Hondarribiko Jaizkibel konpainia parekideak, Antzuolako Mairuen Alardea sariztatu du, 2.000 biztanleko herri horretan 2007az geroztik alardean genero berdintasuna eta arrazakeriaren kontrako dibertsitate kulturala bultzatu baitute. Bederatzigarren urtea da Jazkibel konpaniak, Hondarribia Berdintasunaren Hiria Saria banatzen duela, herriko besten atarian. Aurten, Igor Enparan alkate berria sari banaketan izan da, estreineko aldiz.
Graxi Etxebehere minbiziak jota zendu da. Ortzaiztarra, Ahaize auzoko Iribarnia etxean sortu zen 1951 urtean. Euskal mugimendu kultural eta politikoetan engaiatu zen bere bizi osoan. 2015ean aurpegi ezagun bilakatu zen, Sanferminetatik bueltan zetorrela atxilotu baitzuen poliziak, Iñaki Reta eta Xabier Goienetxea ETAko kideak bere etxean gordetzen zirelako. «Armagabetu nahian dabilen erakunde bati ematen diot laguntza, ez naiz ezertaz damutzen» adierazi zuen garaian. Basaizearekin Nafarroaren egunaren lehen edizioak antolatu zituzten eta Ortzaizeko elkarte anitzetan parte hartu zuen. Berrogei urtez erizain egon ondotik, 72 urterekin pausatu da Graxi Etxebehere. Bisitak egiten ahal dira Ortzaizen, Goikoetxea bere etxean egun eta bihar. Omenaldia bihar izanen da, arratseko 6etan Ortzaizeko Elizan.
Beroarekin, lakasten izurriak goia jotzen du. Ipar Euskal Herrian akaro honen populakuntza handia da, bereziki oihan hostodun, oihanpe edota pentzeetan. Lakasten ausiki batek mina eragin dezake, baita infekzio bat ere manera egokian kentzen ez bada. Baina arrangura gehien Lyme eritasunak sortzen du. Batez beste, ausikituen %5ek transmititu dezakete gaitz hori. Eritasun horrek larruazalari, nerbio-sistemari, bihotzari eta artikulazioei eraso egiten die. Lehen sintoma 5 zentimetro inguruko diametroa duen gorridura da. Eztitxu Mallarancin medikuak argipen eta aholkuak eman dizkigu Euskal Irratietan.
Espainiako futbol federazioko presidentea auzitan da, Emazteen Munduko Kopako finalean jokalariari bat baimenik gabe musukatzeagatik. Erasoak kexua sorrarazi du, eta espainiar selekzioko taldekide guztiek neurriak har daitezela galdegin dute. Orain arte dimisioa emaiteari uko egin dio Luis Rubiales federazioko presidenteak. FIFAk hiru hilabetez kanporatu du orain Rubiales, eta lan saririk ez du jasoko epe horretan. Ikusteko dago ondotik zer gertatuko den. Hautsak harrotu dituen eraso hori aipatu dugu Samara Velte, ‘Nik Sinisten Dizut’ liburuko idazle eta EHUko doktorearekin.
Bilan baikorra aurten. Nehoizko sasoi oparoena ukan du Santa Graziko La Verna harpeak. Euskal Herriko barrunbeak ezagutu, eta bide batez, tenperatura beroetaz aterbetzeko xedez 4.500 bisitari huilandu dira Xiberoako haitzulo ezagunenera, agorril honetan; hots, egunero 280 pertsonako gehienezko heinera heldu dira. Uztaila, haatik, lasaiagoa izan da aro ezegonkorraren ondorioz. Orain arte, 2019 izan da erregistratu duten urte jendetsuena, 16.500 bisitari ingururekin. Buruiletik aitzina, tokiko bisitarien nahiz eskola ateraldien sasoia irekiko da, eta neguko sasoiari begira, Pirinioko lerraguneekin partaidetzak abiatu dituzte. Urtean zehar bost langilek egiten dute lan La Vernako harpean, udako sasoian hamabi langilera igaiten badire ere.
