Bihotzak askatzen ari dira, ikastetxe pribatu katolikoetako ikasle ohien artean. Betharrametik Uztaritzera, bortizkeria jasan duten ikasle ohiak biderkatzen ari dira. Sare sozialetan, Uztaritzeko San Frantses Xabierretik pasatu diren 30 bat ikaslek bat egin dute talde batean, eta biktima batzuk lekukotasunak ematen hasi dira. Horien artean da Cyril Ganne. Bederatzi urterekin sartu zen Uztaritzeko San Frantses Xabier kolegioan. Joan den otsailaren 17an, ikastetxearen kontrako salaketa pausatu zuen «bortxatze, tratu-txar eta kolpeengatik». 1983an, CM2 klasean zelarik beste ikasle zaharragoengandik jasandakoa kontatu digu: «Ikasle batek bere belaunen gainean etzan ninduen, tripa gainean, eta behatzak sartu zizkidan denen aitzinean. Ondotik homosexuala deitzen zidaten. Horrez gain, beste ikasleengandik bortizkeriak eta lapurretak ere jasan nituen». Bere erranetan Uztaritzeko ikastetxeak begiak hetsi zituen. Ondotik hamalau urterekin, Betharram ikastetxean ere bortizkeria jasan zuen: «moralaren kontrako hezkuntza batean hezi gaituzte, hain handia zen bortizkeriaren lekua».
'Gaua' film berria grabatzen ari da Paul Urkixo zinema egilea. 'Irati' edo 'Errementari' filmen ondotik, film luze fantastiko berriarentzat Artikutzan, Gipuzkoa eta Nafarroa arteko mugan egin dituzte grabaketa batzuk, toki egokia baita gisa horretako eszenak grabatzeko. Sorginen eta beste mitologiako gaueko hainbat pertsonaiei ematen die bizitza errealizadoreak 'Gaua' lan berrian.
Bordale Montaigne unibertsitatean euskara ikasteko parada ireki da. Heldu den irailetik goiti LEA Hizkuntza Aplikatuak izeneko lizentzia berri batek irekiko ditu ateak. Ingelesa, Euskara eta Espainola ikastea proposatuko zaie lehen urteko ikasleei. Zazpi eta hamar orenez astean euskara ikasten ahalko dute. Denei irekia zaie saila, ondotik merkataritza, turismoa edo komunikazioan lan egiten ahalko dute ondotik, edota ikasketekin segitu. Denbora berean, irailean beti, Parisen, Sorbonne Nouvelle Unibertsitateak euskara eta euskal kulturaz ikasteko aukera emanen die lizentziatuei, Iberiar penintsulako eskualdeko hizkuntza eta kulturen berezitasunaren barnean.
Urrezko hamaika domina ekarri dituzte euskal ekoizleek Parisko laborantza saloitik. Xarkuteria sailean erdietsi ditu Iparraldeak bere urrezko domina gehienak: Elizaldia etxaldea (Gamarte), Aubard xarkuteria (Baiona), Les Acacias etxaldea (Ahurti), Hoberena (Ligi-Atherei) eta Jara Xolan (Azkarate). Edarietan Hazparneko Bob's Beer eta Irulegiko sotoa izan dira urrezko sariztatuak. Garagardo egile hazpandarrak brontzezko beste bi domina ere bildu ditu, eta ardogile baigorriarrak zilarrezko eta brontzezko domina bana. Esnekien sailean, Agour (Heleta), Onetik (Makea) eta Etxaldia (Aldude) enpresak izan dira sariztatuak. Zilarrezko bederatzi eta brontzezko hamasei domina irabazi dituzte euskal ekoizleek Pariseko saloian.
«Ipar Euskal Herria gaztez odolusten ari da». Sail berriak sortu goi-mailako ikasketetan, etxebizitza sozialak egin gazteentzat edo aisialdia euskaraz bermatu… Hamabost proposamen konkretu egin ditu Xuti Gazte ezker abertzaleko gazte antolakundeak. Liburuxka bat plazaratu dute gazteak hunkitzen dituzten bost gai zehaztuz: goi mailako ikasketak, etxebizitza, euskara, garraio publikoak eta lan baldintzak. Xuti Gazte ohartu da urtean hirurehun gazte galtzen dituela lurraldeak, Ipar Euskal Herria ez baita aski erakargarri haientzat. Proposamen konkretuetan bereziki euskararen normalizazioaren alde Xuti Gaztek dio euskal hiztunak behar direla administrazio publikoetan, murgiltze ereduaren hedatzea edota gazteen aisialdiak euskaraz bermatzea.
- Sarako Izarrako pilota hezitzaile bat sexu jazarpenagatik akusatua
- Gobernantza krisia zapartatu da Iparraldeko Eusko Ikaskuntzan
- Eneko Gorri: «Haur eta gurasoen euskara gaitasuna hobetzea eta hizkuntza usaiak aldatzea dugu xede»
- Hizkuntza gutituen digitalizazioa bultzatuko du Linguatec-AI egitasmoak