Baiona (Lapurdi)

1.500 euro arte 2024ko Korrikan migratzaileekin muga pasatzeagatik akusatuendako

"J'accuse" izendaturiko auzia hartu du Baionako epaitegiak gaur. Zazpi herritar akusatuak dira egoera irregularrean ziren pertsonei frantses lurraldean sartzen laguntzeagatik. Prokuradoreak isunak eskatu ditu 6 akusaturendako, 1 500 euro fermu arte.

1.500 euro arte 2024ko Korrikan migratzaileekin muga pasatzeagatik akusatuendako
Hamarka lagun bildu ziren atzo arratsaldean Baionako epaitegi atarian zazpi auzipetuekiko elkartasunez. EUSKAL IRRATIAK
Erredakzioa
2025/10/07 12:27

Ehunka lagun hurbildu dira, 2024an, Korrika garaian, migratzaileekin muga pasatzeagatik akusaturiko zazpi herritarren sostengatzeko, auzitegian sartu direlarik. Orain aitzin ere, 19 auzapez, 22 eurodiputatu, hiru diputatu eta 4.000 lagun: babesik ez dute eskas Baionako auzitegian epaituak izanen diten 7 lagunek. 2024ko martxoan, Korrika Irundik abiatu eta Hendaiara pasa zenean milaka lagunen artean pasa ziren dozenaka migratzaile ere, etorkinen alde ari diren kolektiboek kudeatu ekintza baten baitan. Aste batzuk geroago egin zuten publiko ekintza.


OLTIM poliziaren migratzaileen trafiko ilegalaren aurkako borrokarako agentziak burutu ikerketa batek gaur epaitzen dituzten zazpi herritarrak ikertu eta atxilotzera eraman zituen joan den udazkenean. Urte hastapenean izan behar zen epaiketa, eta manifestaldi jendetsu bat izan zen Hendaian, baina defentsak hala eskaturik gaur arte gibelatu zuten.


Epaiketa tribuna politiko bezala erabili eta frantses estatuaren migrazio politika erdigunean eman nahi dutela azaldu zuen atzo Amaia Fontang Etorkinekin-Diakité elkarteko kideak Euskal Irratietako Goiz Berrin.

Auzi bukaeran, prokuradoreak isunak eskatu ditu sei akusaturendako. pertsona batentzat galdegin du 1500 euro fermu, 500 euro gibelapenarekin.  Isun ttipiena 1000 euro gibelapenarekin da. Elementu eskasagatik ez du zigorrik eskatu zazpigarrenarendako. Abenduaren 16an ukanen dute deliberoa.

Publizitatea

Interesgarri izanen zaizu