Gazteak gero eta lehenago murgiltzen dira sare sozialetan, eta horrek kezka sortu du politikariengan. Frantziako Asanblada Nazionalak ikerketa baten bidez TikTok aztertu du, osasun mentalerako arriskuak eta neurri zorrotzak mahai gainean jarriz.
Gazteak gero eta goizago hasten dira sare sozialetan. E-enfance elkarteak egindako inkesta baten arabera, lizeoko ikasleen artean %96k sare sozialak erabiltzen dituzte, eta 6 eta 8 urte bitartekoen artean %65ek. Gainera, 12 eta 25 urte bitartekoen erdiak baino gehiagok gutxienez behin sartzen dira sare sozialetan egunero. Zenbaki horiek kezkak sortu dituzte hainbat gurasoren artean, baina baita Frantziako Asanblada Nazionalean ere. Parlamentariek sei hilabetez egindako ikerketaren baitan, sare sozial batek bereziki piztu du arreta: TikTok.
«Eduki kaltegarriak», «desinformazio medikoa», «ondorio suntsitzaileak», «suizidiorako bultzadak»... Parlamentarien txostenak Txinako sare sozialaren erretratu oso kritikoa egiten du. Diputatuek TikToki leporatzen diote eduki bortitz eta problematikoak arruntzat hartzea, erabiltzaileen osasun mentalari inolako arreta jarri gabe, bereziki «psikologikoki oso ahulak» diren publikoen artean: nerabe gazteen artean.
Hori horrela, txostenak hainbat neurri proposatzen ditu eragin negatibo horiek murrizteko. Aurkeztutako 43 neurrien artean, bik eztabaida sortu dute, bai ikuspegi moraletik, bai egingarritasunaren aldetik ere: 15 urtetik beherakoei sare sozialak debekatzea (mezularitza-aplikazioak salbu) eta 15 eta 18 urte bitarteko adingabeentzat gaueko 22:00etatik goizeko 8:00etara arteko debeku digitala ezartzea.
«Ikasleak arretarako zailtasun handiak dituzte»
Eder Etxebarria, Etxepare lizeoko irakaslea, zientzia digital eta teknologikoetan dabil. Hark dio ikasleek gero eta zailtasun handiagoak dituztela kontzentratzeko. Ihintza Malharrin neuropsikologoak sare sozialen, eta bereziki TikToken, eragina azpimarratu du: «TikTok bezalako aplikazioek arreta murrizten dute [...] erraz igarotzen ditugu orduak pantailaren aurrean, baina ezer ez dugu barneratzen; jarduera kognitibo pasiboa da».
Malharrinek gaineratu du aplikazio horiek lo egiteko orduan ere eragina izan dezaketela: «Oraindik gehiago aztertu beharra dago, baina badirudi burmuinaren default mode network aktibatzen dela ez dugunean ezer egiten. Sare hori asperduran aktibatzen da, eta horrek gure aspertzeko gaitasuna bera ere ahuldu dezake».
Hala ere, haren ustez, sare sozialak ez dira guztiz negatiboak: mundu osoko jendearekin harremanak egiteko aukera ematen dute. «Arazoa ez da TikTok bakarrik. TikTok-ek berritasunak ekarri baditu ere, gaur egun denek dute antzeko funtzionamendua. Arazoa aplikazioen diseinuan dago», adierazi du. Etxebarriak ere ez du debekua bide egokitzat ikusten: «Ez naiz debekatzearen aldekoa. Ezagutzen ditut gazte batzuk sare sozialetan direnak haien gurasoen perfiletan hasi zirenetik. Nola azalduko diegu orain ezin dutela sare sozialik erabili? Zaila izanen da».
Buruhauste teknikoa eta etikoa
Alde juridikoan ere badira zalantzak: ez dago argi proposatutako neurriak bateragarriak direnik Europar Batasunaren legediarekin (Digital Services Act, besteak beste). 2023ko Senatuaren txostenak adierazi zuen ez dagoela «irtenbide tekniko egokirik» adin-kontrolerako, baina horrek ez dituela «plataformak, eta bereziki TikTok, beren erantzukizunetatik salbuesten».
Bestalde, askok neurrien alde etikoa ere zalantzan jartzen dute: estatuak herritarren bizitza pribatuan esku hartzeko duen gaitasunak galderak pizten baititu esparru demokratiko batean.