Beñat Irigoyen "Galtxetaburu" (1934-1990) soinujolearen omenez, diska berri bat plazaratu dute Kaliforniako Bidart Aita-Alabek. Gamarteko musikari ezagunaren sei kantu zahar bildu dituzte lan berri horretan, fandago, arin-arin eta mutxiko saltsa oparoa kozinatuz. Bidartarrek Jean-Christian Irigoyen "Galtxetaburu" semearen eskusoinuaz jantzi dute diska, Mikel Markez eta Iñaki Diez ekoizpenean ari izan direlarik. Beñat Irigoyenen Chinoko (Kalifornia) sortetxean egin dituzte grabaketak. Andrea Bidart kantariak eta Jean Christian Irigoyen soinujoleak xehetasunak eman dizkigute Euskal Irratietan:
Filosofo frantsesaren «Askatasunaren erroak» euskarara itzuli du Beñat Castorenek. Bigarren Munduko Gerraren garaian, De Gaulle jeneralak Estatu berri baten konstituzioaren oinarri filosofikoak pentsatzeko galdegin zion Weili. Filosofoak Frantziako historiaren kondaira, sistema ekonomikoa eta kolonizazio politika kritikatu zuen lan horretan.Ondorioz, bazterrera utzi zuten, Albert Camus idazleak argitaratu zuen arte. Lan horrez gain, Jakes Lafitten «Zortzi Pastorala berri» liburua kaleratu du Maiatzek. Lehen zazpi astoralek Piarres Laffite, Kepa Mendizorrotzakoa, Buenaventura Durruti, Dolores Ibarruri, Nafarroako Katalina Foixekoa, Gisèle Halimi eta Jesus Galindez pertsonaien bizia kontatzen dute. Zortzigarrenak, aldiz, Arabako euskaldunen inguruan idatzi du. Lafittek itxaropena du pastoral horiek noizbait taularatuko direla.
Beñat Castorene:
Jakes Laffite:
Inxauzetako solasaldietan etxebizitzen Frantziako ministroak baieztatu zuen Euskal hirigune elkargoan aplikatzen ahalko zela alokairuen mugatzea, tentsio pean diren 24 herrietan. Haatik, espero dute ere fiskalitatea aldatuko dela mublatu turistikoei doakienez. Gaur egun, abantaila gehiago baitute zergen aldetik, mublatu turistikoen jabeek, urte osoan alokatzen dutenek baino. Gai hori barnatu beharko lukete Frantziako legebiltzarrean, Finantza legea eztabaidatuko denean, heldu den urrian. Euskal Irratietan mintzatu dira Iñaki Etxaniz laugarren hautesbarrutiko diputatua, eta ALDA kolektiboko Xebax Christy.
Olha etxaldeko okupazioa bertan behera uztea erabaki dute. Atzo goizean bi manifestaldi iragan ziren Baionan eta Donibane Lohizunen, preseski etxalde horren salmenta salatzeko. Baina ikusiz salmenta egina dela eta politikoengandik sustengu eskasia dutela, okupatzaileek indarrak beste kasuetan jartzea nahiago dute. Orotara berrehun pertsona mobilizatu dira Baionan eta Donibane Lohitzunen eta berrogei traktore ikusi dira. Okupazioa utzi badute ere Olha etxaldeko lurrak «gune natural sentsible» gisa sailkatzeko desmartxa abiatu dute.
- Dokumental bat, Translatines festibalaren 30 urteko ibibidea argitan emateko
- Miarritze: goi mailako emazte pilotariak, plazara
- Azken 16 urteetako 'xorrotxen' kantuak diska batean bilduko ditu Xiberoako Botzak
- Kattalin Elizalde kolegioak estreinakoz irekiko ditu ateak irailaren 4an
- Luhuso: 'Historiak istorio' kabalkadak arrakasta bildu du
- 'Ibilki' egitasmoa, udan ere euskal ikusgarrigintza bultzatzeko
- Iholdi: Milioi bat euroko obrak trinkete berriaren eraikuntzan
- Alokairuak mugatzen ahalko ditu Elkargoak tentsiopeko herrietan
- Senatuko hauteskundeak: sei hautagai momentuz departamentuan