Manifestaldia Baionako tren geltokitik hasi da eta funtzio publikoko arlo ezberdinetako lanbideak errepresentatuak ziren. LAB sindikatua batu da intersindikalaren deiari, bainan, manifestaldi denboran, erabaki dute ez komisaldegitik pasatzea.
Baionako tren geltokitik 10:30ean hasi da funtzio publikoaren defentsaren aldeko manifestaldia astearte honetan. Arlo ezberdinetako 1100 bat pertsona mobilizatu dira, denak elgarrekin, baliabide gehiago eskatzeko funtzio publikoarentzat lan-sariak emendatuz eta lan baldintzak hobetuz. Ibilbidea hainbat zerbitzu publikoetatik pasatzen zen: tren geltokitik, herriko etxetik, auzitegitik, eta, amaitzeko ospitalean elkartu dira.
Zerbitzu publikoaren defenditzeko, hainbat arloko langileak hor ziren, ala nola osasungintzakoak, irakaskuntzakoak edota suhiltzaileak. Denek diote gaur egungo baliabide eskasak eta diru murrizketek langileak lanjerrean emaiten dituztela eta horrek herritar guztiengan eragina duela.
Intersindikalak du gaurko manifestaldia antolatu eta LAB sindikatua batu zaio mobilizazioari. Aldiz, LABeko manifestariek erabaki dute beste sindikatuek hautatuko ibilbidea moztea ez komisaldegiaren aitzinetik pasatzeko poliziaren errepresioaren aurka direlako. Erabakia manifestaldi denboran denek elgarrekin hartu dute Baionako herriko etxearen aitzinean. Bitan banatu da beraz manifestaldia, ondotik denak ospitalera buruz joateko.