Arraunketan, asteburu erabakiorra izan da Lapurdirentzat. Ozta-ozta eta azken palada arte sufritzen, baina Eusko Label Ligara igotzeko play-offetara sailkatu da, KAE 1 Ligan bigarren postuan amaituz. Sanpedrotarrek hartu diote aitzina azken estropadan. Baina irailaren 16 eta 17ko asteburuan jokatuko dute Galizia eta Euskal Herriko multzoetako lehen bi sailkatuen artean, eta Eusko Label Ligako azken aitzinekoaren aurka, igotzeko bi postuengatiko lehia.
Hasi bezala, jendez gainezka bururatu da iragan igandean Frantziako Pilota Federakuntzaren Aste Nagusia. Basusarri Sutarreko pilota plaza eraiki berrian, joko garbiko bi finalekin bukatu da. Eta biak ere Baigorriko Zaharrer Segi batasunak ditu irabazi 19 urtez beheitikoetan, Amikuzeren kontra (40-20). Eta lehen mailan, Baionako Avironen aurka aise (40-16). 2023ko aste nagusia, urte on bat bezala hartzen dute Frantzikao Federakuntzako antolatzaileek. Berritasun gisa, Frontballari ere egin diote tokia euskal pilotaren aste nagusian, neska pilotarien presentzia haunditzeko xedez. Xistera handiarekin batera, baina baliteke gehio izatea heldu den urtean.
Mississipiko jazz piano jole handienetariko bat Baxe Nafarroan izan da iragan igandean. Kontzertu intimista eta hunkigarria eskaini zuen Eiheralarreko Xoko Goxoa ostatuan, ehun bat entzuleren aitzinean. Estatu batuarrak Jean-Christian Irigoyen "Galtxetaburu" soinujole eta adiskidea ere harekin ukan du taula gainean. Haren bidez ezagutu zuen Euskal Herria lehen aldiz, eta euskaldunen historiaz hunkirik, euskara bere aldetik ikasteko urratsa eman zuen.
Saratarrek gaitzeko parioa egin zuten Frantziako txapelketa utzi eta Euskadiko ligara jokatzera joan zirenean. Bost urte berantago, eta iaz titulua irabazi ondotik, mutilen taldeak kontrako bidea egitea deliberatu du. Erabaki horren zergatiaz galdezkaturik, Patxi Jauregi presidenteak erran digu «giro arazoak» ukan dituztela. Ondorioz, mutilen taldeak Frantziako Regional 3 ligan arituko dira aurten, Nafarroa, Azkaine eta Ziburuko taldeen ber multzoan. Sarako Izarrako nesken taldeak, aldiz, Euskadiko ligan segituko du.
Ipar Euskal Herriko udako turismo sasoiko bilana egiteko goizegi izan badaiteke ere, lehen asteetako joeren berri eman digu Euskal Irratietan Daniel Olzomendi Euskal Hirigune Elkargoko turismo saileko arduradunak. Datu absolutuei begira, apaltzea sentitzen da bisitari kopuruan, bereziki Lapurdiko kostaldean. Bertan, gutxienez gau bat iragaten duten turistak dira nagusi, egun pasa egiten duten bisitariekin alderatuz. Barnealdera begira, Baxe Nafarroan iragan urteko kopuruak errepikatu dira, eta Xiberoan, iaz %10eko apaltzea izan bazen ere, aurten emaitza hobeak bildu dituzte. Lehen datuen arabera, egun pasa egiten duten txangozaleak dira nagusi Xiberoan, eta iaz baino %25 gehiago izan dira; baina gau bat iragaten duten turistak ere %21 gehiago izan dira udako lehen asteetan.
Usaiako gazna feida egin da ostegun honetan, Atharratzen. Azken urteetan baino bisitari gehiago hurbildu dira, han erakusten ziren 20 etxaldeetako gaznak dastatzeko. Lehiaketan, Barkoxeko gaztelondoko Etxebarniak eraman du lehen saria berri ere. Bigarren izan da Mitikileko Biskeia etxaldea, eta hirugarren Esterenzubiko Ollotenia. Aldiz, bortuko gasnaren lehiaketan, lehen saria Altzurukuko Jaragoyhen etxaldeak ukan du, bigarrena Nabolegiko olhak eta hirugarrenak Bexka etxaldeak.
Bidasoa Folk festibala izanen da asteburu honetan Hendaia, Irun eta Hondarribia artean. Folk musikaren hitzordu historiko honetan, munduko hamaika txokotako musika deskubritzeko edo berrriz deskubritzeko aukera izanen da, urririk gainera.
Jone Arotzarena, Frantziako 17 urtetik behetikoen esku baloiko selekzioan jokatzen du. Europako txapelketako finala irabazi dute Jatsuko neska gazteak eta bere talde kideek, Danimarkako taldearen kontra. Bere ibilbideaz mintzatu da Arotzarena Euskal Irratietan, Goiz Berri saioan:
'Jakin' aldizkariaren birsortzaileetako bat izan zen Joseba Intxausti (Segura, Gipuzkoa, 1936), baita UZEIren sortzaile eta euskararen historia sozialaren eragile nagusi ere. Intxaustik 37 liburu, ehundik goiti liburu zati eta ia laurehun artikulu ditu idatziak. Guztira 512 idazlan, 62 urtetan zehar idatzi eta argitaratutakoak. Euskara Batuaren bultzatzaile nagusietako bat izan zen. Lorea Agirre 'Jakin' aldizkariko erredaktore burua Euskal Irratietan mintzatu da:
- Sorkuntza artistiko eta piroteknikoko kultur-egitura berri bat Iparraldean
- Nafarroako 37 herritan ez dute herriko etxerik hautatu oraino
- Aupa, Iparraldeko auto-partekatze zerbitzu berria
- Arabako Hala Bedi irratiak 40 urte bete ditu
- Donibane Lohizuneko Adam denda blokatu dute Olha etxaldeko okupatzaileek
- Udatiar gazte bat ito da asteburuan Gixuneko lakuan
- TOP14-ko sasoia abiatuko du Baionako Avironek, ostiralean
- Laborantza asteburua iragan da Barkoxen
- Espainiako Parlamentuan diputatu independentistek ukanen dute gakoa