Basaburuko eskola zaharraren geroak, eztabaida piztu du Ezpeletan

Ezpeletan, Basaburuko eskola zaharraren berritzeak eta ondoko lurretan hiru etxebizitza eraikitzeko planak ezadostasunak piztu ditu. Horren kari, iragan ostegunean herriko kontseiluan protesta egin zuten. Eskolaren berritzea eta haren kudeaketa auzolanean egin nahi luke Basaburutarrak elkarteak. Izan ere, duela bi mende horrela eraiki zuten eskola, eta espiritu kolektibo hori atxiki nahi lukete. Ondorioz, eskolaren gaia argitu arte, proiektu osoaren kontrako helegitea pausatu dute. Auzapezaren iduriz, hitzemandakoa errespetatu dute eta proposatutakoa untsa ez ulertzea leporatu die Basaburutarrak elkartekoei. Preseski, elkarte horretko kide den Eñaut Nobliak haien protestaren argipenak eman dizkigu:

Emazteen askapena aldarri Martxoaren 8an, Ipar Euskal Herrian

Erretreten erreformaren kontrako mobilizazioen lekukoa hartuko dute emazteen askapenaren aldeko aldarriek. Emazte Langilearen Nazioarteko Eguna kari, nehoiz baino hitzordu gehiago izanen dira gaur Ipar Euskal Herrian. Goizean LAB eta Solidaires sindikatuek manifestaldia deitu dute, baita FSU eta ELB sindikatuek ere Donapaleun, atsaldean. Zutik eta Nous Toutes kolektiboek atsaldeko 15:00etan elgarretaratzea eginen dute Baionako merkatuko plazan; ber tokitik, baina atsaldeko 18:30etan, Itaiak mobilizazioa deitu du 'Emakume langileak askatzeko, sozialismoa eraiki!' lemapean. Azkenik, 17:30tan Urruñatik eta Hondarribiatik bi zutabek bat eginen dute, eta Irunen manifestaldia eginen dute. Irunen ere, Itaiak elgarretaratzeko deia egin du atsaldeko 18:00etan, San Juan plazan. Martxoaren 8a kari, beraz, gure gaurko gomitak izan dira Andrea Pebet Itaia antolakundeko kidea, eta Nora Arbelbide eraso sexisten biktima zuzena izan dena:

Kolaketa feministen fenomenoa Iparraldera heldu da

Emazteen kontrako eraso sexisten salatzeko, kolatzaile talde bat sortu da Baiona-Angelu-Miarritze eremuan. Nous Toutes kolektiboko kideak dira, eta gauez, jendeen arreta pizteko mezuak kolatzen dituzte hirietan. « Sinesten zaitugu », « Aitak ama hil du » edo « Iraultza Feminista » gisako mezuak hedatzen dituzte. Paperezko kolaketa egiteko fenomenoa Parisen agertu zuen, eta orain iparraldean ere eraso matxistak salatzeko baliatzen dute. Martxoaren 8an, Zutik taldearekin batera elgarretaratzea deitu dute Baionako merkatuko plazan, atsaldeko 15:00etan..

Paul Urkijoren 'Irati' filmak, errekorrak hautsi ditu bere estreinaldian

Paul Urkijoren IRATI  filma ikusiena izan da Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban estreinaldiko asteburuan. Euskarazko film batek izan duen estreinaldirik arrakastatsuena izan da. IRATI abenturazko film epiko bat da historia eta fantasia uztartzen dituena. Eneko Sagardoy, Edurne Azkarate, Kepa Errasti edo Itziar Ituño dira besteak beste filmeko aktoreak. Paul Urkijo zuzendariarekin mintzatu da Maia Muruaga.

Luis Sanchez, trinketeko esku huskako txapeldun berria

Ipar Euskal Herriko berezkoetan nagusi dela erakutsi du Luis Sanchez nafarrak. Buruz burukako finala irabazi du 40 eta 29, Battitta Ducassouren kontra, atzo Hazparneko Berria trinketean. Goi mailako finala izan da. B mailako finala Donibane Garaziko Garatenean iraganen da astelehen honetan, atsaldeko 17:00etan Inhar Ugarte eta Jon Saint-Paulen artean.

Udaberriaren atarian, heldu da Gatiburen Euskal Herria distopikala

Gatibu taldeak martxoaren 18an Bilboko Miribillan  aurkeztuko du 'Euskal Herria distopikala' diskoa. Euskal Herrian eginen duen aurkezpen kontzertu bakarra izanen da momentuz. Arratsaldeko 19:00etatik aitzina irekiko dira ateak. Gatibu taldeak plazaratzen duen estudioko hamargarren lana da hau. Haimar Arejita taldeko gitarra joleak aurkezpen kontzertu berezi horren berri eman digu.

Senpereko kontseilua gelditurik, auzapez berriaren erranaldi batengatik

Hauteskundeen ondotik, polemikak ez dira baretu Senpereko herriko etxean. Bernard Elhorgak, hauteskundeen bi itzulien artean bere fede aitorpenean, abertzaleen taldea «bere baitan hetsirik egoiten den ideologia» zela argitaratu du. Higiezin agentzietako margoketak ere azpimarratuz. Christophe Jauregiren 'Hats Berri' taldeak auzapez berriaren «hitz iraingarriak» salatu ditu. Sortu haserrearen parean, Elhorgak barkamenak galdegin dizkio talde abertzaleari, «hutsegin duela» argudiatuz.

Iparraldea eta Nafarroa 'Euskal sagardoa' sormarkatik kanpo ez gelditzeko adosmena

Euskal sagardoa AOP sormarka, Europari galdetzeko desmartxak egiten ari dira Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako sagardo egileak, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin. Ondorioz, Europako Batasunak onartuz gero, 'Euskal Sagardoa' izendapena erabiltzeko zailtasuna ukanen lukete Ipar Euskal Herriko ekoizleak. Hori dela eta, bilkura egin dute Euskal Autonomia Erkidekogo ekoizle eta ordezkari politikoekin, aterabide bat atzemateko. Europak izendapen hori onartuz geroz, gerora, Ipar Euskal Herriko eta Nafarroako lurretara zabaltzen ahalko dela adostu dute. Aferaz argitasunak eman dizkigu 'Sagartzea' elkarteko Gabriel Durrutik:

Sauver Bacho (CFDT): «Enpresarien irabaziek leku gehiago hartu duten heinean, langileen eskubideek gibelera egin dute»

Martxoaren 7ko greba mugimenduaren harira, berriz ere erretreten erreformaren inguruko eztabaida piztu da. Eta preseski gaurkoan gai hori ukan dugu gure Euskal Irratietako gomitarekin. CFDT sindikatuko kide historikoa den Sauver Bacho izan dugu gurekin, erretreten erreformaz eta langileen eskubide galeraz mintzatzeko.