Estatuak hidroelektrizitate zentral txikiei ezarri oztopoak salatu dituzte 30 auzapezek

«Hidroelektrizitate ttipiaren alde!» izenburuko gutun irekia zuzendu diete Garazi-Baigorriko 30 auzapezek, Frantziako Estatuko zerbitzuei, hautetsiei eta herritarrei. Energia berde iturri hori hil nahi duela Frantziako gobernuak diote. Salatzen dute ere Departamenduko Arrantza federazioaren jokamoldea. Hark aspaldikoa den ondare hidroelektrikoa, eiherak eta urtegiak suntsitu nahi dituela diote, uretako fauna babesteko arrazoiak aipatuz. Funtsik gabeko arrazoiak direla azpimarratzen dute auzapezek, beren iduriko zentralek ez baitute erreketako bioaniztasuna kaltetzen.

Ximun Fuchs: «Euskal irainak baitezpadakoak zaizkigu, elbarritu emozionalak ez giten izan»

Le Tampographe Sardon enpresak salgai ezarria du 24 laidoko zigilu-kutxa. Sarean eskuragarri da. Ximun Fuchs aktoreak du hautaketa lana egin, irainak «lan tresna» baitira beretzat. Bere hitzetan irainak irudimen ilunenak adierazteko parada eta altxorra dira, baitezpadakoak. Are gehiago, uste du laidoak eskoletan landu beharko liratekeela, gisa horretan, haurrek elkar gutxiago joko bailukete. Bestalde, bere aburuz, euskaldunak elbarritu emozional gisa heziak dira, frantses eta espainol ereduak inposatzen baitizkiete. Fuchsen eleen arabera, laidoak hizkuntza baten Pandora kutxa dira.

Bil Ta Garbi: %15 hobetu da hondarkinen bereizketa Garazi-Baigorrin

%15 hobetu da hondarkinen bereizketa Garazi-Baigorri eskualdean, 2022tik 2023ra. Bil Ta Garbi sindikatua baikor agertu da emaitzarekin berriki egin duen bilanean. Haatik, hondarkin geldoak Baxe Nafarroan pausatzeko gune eskasia nabarmendu dute. Momentuko Urruñako Bidexka zentroa da Bil Ta Garbik duen gune bakarra eraikuntzako ekaiak edo bestelakoak botatzeko. Bestalde, negu bukaeran etxaldeetako errota zaharren bilketa antolatuko dute Garazi-Baigorri eta Iholdi-Oztibarre lurraldeetan, eta horretarako herriko etxeetan izen-eman beharko da.

'Euritan' eleberria aurkeztu du Idoia Rodriguez idazle donibandarrak

Idoia Rodriguez Mondragon idazleak Euritan eleberria aurkeztu berri du Baionan. Euri izeneko neska baten bizipenak kontatzen ditu, egunkari moduan. EKE-Elkar literatura bekaren laguntzaz idatzitako liburu hau Ipar Euskal Herriko idazleen lana sustatzeko helburuz sortu da. EKE-Elkar literatura bekak edizio berriari begira jarraitzen du, oraingoan helduentzako literaturako proiektu bati lagunduz. Proposamenak maiatzaren 31 arte aurkez daitezke.

Haritz Rodriguez: «Sagardo botila baten atzean zer dagoen ezagutu behar du pommelier batek»

Munduan 123 «pommelier» zenbatzen dira. Hau da, sagardo sommelierra, edo sagardoan aditua dena. Eta hain zuzen, pommelier titulua eskuratu berri du Haritz Rodriguez donostiarrak. Titulu hori American Cider Association erakundeak eman dio, munduan errekonozitua. Rodriguez, marketing gastronomiko eta turistikoko aholkulariak proba teoriko eta praktikoak gainditu zituen, sagardoaren ekoizpena, historia eta ezaugarriak aztertuz.