Baztango eta Baigorriko gazteen arteko topaketa asteburu honetan burutuko da

Baztandar eta baigorriar gazteen arteko trukaketa egonaldia Amaiurren iraganen da asteburu honetan Baztango Udalak eta Baigorriko Herriko Etxeak antolaturik. Bi herrien arteko harremanak indartzeko xedez iraganen da 12- 15 urte bitarteko gazteen arteko topaketa eta asteburu osoko egitaraua prestatu dute. Joseba Otondo Baztango alkatearekin mintzatu gara.      

(Argazkiaren egilea: Baztango udala)

 

Diru biltze kanpaina abiatu du Bada gazte hedabideak

Sare sozialetan tokiko gaien inguruko bide laburrak zabaltzeko xedez sortu zen bada.eus. Helburu bezala eman zuten belaunaldi gazteek usaian kontsumitzen dituzten gauzak, euskaraz eta iparraldeko gaiekin erreproduzitzea. Orain, diru biltze kanpaina abiatu dute proiektua finantzatzeko. Bada hedabideko Lukas Hiriart eta Jon Peli Etxeberriaren mintzatu gara.

Hamabost milioi euro hizkuntza politikaren, mugaz gaindiko garraioaren eta enpleguaren alde

Mugaz gaindiko hizkuntza politika, mugikortasuna eta enplegua laguntzeko 15 milioi euroko fondoa eskuratuko du Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa euroeskualdeak. 
POCTEFA mugaz gaindiko europako diru laguntza programaren baitan da fondo hau.  Euroeskualdeak diru hori besteak beste proiektu deialdien bidez bideratuko du. Lehen deialdia 2024an martxan emango da. 

Bizkaiko golkoan arrantzatzeko debekua

Berriki Frantziako Estatu kontseiluak Bizkaiko golkoan hainbat hilabetez eta hainbat lekutan arrantzatzeko debekatzea erabaki du arrantza sareetan nahi gabe hiltzen diren izurdeak babesteko helburuarekin. Erabaki honen aurrean Baionako eta Donibane Lohitzuneko arrantzaleak kexu agertu dira eta portuak blokatu zituzten martxoaren bukaeran.  Marga Forestier kazetaria Olivier Azarete Aturriko arrantzalearekin mintzatu da bai eta Sea Sheperd Gobernuz kanpoko erakundeko kide den Elodie Pouet.ekin ere.

Biharko Euskal Herria eraikitzeko prest! lemarekin ospatu da Aberri Eguna Itsasun

Aberri egun jendetsua izan da Itsasun igandean.1500 lagunek manifestaldian parte hartu zuten eguerditan, BAGIRA prozesuak deiturik. Itsasuko plazatik abiatu dira Atharriraino. Eta elizaren ondoko oroit harrian izan dira hitzaldiak. Hain zuzen ere duela 60 urte antolatu baitzen lehen Aberri Eguna Itsasun, eta orduan zuten oroit harria han ezarri.
Ekimena kari, Mizel Iribarren Itsasuko auzapezak hitza hartu du. Kriztof Arotzarena Itsasuko auzapezarekin mintzatu da

«Zero energia» tailerra eraikitzen ari da Alki enpresa altzarigilea, Larresoron

Itsasuko lantokitik, Larresorora mugituko da Alki muble enpresa. Lantoki berriaren eraikinak, trantsizio ekologikoa eta iraunkortasuna ukanen du ardatz. Berrikuntza horietaz mintzatu gira Eñaut Jolimon de Haraneder, Alki enpresako zuzendariarekin.

Herriko etxeei dei egin die Uda Lekuk, prekarietatearen gurpil zoroa gelditzeko

Uda Lekuk bere egoera ekonomika latzaren berri eman zuen joan den astean. Herriko etxe batzuen engaiamendu ezaren ondorio zuzena da. Gaur egun, bost bilgunetan 1.100 haur errezibitzen ditu urtean zehar, eta haur horiek 64 herri ezberdinetatik heldu dira. Herri horietatik, hamabostek bakarrik diruz laguntzen du euskarazko aisialdi zerbitzua. Apirilaren 22ko manifestaldira deitzen du euskalgintzako beste aktoreekin batera. Uda Lekuk berrogei urte betetzen ditu aurten, urte muga ospatzeko urriaren 8an egun berezia antolatuko dute Itsasun. Maddi Bordagarai Uda Lekuko koordinatzailea gure gaurko gonbita izan da. 

Xingar feria: Baionako xingarraren sormarkak 25 urte bete ditu

Ostegun honetan hasiko da Baionako 560. xingar feria. Lau egunez Baionako xingarraren inguruko konkurtso, jastaketa eta salmenta egiteko parada izanen da. Aurten, gainera, AGB Adierazpen Geografiko Babestuaren sormarkak 25 urte betetzen ditu. Sail horrek zortzirehun hazle biltzen ditu gaur egun, eta aurtengo ferian horietarik zonbait ezagutzeko parada izanen da. Haiekin batera izanen dira ere bo dozena zerri hazle. Etxaldeko xingar onenaren lehiaketa ostegun goizean iraganen da merkatuko plazan, goizeko 9:30etan.

Tokiko agro-elikadura startup-ak mugaz gaindi bultzatuko ditu Inkuba sareak

Inkuba sarea estrenatu dute joan den ostiralean Heletan, Hazitegia lantokian. Hiru egiturek bultzatu dute  proiektua, Euskadiko Azti ikerketa zentroak, Nafarroako lntia enpresak eta Heletako Agour enpresak. Sare horrek hazkurri industriako tokiko enpresa berri eta berritzaileak langundu nahi ditu. Mugaz gaindiko proiektua izanki, Euro-eskualdearen babesa bildu du ekinbideak. Startup enpresekin partaidetzak izenpetu aitzin, urte eta erdiko epea hartuko dute Inkuba sarea egonkortu eta egituratzeko.