Berriz epaituko dute ostiralean Pinar Selek soziologo turkiarra

Pinar Selek soziologo frantses-turkiarraren kontrako enegarren auzia iraganen da ostiral huntan Istanbulen. 1998tik, Pinar Selekek jazarpen judiziala pairatzen du Turkiar justiziaregatik. Urte hartan, Istanbulen gertatu leherketa bat leporatzen diote. Geroztik, kondenen eta hobengabetzeen ondotik, azkenean atxilotze aginduen mehatxuan bizi da Frantzian. Ostiralean bere sustengu komiteko kideak hurbilduko dira Istanbulera. Pinar Selek bera Parisen egonen da. Auzi saioa berriz gibelatzen ez badute, bizi osoko kondena arriskatzen du.

Zendu da Mixel Oronoz euskaltzale handia

Mixel Oronoz euskaltzale, idazle eta apeza zendu da 88 urtetan Baigorrin. Euskal Konfederazioko presidente izan zen urteetan. Bere bizian zehar hainbat lan idatzi zituen Euskal Pizkundeari buruz edota Iparraldeko Elizak hartu duen bide 'integrista' eta Marc Aillet Baionako apezpikua kritikatuz. Asteazkenean izan da erraustua Akizen; eta bere azken gogoei segika, bere hurbilekoek intimitatean eman diote azken agurra, ekitaldi laiko batekin.

Baigorrin filmatutako 'Bizkarsoro' filma estreinatu da Donostiako Zinemaldian

Josu Martinezen 'Bizkarsoro' luzemetrai berria estreinatu zen atzo arratsean Donostiako Zinemaldian. Euskal zinea biltzen duen Zinemira sailaren barnean aurkeztu zuten, publiko zabalaren aitzinean. Azken bost urteetan filmatu dute lan hau Baigorrin, eta aurkezpenean bildu dira bertan parte hartu duten 50 heritarrak. Azken mendean euskararen zapalkuntza, desagertzea eta berpizkundea ditu ardatz filmak, Bizkarsoro izendaturiko fikziozko herrian kokaturik.

Euskararen alde eragiteko egitasmoa plazaratu du Plazara elkarteak

Plazara proiektua aurkeztu dute asteartean, Azkainen. Euskararen inguruko mediazioa, sentsibilizazioa eta motibazioa azkartzeko tresna izan nahi du. Momentuz atxikimendu kanpaina abiatu dute, eta 43tik mila bidelagun izaitera iragan nahi dute. Abenduan biltzar nagusia eginen du Plazarak eta bertan, elkarte egituratik kooperatiba bat izatera pasatzea aitzinikusten dute. Xan Aire, Plazarako kidea izan da Goiz Berri saioko gomita.

'Haize leizean' eleberri ilustratua argitaratu dute Elise Diletek eta Antton Hariñordokik

Iparraldeko nerabeei zuzendu eleberria sortu berri dute Elise Dilet eta Antton Hariñordoki idazleek. Kontakizuna Ainize Butronek egin marrazkiez ilustraturik da. Lana nafar-lapurteraz idatzi dute, tokiko gazteei irakurtzeko gogoa pizteko xedez. Hamabi urtetik goitiko irakurleei zuzendua zaie liburua eta adin horretako galdezketak ditu mamian. Eleberria historiaurrean kokatua da, eta Haizea nerabe bakartiaren abenturak kondatzen ditu.