Urruñan etorkinen alde lan egiten duten hiru pertsona atxilotu zituzten astearte goizean, migranteei «legez kanpoko» laguntza emateaz akusaturik. Arratsalderako askatu zituzten. Hala ere, Jerome Bourrier Baionako prokuradorearen arabera, ikerketak irekirik segitzen du «manera antolatuan legez kanpoko egonaldian diren atzerritarrak laguntzeagatik». Bidasoa Etorkinekin eta Diakite kolektiboek deiturik, berrehun pertsona inguru bildu ziren Hendaiako polizia etxearen aitzinean, hiru kide horien kontrako errepresioa salatzeko.
Iparraldeko bizitegi sozialen egoerari buruzko azterketa egin du Herrian Bizi plataformak. Ondorio nagusia, argia da: etxebizitza sozialen eskaintza, ez dator bat eskariarekin. Orotara, 11.600 eskaera egin dira Iparraldean, eta bataz beste bi urte goiatatu behar da. Egoera hori hobetze aldera, instutuzioetan ikusten dute gakoa. Horretarako herriek beren hirigintza planoak moldatu behar dituzte, eta promotoreei zuzendu neurriak gogortu. Plataformak azpimarratu du ere, HSA edo Office64 bezalako egitura publikoak diru zailtasunetan direla.
Erretreten erreformaren kari azken egunetan izan gertakariak aipatzeko Mediabask hedabideko Maite Ubiria eta Berria egunkariko Ekhi Erremundegi kazetariak izan ditugu gurekin, Goiz Berri saioan. Jose Luis Aizpuru Euskal Irratietako erredaktore buruak gidatu du mahai-ingurua.
1997ko martxoaren 21ean zendu zen Marc Légasse-Zelaia, euskal militante eta idazle historikoa. Bere heriotzaren urtemuga kari, bere ibilbideaz mintzatu zaigu Peio Etxeberri.
Lehen bataila bat irabazi ondoan ere, Etxepare lizeoko ikasleak eta Seaska mobilizatu dira astelehen eguerdi huntan. Baxoko « berezitasuneko » azterketak gaur (astelehena) hasten direla eta, orroitarazi dute oraindik osoki frantsesez konposatu beharko dutela terminaleko ikasleek. Baxoaren gaian ere erantzun bat galdegiten dute. Brebetaren gaia deskorapilatu bada ere, azpimarratu dute sare sozialen bidez jakin zutela berria. Hezkuntza ministeritzatik mespretsuaren adierazle Seaskaren iduriko.
Berrogei urte, lehen eskola publiko elebiduna sortu zela Saran. Lau hamarkadaren ondotik, 24 eskola publikotan euskaraz irakasten dute ama-eskolan, eta hurrengo sartzean murgiltzea hedatuko da beste bost eskoletan. Baina galtze handia izanten da ikasleak CM 2 eta are kolegiora iragaiten direlarik. Neurketen arabera, kasik ikasle kopurua erdira murrizten da. Fenomeno hori aztertu dute Hendaian iragan den mahai inguruan. Bertan aipatu hausnarketak eman dizkigute Ikas Bi eta Biga Bai buraso elkarteetako Lutxi Detxart eta Celine Etxebarnek.
Akitania Berria/Euskadi/Nafarroa Euroeskualdeko ordezkari politikoek urteko lehen bilkura orokorra egin dute Donibane Garazin. Abiadura handiko korridore atlantikoa babesteko, eta Frantziako Gobernuari hartutako konpromisoak bete ditzan galdegiteko baliatu dute hitzordua Alain Rousset, Iñigo Urkullu eta Maria Chivite presidenteek. Izan ere, Frantziako Azpiegituren Orientabiderako Kontseiluak (COI) Bordele-Akize arteko abiadura handiko lotura 2042 urtera gibelatzea pentsatzen du, Hendaiako nahiz Euskal Y-ren lotura dilindan emanez. Horrek hautsak harrotu ditu Eusko Jaurlaritzan, eta Urkulluk Frantziako Gobernuaren gaineko presioa azkartzen hasi da, lehenik Macroni igorri gutun baten bidez, eta bigarrenik, ardatz atlantikoko ordezkari politiko nagusiak berekin lerrokatuz. Horrez gain, Euroeskualdea zeharkatzen duten azpiegitura elektrikoak hobetzeko eta hidrogeno korridorearen egitasmoa bultzatzeko beharra aipatu dute.
Ekaina erditsutan eta uztaila hastapenean emanen dute Arrosatarrek kabalkada. Joan den urtetik hasiak dira prestatzen eta asteburu honetan errepika orokorra egin dute. Haiengana hurlbidu gara, ikusgarriaren azken berriak hartzeko.
Botere eta diru laguntza gehiago galdegin dizkio Euskal Hirigune Elkargoak Frantziako Gobernuari, lekuko etxebizitza politika azkar bat abiatzeko. Horretarako, AOH Etxebizitza Antolatzeko Autoritatea bilakatu nahi luke. Bestalde, Energia eta bizitegia izeneko bi egoitza ere sortuko ditu aurten, Donapaleun eta Baionan, berritze energetikoari eta bizitegiari doazkien galderen inguruan herritarrak kontseilatzeko. Hainbat herriko etxeren laguntzeko azterketa ere darama, zenbait egoitza zaharberritzeko eta herri erdigunean berpizteko xedez.
- Bigarren etxebizitzen emendaketa salatu du EHBai-k
- Brebeta euskaraz, baxoa oraindik frantsesez
- Bidaia, Baiona Ttipiaren historian barrena
- Mobilizazio aldi berria hauspotu du 49.3 artikuluaren baliapenak
- Barnealdean ere, Montessori eredua zabaldu nahirik
- Bizifilmak festibala, ikasleen lanak pantaila handira
- Egonezina Kanboko suhiltzaileen kasernan
- Egun erabakigarria erretreten erreformarentzat
- Mugari buruzko bizipenak eta erronkak hizpide