Ultimatuma eman dio Ospitalizazio Pribatuaren Federazioak Frantziako osagarri ministroari. Ospitale publikoen aitzinkontua %4,3 iganen du frantses gobernuak, eta %0,4 bakarrik zentro pribatuena. Horrek haserrea piztu du, eta haien zerbitzuak ekainaren 3tik aitzina gelditzeko mehatxua egin dute osagarrigintza pribatuko ordezkariak. Ipar Euskal Herrian Belharra, Aguilera eta Donibane Lohitzuneko kliniketan luke eragina zerbitzu gelditzeak. Horietan larrialdi pribatuak aste batez zerratuko lituzkete; eta horrez gain, amategiak, ebakuntza gelak eta medikuntza zerbitzuak bi egunez. Kanboko trebatze zentroetan eta klinika psikiatrikoetan aste batez sail guzia blokatua izanen litzateke.
EH Bai europar hauteskundeetara aurkezten ez den arren, EH Bilduko zerrendaren zazpigarren lekuan joanen da Oier Imaz Iparraldeko koalizio abertzaleko kidea. Bigarren aldiz segidan, Pernando Barrenak zuzenduko du ezker subiranistaren zerrenda. Euskal Herriaren lurraldetasuna eta erabakitzeko eskubidea defendatu nahi dute, baita eskuin muturraren adierazpen elektoralari buru egin. EH Bilduren zerrendan espainiar estatuko beste hainbat alderdi subiranista ere aurkeztuko dira, ERC edo BNG bezala. Europako hauteskundeak ekainaren 9an iraganen dira.
Errugbiko ProD2 mailaren amildegi ertzean da Biarritz Olympique. Sailkapeneko azken-azken aitzinekoak dira 53 puntu eskasekin. Gibeletik ditu Montauban 50 punturekin eta Rouen 48 punturekin. Azken aitzinekoak barragea jokatuko dute Nationale mailako lehen taldearen kontra, eta azkena mailaz jautsiko da zuzenki. Hiru talde hauek partida jokatuko dute etxetik kanpo ostiral honetan. Mont de Marsanen ariko da Rouen, Montauban Aurillacen eta Miarritze Briven. Aurillacek ez du deus jokoan; haatik, Mont de Marsan eta Brivek bai. Beraz, xantza gehiago baluke kanpoan irabazteko Montaubanek. Miarritze ez da jautsieratik salbatua.
Euskaraz lanean ari diren hainbat eragilek eta elkartek lan eremu berri bat ukanen dute Baionan. Baiona ttipian da, San Andres plaza eta Patxa plaza artean, toki estrategiko batean. Lan egiteko “coworking” gune bat atzeman daiteke, bilkura gela bat eta sukalde bat. Plazara, Bada, Euskal Hedabideak, Euskal Konfederazioa, Biga Bai eta Topagunea atzeman daitezke lokal horretan momentuz. Gobernantza horizontala da eta hilabetean behin biltzen dira gunearen kudeaketaz mintzatzeko.
"Zubiak zeharka” lemapean, egun osoko egitaraua prestatu du maiatzaren 18an UEMA udalerri euskaldunen elkargoak. Herriko eragile guztiek hartu dute parte programaren prestaketan eta ekimen herrikoi eta partehartzailea izatea lortu dute horrela. Euskal Herriko 175 udalerri dira gaur egun euskaldunak, herrialdeko %70a hain zuzen ere. Horietatik 107 dira momentu honetan UEMAko kide, baina maiatzaren 18an lau kide berri sartuko dira elkargora: Zegama, Lakuntza , Bakaiku eta Ituren .
- 4.400 metroko erronka Nepalen, joelette kadira batekin
- Idurre Eskisabel: «Euskararen normalizazioa eraldaketa sozialeko prozesu bat da; eta diru inbertsio handia behar du»
- Mattin Irigoien: «Berrikuntzak frantsesaren eskutik heldu badira, zaila izanen da geroan euskaraz bizitzea»
- 8.800 euroko zigorra Ostiako lau kiderentzat, Marieniako proiektuaren kontrako ekintza batengatik