Sexu jazarpen kasu bat aztertzen ari dira jendarmeak. Sarako hamabost urteko neska batek salaketa pausatu du Sarako Izarra pilota elkarteko hezitzaile baten kontra. Bi aldeak entzunak izan dira joan den astean eta gizona atxiloaldian egon da. Askatu dute baina inkesta aitzina eramaiten ari direla jendarmeak baieztatu dauku Baionako auzitegiak. Gizonak argazki pornografikoak igorriak lizkioke neskari. Jerome Bourriek prokuradoreak baieztatu duenez adin txikikoen kontrako «galbideratze erasoak» egiteagatik ikertzen ari dute hezitzaile ohia. Anartean, Sarako Izarrak hezitzailea taldetik baztertzea deliberatu du eta pilota elkarteko familia guziak abisatu ditu gutun bidez. FFPB Frantziako pilota federazioak lizentzia ere kendu dio.
«Egoeraren eztitze» bat espero du Iparraldeko Eusko Ikaskuntza elkarteko presidente berria den Virgil Joseph Alexandrek. Azken aste hauetan krisiaren gailurrean da Eusko Ikaskuntza, erakunde sozio-kulturala. 2023tik lehendakari zen Claude Mehatsen kudeaketa zalantzan jarri du Eusko Ikaskuntza Iparraldeko Administrazio kontseiluaren parte batek. Urtarril bukaeran Claude Mehats kanporatu eta lehendakari berri bat izendatu dute, Virgil Joseph Alexandre. Baina Hego Euskal herriko egiturak ez du onartzen aldaketa hori. Iparraldeko egoitzaren sarraila aldatu eta marka zein egoitza erabiltzeko baimena ukatu dio Ipar Euskal Herriko egiturari. Diotenez Iparraldeko Eusko Ikaskuntzaren funtzionamenduaren inguruan «irregulartasunak» antzeman dituzte.
Barnetik, familien hizkuntza usaiak eraldatu egonaldi batzuen esker. Plazara kooperatibak bultzaturik eta beste eragile askoren elkarlanarekin bost eguneko bi egonaldi proposatuko zaizkie familiei, pazkoko bakantzetan. Helburua da euskara presenteago izatea familiaren egunerokoan. Horretarako egonaldi hauetan goizetan helduentzat euskara klaseak izanen dira eta arratsaldetan haurrekin aktibitateak. Baigorrin edo Arbonan iraganen dira egonaldiak baina Hego Euskal Herriko eragileekin ere antolatu dute egitaraua, eta adibidez, Lesaka bisitatuko dute ere parte hartzaileek. Martxoaren 15a arte izanen dira izen-emaiteak, lekuak mugatua dira eta 3-11 urte arteko haurrek parte hartzen ahalko dute. Egonaldi bakoitzaren prezioa 300 eta 650 euro artean izanen da.
Euskarak, okzitanierak, katalanak eta aragoierak adimen artifizialaren bihurgunea hartzekotan, LINGUATEC-AI proiektuari esker. Mugaz gaindiko proiektua gidatzen ari da Elhuyar erakundea, Baionako IKER zentroko sustenguarekin. Linguatec xedearekin, adimen artifizialak hizkuntza gutituetan dituen ezagutzak garatzea da helburua. Adimen artifiziala «elikatzeko» badira bi urte datuak biltzen eta digitalizatzeko lanetan ari dela. Lan horretatik, hizkuntza bakoitzean itzultzaile automatikoak, transkripzio sistemak edo ahots-sintesi sistemak hobetzeko tresnak sortuko dituzte. Milioi bat euroko diru laguntza eskuratu du proiektuak POCTEFA Europako diru funtsetik. Emaitzak 2026ko udan aurkeztea espero dute.
Laborantzaren Orientazio Legea pasa den astean ofizialki onartu du Parlamentuak. Ostegunean Senatutik pasa da azken aldikoz. Iazko laborarien mobilizazioen ondotik, aldarrikapenei erantzuteko xedea du lege horrek. Aldiz, ingurumenaren aldeko elkarteek azkarki salatzen dute. Lege horri esker, laborantza interes orokorreko aktibitatea bilakatzen da. Horrez gain, pozoiei buruzko zuhurtasun printzipioa azkarki ahultzen da, eta ingurumena kaltetzen dituzten ekintzak arinkiago zigortuko dira, laborariek frogatzen badute nahigabean gertatu direla kalteak. Bukatzeko, instalazioen bultzatzeko hainbat neurri ere proposatzen ditu legeak.