Ossau-Irati sor-markaren araudia arintzeko galdea aztertuko du INAOk

Ossau-Irati sor-markako arduradun berriak araudia arintzeko galdea egin zion INAO erakundeari. Frantziako sor-marken araudiaz arduratzen den egiturak, momentuko, ez du ezezkorik eman eta galdea aztertzeko zehaztasun gehiago behar dituela azaldu die Ossau-Iratiko arduradunei. Xehetasun horiek biltzeko, Urdiñarbeko ardien inseminazio zentrora hurbilduko dira datozen hilabeteetan. Hiruzpalau puntu nagusi azpimarratu ditu INAOk: sor-markaren eremuz kanpoko bazka baliatzeko aukera, bazkaren kalitatea eta ardien esne ekoizpen kantitatea. INAOko batzorde iraunkorrek dituzte araudiei buruzko iritziak ematen; batzorde horiek beste sor-marketako profesionalek osatzen dituzte, eta Ossau-Iratiren galdea ez da oraindik pasa haien aitzinetik. INAOko zerbitzuek eginen dute aitzin azterketa.

Miarritzeko euskal ihauteriak berpiztu dituzte tokiko elkarteek

Hamarkada batez lokarturik izan ondotik, otsailaren 22an iratzarriko dute hartza Miarritzen. Festilasaik, Arroka elkarteak, Maritzuli dantza konpainiak, Gaztetxeak eta Ikastolak bat egin dute, aurten, programazio berezi bat eskaintzeko. Otsailaren 22an desfile bat proposatuko dute, kantu, dantza eta gurdi batekin. Azken urte hauetan indarra galdu zuen hitzordua berriz sustatzeko xedearekin ari dira parte hartzaileak. Maritzuli Konpainiak jantzi tradizionalen erakusketa bat proposatzen du otsailaren 28a arte herriko etxean, eta erakusketaren inguruan, herriko eskolekin proiektu pedagogiko bat ere burutzen ari da.

Behi tuberkulosia: Kabala-ehaite «zentzugabeak» saihestuko dituela hitzeman du prefetak

Tuberkulosiagatik beren behiak ehaiteko protokoloari uko egin zioten hamahiru hazle xiberotarrak entzun ditu Pirinio Atlantikoetako prefetak. Laborariek salatu zutenez, protokoloak mila kabala osasuntsuren ehaite «zentzugabea» agintzen zuen. Giroa lasaitzeko Irabarne herrian bilkura publikoa egin dute laborariek eta ordezkari politikoek, Iparralde osoko berrehun herritar eta hautetsiren presentziarekin. Hainbat auzapezen eta Iñaki Etxaniz laugarren hautesbarrutiko diputatuaren babesa jaso dute ere behi hazleek. Prefetak laborariak eta bertaratuak lasaitu nahi izan ditu, eta etxaldeetako kabala ororen hiltzea saihesteko ekintza plan bat landuko dutela jakinarazi du. Horretarako, hori bai, kabalen «ehaite selektibo azkartu» bat proposatu du. Ondoko egunetan zehaztasun gehiagoren berri emanen duela hitzeman du prefetak.

David Gramond: «Gizartea beldurrarazteko baliatu zuten tortura, militantziari uko egiteko»

Otsailaren 13a Torturaren Kontrako eguna izanki, Euskal Herriko Torturaren Sareak gutun publiko bat igorri du. Poliziek torturatu euskal jendeen lekukotasunak bildu, eta aitortza egiteko xedea du sare berri horrek Euskal Herri osoan. Torturatuak izan diren 5.000 pertsonei sustengua eta babesa eman nahi dio taldeak eta Donostian bilkura publikoa eginen dute otsailaren 15an eta torturak pairatu dituzten oro gomit dira. Kari horretara David Gramond lapurtarra ere Donostian izanen da hitzordu horretan, bera, 1998an torturatu baitzuen Guardia Zibilak bost egunez Madrilen. Bere ustez, informazioa biltzeko baino, gizartea «beldurrarazteko» baliatu zuten tortura, militante berrien sorrera «saihesteko».

Elena Kasiriain: «Muga nehoiz baino markatuago dago egun, baina mugaz gaindiko lankidetzarako parada handia dugu ere bai»

Estatuak bortxaz ezarri dituzten mugak zer heinetaraino barneratuak dituzte euskaldunek? Nola bizi dituzte muga horiek egunerokoan? Euskaldunak betidanik bateratu dituzten mendiak mugatzat dituzte frantses eta espainolek, zein heinetaraino barneratua dute kontzeptu hori euskaldunek orain? Mapez haratago, herritarrek beraiek Frantziak eta Espainiak bortxaz ezarritako muga egunerokoan nola bizi duten ikertzen ari da Elena Kasiriain antropologoa. Urteetako ikerketaren ondotik, otsailaren 12an emanen duen mintzaldian aipatuko ditu ikusten dituen ondorioetako batzuk. Bestalde, Iban Larrandaburu ikertzaileak zuzenbidearen ikuspegia aipatuko du.