Ehundik goiti ekoizle departamentutik Pariseko laborantza saloira

Ehundik goiti ekoizle Pirinio Atlantikoetako departamendutik, 450 produkturekin. Otsailaren 22tik martxoaren 3ra iraganen da Pariseko laborantza saloia. Aurten, Pirinio Atlantikoetako departamenduak argi utzi du ez duela posturik atxikiko saloian, diru arrazoiengatik. Aldiz, Ipar Euskal Herriko laborari eta ekoizleak saloian izanen dira, batez ere lehiaketa zenbaitetan parte hartzeko. Iaz sei medaila irabazi zituzten departamenduko ekoizleek, horietariko 36 urrezkoak. Bereziki esnekiak, arnoak eta xarkuteria dira aurkezten diren produktuak. Baina aurten ere, Euskal Herriko hainbat kabala aurkeztuko dira abereen lehiaketetan. Urruñako Exposito familiak Prim’Holstein arrazako bi behi aurkeztuko ditu, Urruñako Bixente Lazkanok Akitaniako blonda bat eta Oragarreko Garai familiak beste bi. Bururatzeko, oroitarazi behar da otsail hastapenean Akitania Berria eskualdeko artzain gazteen Ovinpiade txapelketan Pariseko finalean parte hartzeko sailkatu zirela Alaia Queihialt eta Nicolas Karrikondo Donapaleuko Jean Errekart lizeoko ikasleak.

Herriko Ogia «%100 autonomo» izateko erronkari lotu da

Herriko ogia «burujabe» izateko bidean. Euskal Herriko laborariak, eiherazainak eta okinak biltzen ditu Herriko elkarteak, Iparraldean hastetik buru ekoizten den ogia eskaintzeko. Otsailaren 6an sailaren biltzar nagusia egin zuten Maulen, eta Okina bizkotx enpresa bisitatu zuten. Azken urteetan, ogi-bihia biltegiratzeko gune bakarra Biarnon atzeman dute Herriko Ogia sailekoek Oloroen, Xiberoako mugatik gertu. Arazo tekniko batzuk tarteko, ordea, beste leku baten atzematera behartuak izan dira eta, ororen buru, Akamarren eta Biarnoko ekialdeko herri batean. Ehun hektareako soroetatik biltzen den 500 tona ogi-bihi biltegiratuko dituzte bi gune horietan hemendik aitzina, eta datozen urteetan ekoizpena handitzeko xedea agertu dute. Hiru urteren buruan erabateko autonomia finantzarioa erdietsi nahi lukete, diru laguntza beharrik gabe, egitasmoa %100ean salmentaren bidez bideragarri izan dadin. Gaur egun, hamabost laborarik ekoizten dute Herriko garia, Iparralde osoko 50 okin ingururentzako.

Bixente Lazkano: «Lehen aldiz parte hartuko dugu Pariseko laborantza saloiko Akitaniako Blonden lehiaketan»

Heldu den ortzegunean Pariseko Laborantza saloian izanen den Akitaniako Blonden lehiaketan Oragarreko bi behi eta Urruñako bat aurkeztuko dituzte. Bixente Lazkano hazle urruñarrak Orchidée izeneko sei urteko behiarekin Pariseko bidea hartuko du asteartean, jadanik tokiko sari andana lorturik, Pariseko ikur enblematikoaren bila. Bertze bi behi urruñar ere Parisen izanen dira lehian heldu den astean, Larrea etxaldetik bi Prim Holstein beltz eramanen baitituzte Expositotarrek. Larunbat honetatik martxoaren 3ra izanen da Pariseko laborantzaren saloia.

Betharram afera: hiru gizon atxiloturik, bortxaketa eta sexu erasoen susmopean

Paueko parketak jakinarazi du hiru gizon atxilotu dituela, Betharrameko eskolan gertatu abusuen harira. «Bortxaketa larriagotuak, sexu eraso larriagotuak edota indarkeria larriagotuak» leporatuak zaizkie. Susmatuen nortasuna ez da oraindik jakina, 59, 69 eta 93 urtekoak direla bakarrik. Oroitu, Alain Esquerre izeneko ikasle ohi batek sare sozialetan plazaratu zuela afera. Gaur egun 132 biktimek egin dute salaketa. Atxiloketa horiek François Bayrouren eta biktimen kolektiboaren arteko bilkuratik lau egunera gertatzen dira. Bilera horretarik ateratzean, ikerketarako baliabide gehiago hitzeman zituen Frantziako lehen ministroak.

Bolibiako laborari talde bat sustengatuko dute Xiberoatik

Zubiak eraiki Xiberoa eta Boliviaren artean. Badu jadanik 16 urte Bolibiaren aldeko elkartea sortu zela Xiberoan. Azken urteetan, La Paz hiriko El Alto auzoko eskola bat, emazteen etxe baten sortzea, dendarien dinamikak edota tokiko irrati bat sustengatu dituzte. Sos biltzeko ekimen zenbait antolatuko dituzte, horietatik lehena, apirilaren 6ean Maulen eginen duten ganer huste handia izanen da. Aurten, laborari zonbaitekin lan eginen dute.