Usaiako gazna feida egin da ostegun honetan, Atharratzen. Azken urteetan baino bisitari gehiago hurbildu dira, han erakusten ziren 20 etxaldeetako gaznak dastatzeko. Lehiaketan, Barkoxeko gaztelondoko Etxebarniak eraman du lehen saria berri ere. Bigarren izan da Mitikileko Biskeia etxaldea, eta hirugarren Esterenzubiko Ollotenia. Aldiz, bortuko gasnaren lehiaketan, lehen saria Altzurukuko Jaragoyhen etxaldeak ukan du, bigarrena Nabolegiko olhak eta hirugarrenak Bexka etxaldeak.
Bidasoa Folk festibala izanen da asteburu honetan Hendaia, Irun eta Hondarribia artean. Folk musikaren hitzordu historiko honetan, munduko hamaika txokotako musika deskubritzeko edo berrriz deskubritzeko aukera izanen da, urririk gainera.
Jone Arotzarena, Frantziako 17 urtetik behetikoen esku baloiko selekzioan jokatzen du. Europako txapelketako finala irabazi dute Jatsuko neska gazteak eta bere talde kideek, Danimarkako taldearen kontra. Bere ibilbideaz mintzatu da Arotzarena Euskal Irratietan, Goiz Berri saioan:
'Jakin' aldizkariaren birsortzaileetako bat izan zen Joseba Intxausti (Segura, Gipuzkoa, 1936), baita UZEIren sortzaile eta euskararen historia sozialaren eragile nagusi ere. Intxaustik 37 liburu, ehundik goiti liburu zati eta ia laurehun artikulu ditu idatziak. Guztira 512 idazlan, 62 urtetan zehar idatzi eta argitaratutakoak. Euskara Batuaren bultzatzaile nagusietako bat izan zen. Lorea Agirre 'Jakin' aldizkariko erredaktore burua Euskal Irratietan mintzatu da:
Su artifizial ikusgarriak eskainiko dituen kooperatiba berria martxan eman du ZTK kultur egiturak. 1988ean sortu zen ZTK Iparraldeko musika taldeen soinugintza materiala mutualizatzeko. Urteen joanarekin egiturak bizi propioa hartu du eta orain, bi egitasmo berri prest ditu: SCIC Pirotek piroteknia kooperatiba, eta artisten egonaldi gunea. Biak Labetzeko etxalde batean kokatuko dira. Piroteknia enpresa berriak profesional berriak hartuko ditu eta materiala biltzeko guneak emendatu. Horrela, saileko enpresa nagusiekin lehiatzea dute xede. Paxkal Indok proiektua azaldu digu Euskal Irratietan:
Pirinioez bestalde, Aezkoan, Erronkarin eta Zaraitzun, hainbat herriko etxe osatu ezinean segitzen dute oraino. Maiatza bukaeran egin ziren udal hauteskundeak Hegoaldean, baina Nafarroako 37 herrietan ez zen neholako zerrendarik aurkeztu. Herri horien gehiengoa nafar Pirinioetan dira, eta hemendik hiru hilabetera hautagairik ez bada aurkezten, kudeaketa batzorde batek hartu beharko du herria bere gain. Aezkoako Batzordeko lehendakari Karlos Buenok egoeraren berri eman digu:
Alokatzeko sei auto eman ditu eskuragarri AUPA kooperatibak Baionan, Angelun eta laster Miarritzen. Uztaila bukaeratik aplikazio baten bidez aloka daitezke, epe labur zein luzerako. Zerbitzu berri hau, bereziki, autoa noizean behin bakarrik baliatzen duten herritarrei zuzendua da. Heldu den urtean beste sei auto gehituko dira zerbitzura, Euskal Hirigune Elkargokoaren Txik-Txak sarearen barnean. Lehen esperientziak arrakasta izanez gero, Lapurdi hegoalde eta Ipar Euskal Herri barnealdera zabalduko da auto-partekatze dispositiboa.
Gasteizko Hala Bedi irratiak 40 urte bete ditu joan den astean. Euskaraz eta gazteleraz ari dira 1983tik, nagusiki laguntzaileek egiten dituzten emankizunak hedatuz. Ipar Euskal Herrian ez bezala, hegoaldean irrati libreen egoera ez da beti legezkoa, eta beraz frekuentziak eta dirulaguntzak lortzeko zailtasunak izan ditu Hala Bedik bere ibilbidean zehar. Gaur egun, egoera egonkorra dutela azaldu du Jon Hidalgo Hala Bediko kideak Goiz Berri saioan.
Donibane Lohizuneko Adam makarroi dendak blokeatu zituzten asteartean Senpereko Olha etxaldearen salmenta salatzeko. Etxaldea saldua izan bada ere, salmenta espekulatiboa izan dela salatzen dute eta atzo etxaldearen eroslea den Adam gozotegiko sartzea bi oren eta erdiz blokeatu zuten protesta modura.
- Udatiar gazte bat ito da asteburuan Gixuneko lakuan
- TOP14-ko sasoia abiatuko du Baionako Avironek, ostiralean
- Laborantza asteburua iragan da Barkoxen
- Espainiako Parlamentuan diputatu independentistek ukanen dute gakoa
- Corsica Libreraren nazioarteko foroan parte hartu du EH Bai-k
- 'Buhame erreka', 1960 urteko Mehaine taula gainera
- Bretainiako herritarren %8a besterik ez da mintzo bretoieraz
- Sasoi onean eta Europara begira abiatuko du Osasunak aurtengo zangobaloi liga
- Hiri Besta eta Euskal Besta ospatuko dute hendaiarrek asteburu honetan