Inesa de Gaxen pastoralaren lehen bi emanaldiak aurkeztu dira asteburuan Bastidan. Euskaraz eta gaskoiez idatzitako lehen pastorala izan da, Itxaro Borda eta Ivan Bareyre idazleek idatzirik. Euskal eta gaskoi kulturak uztartzen diren Xarnegu eskualdean 2017an abiatu zen proiektua. Orotara ehundik goiti arizalek eta hamazazpi musikarik parte hartu dute pastoral baxenabartar honetan. Istorioa Pierre de Lancre inkisidorearen garaian kokatzen da, eta birritan sorginkeriaz akusatua izan zen Inesa de Gaxen emazteak bizitakoa kontatzen da. Bastidako arkuen plazan eskaini dituzten bi emanaldiez gain beste bi aldiz taularatuko dute pastorala, irailaren 21ean eta 22an Bardozen.
Beskoitzeko herritarren gehiengoak Pascal Jocouren zerrenda bozkatu dute lehen itzulian. 575 bozka erdietsi ditu (%37,7). Gibelean, 37 bozkako distantzian gelditu dira Fabienne Ayensa auzapezaren lekukoa hartu duen Fabienne Etxegarai, bozken % 34,9arekin. Hirugarren gelditu da Haritza Camblongek gidaturiko Hats Berri zerrenda 429 bozkekin (%27,8). Hiru zerrendek erdietsi dute bigarren itzulira iragaitea; haatik, Jocouren eta Camblongen zerrenden arteko akordio bat ireki liteke heldu den igandeko bozketarentzat. Bi zerrendak ados agertu dira Beskoitzeko ikastolaren geroari begira; aitzitik, ZAC hirigintza proiektuarekiko ez dute ber ikuspegia. Asteartera arte dute bat etortzeko. Etxegaraik, bere aldetik, lehen itzulian parte hartu ez duten herritarren babesa erdiesten entseatuko da.
Hazparneko Laguntza Etxerat egitura sozialeko 80 langileak berriz mobilizatu dira atzo Baionan, Departamenduaren egoitza aitzinean.
Duela aste bat aipatu bezala, 150 000 euroko diru zorren ondorioz, zailtasun ekonomiko larrian da elkartea. Landesetako beste egitura batek berriz hartzeko proposamena egin die, langileek onartu dutena. Baina geroztik departamenduak ez die arrapostu argirik emaiten. Ostiral goizean Pauen biltzekoak dira Annie Schmitt departamenduko elkartasunen zuzendariarekin.
Gaskoiera lehen aldiz entzunen da pastoral batean. Euskararekin batera baliatuko dute okzitanieraren aldaera hau, Inesa de Gaxen pastoralean.
Xarnegun bi hizkuntzek duten presentzia historikoa islatu nahi izan dute horrela. Itxaro Bordak idatzi ditu pastoraleko gidoia, eta parte hartzaile bakoitza ari da emeki emeki rola ongi bereganatzen. Bi igandetik behin elkartzen dira errepikentzat. Inesa de Gaxen pastorala Bastidan emanen dute bihar. Pantxika Urruti pastoraleko errejenta gure gomita izan da.
Hori egitea erabaki dute 15 elkarte, gaztetxe eta komitek. Hauen artean EHZ, Herri Urrats, Zizpa gaztetxea edota Ziburu, Azkaine edo Senpereko komiteak.
Azken hilabete hauetan borondatearen kontra drogatuak izan direnen kasuak salatu dira bereziki. Fenomeno horren aitzinean mezu azkarra igorri nahi dute eragile guzi hauek. Irailean elkarrekin protokolo bateratu bat osatzeko lanean jarriko dira. Proiektu hortan parte hartu nahi duen guziei idekia zaie.