Ipar Euskal Herriko mugimendu sozial-sindikalaren inguruan mintzaldia antolatzen dute Bagira kanpainaren barnean. Esperientzia eta ikuspegi ezberdinetako bost partaide izan dira bertan, Argitxu Dufauk animatuko duen mahai inguruan. Parte hartzaileetan izan dira Bixente Vrignon, Gabi Mouesca, Henry Perez, Dominika Daguerre eta Jeronimo Prieto. Azken bi hauekin mintzatu gira:
Marka propioa sortu du, 90 hazle inguru biltzen dituen Buru Beltza elkarteak. Bi urteko lanketaren emaitza izan da. Hainbat irizpide zehaztu dituzte, hala nola: sailaren iraunkortasuna, mendiko hazkuntzaren babesa eta produktuen kalitatea. Horren bidez, antzinako ardi arraza behar bezala baloratua izatea erdietsi nahi dute, haren esnetik hasi eta artileraino. Egitasmoa aurten abiatuko da, hainbat etxaldeetan bildutako esnez egindako gasna batekin. Diru bilketa kanpaina parte hartzailea abiatu dute ere, proiektua 6.000 eurorekin bultzatzeko.
Pinar Selek soziologoaren kontrako nazioarteko atxilotze agindua eman du Turkiak urtarrilaren 6an. Horrek erran nahi du edonoiz atxilotu dezakela Frantziako Poliziak. Tokiko sustengu taldeek deia luzatzen diote Frantses estatuari agindua ez dezan onartu. Pinar Selek-ek frantses herritartasuna lortu du 2017an. Maite Galartza Euskal herriko sustengu komiteko kidearekin mintzatu gira:
Osasun mentalaz mintzaldia antolatzen du Epaiska elkarteak ostegunean. Hitzaldi ziklo baten lehen hitzordua izanen da eta karia hortara Iñigo Antxorregi Dierez gomitatu dute. Bere bizi kondaira egiten duen 'Nire minaren etxetik' liburutik abiatuko da eztabaida, Martin Antxia Epaiskako kideak azaldu digunez. Arratsaldeko 19:00etan emana da hitzordua. Eta larunbatean bestalde, beste hitzordu bat antolatzen du Epaiskak ere : bertso bazkari musikatua, Aitor Bizkarra eta Amets Arzallus bertsolariekin eta Libe Goenaga eta Aner Peritz musikariekin.
Euskal Herriko Ekonomia Sozial Eraldatzailearen Mugaz Gaindiko III. Topaketa antolatu dute Elizondon joan den ostegunean. Ipar eta Hego Euskal Herriko kooperatiben plan partekatua eraikitzea izan da xedea. Bertan bat egindute Hemen, Andere Nahia, Olatukoop edota Antic Pays Basque. Besteak beste interkooperazioari buruzko tailerrak izan dira. Francis Carricart, Hemen elkarteko kideak Euskal irratietan adierazi duenez, ekimen horri esker, euskal enpresa kooperatiboen arteko «ezezagutza» gainditzeko lehen harria ezarri nahi lukete.
Gaur sartuko da indarrean Hirigune Elkargoak bizitegi turistikoak apaltzeko bultzatu neurria. Tentsio pean diren Lapurdiko 24 herritan ukanen du eragina. Araua errespetatua izan dadin Lurraldeko Elkargoak lau langile ukanen ditu eta Herriko auzapezek izanen dute azken ardura, Konpentsazioa aplikatua izan dadin 24 herritan. Elkargoak 2022ko martxoaren 5ean gehiengo osoz onartu zuen konpentsazio arautegia, etxe-jabeek urte osorako eman ditzaten beren apartamenduak alokairuan, eta AirBnb bezalako plataformetatik kanpo. Konpentsazio arautegia izoztea deliberatu bazuen auzitegiak lehen mementoan, iazko buruilean argi berdea eman zakon nuerriari, nahiz eta Elkargotik azaldu zutenez, «legearen mamian ez zen sartzen». Eta preseski martxoaren 6an, Paueko auzitegiak Elkargoak onartu zuen arautegiaz bere deliberoa emanen du. Filipe Aramendi, gaiaz arduratzen den hautetsia baikor agertu da Euskal irratietan.
Baionako Merkatal eta Industria Ganbarak, Ipar Euskal Herriko 4.000 enpresa galdezkatu ditu urtarrilean. Egoera ekonomikoa azken urteetako egokiena ez bada ere, Iparraldeko enpresaburuak aski baikor agertu dira. Galdezkatuak izan direnen %80aren arabera, negozio kopurua egonkortu edo hobetu da. Aldiz, denek azpimarratzen dute langile berriak hartzeko zailtasunak dituztela. Bestalde, erretreten erreformaren kontra izandako greba deialdiei begira, André Garreta ganbarako presidenteak, ekonomiaren oztopatzen duten deialdiak gaitzetsi nahi izan ditu.
Aldaketa andana aurkeztuak izan dira Berritza elkartearen biltzar nagusian. Hemendik aitzina bulego eta errepika gela berria izanen dute, antzerki, dantza eta musika taldeek baliatzen ahalko dutena. Hirigune Elkargoak eskaini dio azpiegitura elkarteari, Xiberoako kultur ekoizpenak bultzatzen segi dezan. Azken urteetan, dantza ikastaroak eskaini dizkie Berritzak lizeoko 30 ikasleei, eta horren kari, Txingilika dantza-taldea sortu dute.
- Garagardo marka propioa sortu dute Baiona Ttikiko ostalariek
- Beñat Etxebest: «Etxalde elkartetik etxeen eta lurren gureganatzea bultzatu nahi dugu»
- Senpereko auzapez izanen da Bernard Elhorga
- Bortak irekiko ditu Pariseko laborantza saloiak
- Arrapostu bat hitzeman die Bordaleko errektoreak, Azterketak Euskaraz kolektibokoei
- Ukrainiako gerra piztu eta urtebetera, bakerako aukera eskas
- Autopistako 11 bakegileen auzia iragan da Baionan
- Libertimendua euskal kultura eta gizartearen garapenaren ispilu bat?
- CFDT sindikatuak salatu du "Action Logement" egiturak jasan duen diru murrizketa