Izenak badu itsura ekologikoa, ez alta mamiak. Europa «deskarbonizatu» nahi duen E-CHO makro-proiektuak elkarte ekologisten arrangura piztu du. Zuberoako mugatik hurbil den Lacq herrian, «erregai berdea» ekoizteko lantegia ezarri nahi du Elyse Energy enpresak. Hegazkinei, itsas garraioari eta industriari bideratua izanen den 50.000 tona e-metanol eta 87.000 e-biokeroseno ekoitziko dituzte, Biarnoko eta Ipar Euskal Herriko oihanetako egurra ustiatuz. Proiektuaren kontra altxatu direnen arabera, 14.000 hektarea oihan litzateke Elyse Energyren ustiapenaren mehatxupean, bakarrik lehen bost urteetan. Euskal Hirigune Elkargoa dudakor agertu da E-CHO proiektuarekiko. Joan den abenduaren 12an, gutuna igorri zioten Departamenduko prefetari Jean René Etxegarai lehendakariak eta Martine Bisauta hautetsiak. Azaldu zutenez proiektuak ez luke bat eginen oihanen kudeaketaz Euskal Hirigune Elkargoak dituen xedeekin. Kari horretara, ondoko egunetan biltzekoak dira prefetarekin.
Baionako Etxepare Lizeoko arlo profesionaleko animazio saileko leheneko 13 ikasleren proiektua segitu dugu hurbiletik. Sendabelarrak ezagutzen ikasi dute eta horiekin zer egin daitekeen landu dute. Krema edota ukendu desberdinak prestatu dituzte, ondotik Baionako EHPAD edo zahar etxeetan masajeak eskaintzeko bertan bizi diren adineko pertsonei.
Urruña, Donibane Lohizune, Ziburu eta Hendaiak hamar hitzorduko egitaraua osatu dute. Mintzaldiak, tailerrak, ikusgarriak eta formakuntzen bidez, euskarazko irakaskuntzaren onurak argitan emanen dira. Guraso euskaldun edo erdaldunei, euskara ikasten duten haurrei edo ez… denei irekiak da gomita. Kike Amonarriz, Xan Aire, Elorri Garat, Michel Feltin-Palas edo Paula Kasares soziologo nafarra mintzatuko dira. Zergatik euskara transmititu? Zergatik nerabeek ez dute gehiago euskaraz hitz egiten? Zertarako balio du euskaraz mintzatzea? Usaiako arrangura eta galderei arrapostua ematen saiatuko dira bi aste hauetan. Lehen hitz ordua martxoaren 15ean izanen da Ziburun, Plazara kolektiboak gurasoei euskara deskubrimentu tailerra proposatuko die. Herriko etxeen tendentzia politikoen gainetik, euskararen defentsaren gaiak adostasuna lortzen duela azpimarratu dute lau auzapezek.
Mugimendua izan da larunbatean, Euskal Hirigune Elkargoaren biltzar osoaren karietara. Ipar Euskal Herriko Emisio Ahuleko Gunearen kontrako kolektiboa eta Motodunen federakuntzako kideak han ziren beren haserrearen berri emateko, Tarnosetik Hendaiaraino, ibilgailu zaharren baztertzeko erabakiaren kontra. Hautetsiek berriz eztabaidatu dute eta delibero horren alde berriz bozkatu 96 alde, 47 kontra eta 64 abstentzio. Testua arraikusi dute, malgutasun gehiago ezarriz. Erabakiaren aplikatzea ekainaren lehenera gibelatu dute ere Horrez gain, Xiberoko hazleen sustenguz mozio bat ere onartu dute hautetsiek. Tuberkulosiari buru egiteko urratsetan direnean Xiberoko hamabost bat etxalde. Laborariek kabalen hiltzeko protokola gogorregi dela diote.
Aurtengo lehen libertimendua eman zen atzo Donapaleun. Denak gain azpika ezartzeko garaian Amikuzeko zirtzilek ez dute huts egin. EHZ festibalaren edizioa Arberatzen, Donapaleuko istorio politikoak edota laborantzako gorabeherak haien moldean agertu dituzte, umore handiz eta behako zorrotzarekin. Arrakasta izan du aurten ere Donapaleuko libertimenduak. Bertsolari, dantzari eta soinulari, ikusleek plazer hartu dute. Burgaintzi taldekoek dantza berriak ere atera dituzte egun horretako.
- Ossau-Irati sor-markaren araudia arintzeko galdea aztertuko du INAOk
- Miarritzeko euskal ihauteriak berpiztu dituzte tokiko elkarteek
- Behi tuberkulosia: Kabala-ehaite «zentzugabeak» saihestuko dituela hitzeman du prefetak
- David Gramond: «Gizartea beldurrarazteko baliatu zuten tortura, militantziari uko egiteko»