusgarritasuna bultzatuko duten proiektuak proposatzeko momentua da. Euskal Hirigune Elkargoak 'Plazandere' izeneko proiektu deialdia abian eman du. Euskal mendialdean kokaturiko edozer egitasmo diruz laguntzea proposatzen du Elkargoak. 100.000 euroko laguntza banatzen ahalko du orotara. Berdintasunaren alde, bortizkeriaren kontra edo emazteen rola argitan emanen duten proiektuak proposatzea da xedea. Deialdia elkarte, sindikatu, enpres, eta egitura kolektiboei zuzendua da irailaren 30a arte.

Xuhito CUMA: Haragi-tranformatze lantegi berri bat Lartzabalen

Haragi ekoizpenen etapa guziak laborarien esku. Anhauzen kokatua den Xuhito CUMAk, lantegi berri bat ireki du Lartzabalen, haragia bestelakotzeko. Gaur egun, 30 laborari biltzen ditu laborantza materiala partekatzeko kooperatiba horrek. Orain, Larzabaleko lantegi berria baliatzen ahalko dute, haragizko produktua, hastetik buru, ekoizteko. Euskal Hirigune Elkargoaren laguntzarekin garatu dute proiektua, eta espero dute kide berriak erakartzea. Bilkura publikoak antolatuko dituzte ondoko egunetan. Betti Duhalde Xuhito CUMAko kideak lantegi berria eraikitzearen zergatia azaldu digu Euskal Irratietan:

Hamabi ikaslek parte hartuko dute 'Kazetaritza euskaraz' programan

Ipar Euskal Herrian kazetari euskaldunak sortzeko programa abian da. Hamabi parte hartzaileek Iparraldeko hedabide euskaldun edo elebidunetan lan eginen dute, eta unibertsitatean kurtsoak jasoko dituzte. Horrela, bi urteren buruan, kazetaritza diploma jasoko dute. Kazetari euskaldunen falta baitzen, diploma horren sortzea erabaki zuten Euskararen Erakunde Publikoak, UPPA Paueko eta Aturrialdeko Unibertsitateak, EHU Euskal Herriko Unibertsitateak eta IJBA Bordele-Akitania Kazetaritza Institutuak. Ikasle-aprendizek bi urteko profesionalizazio-kontratu bat izenpetuko dute hebabide batekin eta IJBA-rekin. EEP erakundeko Ibai Agirrebarrena izan da Goiz Berriko gomita.

Hasi da Euskal Herriko zinema hitzordu nagusia, Donostian

Ostiralean hasi zen Donostiako Zinemaldiaren 71. edizioa. Zortzi egunez 232 filma emanen dituzte, horietatik 57 estrainekoz. Igandean, 'Sultanaren Ametsa' animaziozko filma aurkeztu zuten sail ofizialean. Euskal, espainiar eta alemaniar koprodukzioa da, eta 1905ean Bengalen, Bangladeshen idatzitako ipuin feminista batean oinarritua da. Bertan, emazteek kontrolatzen zuten jendarte bat imaginatzen zuen Begum Rokeya idazleak. Filman, gaur egungo neska gazte euskaldun bat Bangladeshera doa, idazlearen aztarnei jarraika bere ametsa ulertzeko. Urrezko maskorra lortzeko lehian da Isabel Hergueraren filma. Euskara, ingelesa, gaztelera, italiera, hindia eta bengaliera naturalki nahasten dira filma horretan. Preseski, Miren Arrieta aktore gazteak jartzen dio ahotsa protagonistari euskaraz, gazteleraz eta inglesez.