Kalakaño, haurtzaindegietan euskara hedatzeko ekinbidea

Euskal Hirigune Elkargoak urtean zehar haurtzaindegi euskaldunei ekartzen dien laguntzaren erakusleihoa da Kalakaño. Haurtzaindegiek ezinbesteko eginkizuna dute euskararen transmisioan, horregatik kolektibitateak haurtzaindegi euskaldunen sarea egituratzen laguntzen du LEHA lehen haurtzaroaren euskarazko harrera dispositiboaren bidez, besteak beste, euskara ikasteko formakuntzak langileei proposatuz. Kalakaño, euskarazko lehen haurtzaroaren hitzorduaren aurtengo edizioaren karietarat apirilaren 22tik maiatzaren 5era, 30 ikusgarri eta tailer inguru eskainiko dira hainbat haurtzaindegietan. Apirilaren 23an igandearekin familien eguna, hitzorduak: Baionan, Bardozen, Lakarran eta Maulen.

Sarasua bertso-paper lehiaketaren sari-banaketa Ziburun, igande honetan

Aitor Sarasua bertsolari zenaren omenez sortu bertso-paper sariketaren bigarren edizioa egin berri da. Sari banaketa apirilaren 23an eginen da Ziburun, Baltsan elkartearen egoitzan. Ondotik 13:00etan bertso bazkariarekin segituko du egunak, Maialen Lujanbio eta Iker Zubeldia entzungai izanen dira. Bestalde maiatzaren 6an Azkainen jokatuko da Gazte Xilabaren lehen kanporaketa eta finala Itsasun maiatzaren 28an. Gai emaileendako formakuntza bat ere eginen da ekainaren 3an Senpereko Larraldean Amaia Aguirrerekin.

Gure Eskuk nazioarteko konferentzia antolatu du bihar Irunen

Euskal Herriak bere burujabetza ukan dezan lan egiten du Gure Esku plataformak azken hamar urteetan. Urteurrenaren kari, nazioarteko konferentzia antolatu du apirilaren 22an, Irun eta Hendaia arteko mugan den Fikoba aretoan. Irlanda, Eskozia, Katalunia, Galizia eta Euskal Herriko hizlariak izanen dira. Ficobara dei egitearekin batera, egun berean Euskalgintzak Azterketak Euskaraz! Euskarari Trabarik ez! lelopean deitutako manifestazioarekin bat egin du Gure Eskuk.

Bizi berri bat Donaixtiko San Mixel eskola ohiarendako

Bizi berri bat Donaixtiko San Mixel eskola ohiaren eraikinarendako. Herriko etxeak 19.000 eurotan eskuratuko du EPFL egituraren laguntzaz. Bertan, sei etxebizitza sozial, balio anitzeko gela bat, dantza errepika gela handi bat eta enpresa mintegi bat sortu nahi lukete. Horretarako hiru milioi euroko aitzinkondua beharko dutela neurtu dute. Oraino diru-laguntzen beha badira ere, erakunde desberdinek haien engaiamendua baieztatu dute. 2026rako prest dela uste du Andre Larralde Donaixtiko auzapezak.

Bikote hetero-normatua deseraikitzeko hitzordua

Maitasuna eta patriarkatua ildo ukanen dituen lehen festibal feminista antolatzen du PAF-ek Baionan. Loverdose festibala maiatzaren 19tik 21era irganen da eta hiru egunez, maitasun erromantikoaren irudia hausten saiatuko dira parte hartzaileak. PAF talde feministak hamabost hizlari eta pentsalari gonbidatu ditu hortara, hauen artean: Irantzu Varela, Tal Madesta edo Elisa Rojas. Baionako leku desberdinetan iraganen da festibala, eta larunbat gauean antzerkia, Altxalili queer-kabaretea eta kontzertuak izanen dira.