Hamazazpi orenez euskal kostaldea trabeskatuko du Lenaïg Alfaro 17 urteko gazteak. Asteazken gauean itsasoratu zen, eta ostegun arratsaldean Getxoko portura heltzea du xede. Baiona eta Bilbo arteko distantzia O'pen BIC batean egiten duen lehena izan nahi du Alfarok. Itsasontzi hori bela arineko itsasontzia da, 2,7 metroko luzera duena. Erronka ez da erraza izanen, hiru metroko uhinak iragarriak baitira euskal uretan. Alfarok balio sinbolikoa ematen dio Ipar eta Hego Euskal Herria batzen dituen bidai horri.
Apez euskaldunen aroa bukatzen ari dea? Euskara baitezpadakoa izan da Elizarentzat azken mendeetan haren mezua euskal gizartean zabaltzeko. Horrek euskal hiztunen apezgotza bultzatu eta gaur egunera arte iraunarazi du. Haatik, azken hamarkadetan, elizatiarren eta euskal hiztunen kopurua apaltzearekin, apez hautagai euskaldunak desagertuz joan dira. Gaur egun, Ipar Euskal Herriko diozesan berrehun apez ingurutik, %15 baizik ez da euskal hiztuna. Mauleko parrokian, erraterako, duela hiru hamarkada 35 apez euskaldun ziren, gaur hiru direlarik.
Euskal Hirigune Elkargoak hamaika etxalde lagunduko ditu uraren inguruan muntatzen ari diren proiektuen finantzatzeko. Proiektu horieri esker bildutako ura, laborantzarako baliatua izanen da, jakinez behar gorrian direla. Iazko idorteak sekulako kalteak sortu zituen, bereziki laborantzan. Lagunduak direnen artean da Argitxu Iturria, Garroan baratzezaina dena. Bertan, euri ura errekuperatzeko putzu bat ezarri dute. Bestalde, Elkargoak hogeita bat etxalde ere lagunduko ditu, berrikuntzaren bultzatzeko.
Mobilizatzeko ordua da Baionako besten eragileen iduriko. Azken edizioko bilan lazgarriaren ondotik, besten eredua galdekatzea eta berriz pentsatzea beharrezkoa ikusten dute anitzek. Baionako besten mendeurrenari begi klixka eginez, 2032 Kolektiboa sortu dute Baionako zenbait herritarrek, Baionako peña, musikari eta ostalariekin batera. Kolektiboko kide guziek aldaketan parte hartzeko engaiamendua hartu dute. Irailean abiatu zuten proposamenak biltzeko epea, eta ordutik aterabideak adosteko lanean dira. Abendu hastapenean Baionako herriko etxeari aurkeztuko zaizkio proposamen horiek. Bere aldetik herriko etxeak ere elkar aditze bat abian eman du. Bera ere eragileekin bildu ondoan, proposamenen fasean sartuko da laster.
Ipar Euskal Herriko Hitzako urteko harpidetza sei euroan egiten ahalko dute herritarrek, eta Berria Lagun izaten ahalko dira urtean 25 euroren truke. Euskarazko astekarien harpidetza bultzatu nahi du aurten Euskararen Erakunde Publikoak. Berriki Herria astekariarekin egin bezala, Ipar Euskal Herriko Hitzarekin hitzarmena sinatu du. Urteko harpidetzaren %75 bere gain hartuko du urtebetez EEPk. Gaur egun 300 bat harpidedun ditu Iparraldeko Hitzak, kopuru hori emendatzea da helbidea.