Donapaleu (Baxe Nafarroa)

2027ko irailean eginen dute sartzea Seaskaren Donapaleuko lizeo berrian

Bi urteko hausnarketa lanaren ondotik, larunbatean aurkeztu dituzte lehen planoak eta xehetasunak Donapaleun egin den Ikastolen kontseiluan. 2029an pasatu beharko lukete baxoa lehen ikasleek Amikuzen izanen den ikastetxe berrian.

2027ko irailean eginen dute sartzea Seaskaren Donapaleuko lizeo berrian
Larunbatean baliatu ziren Ikastolen kontseiluan, seaskako ikastola kolegio eta lizeoko ordezkariak biltzen diren urteko bilkuraz lizeo berriko planoen aurkezteko. SEASKA
Artzen Letona
2025/12/22 17:27

Larunbatean Ikastolen Kontseilua baliatu zuten, Seaskako ikastola, kolegio eta lizeoko ordezkariak biltzen diren urteko bilkura, proiektuaren aurkezteko. Donapaleuko VVF opor herriaren gunean, proiektu orokor baten sortzeko asmoa du Donapaleuko Herriko Etxeak, eta proiektu horretan sartzen da Seaskaren bigarren lizeoa, 6 000 m² baliatuko dituena.

 

Gauche arkitekto kabinetekoak arduratu ziren interesa pizten zuen planoaren aurkezteaz. Ospitaletik Aiziritzeko bidean kokatua izanen da, bi eraikuntzaz osaturik, ikasgela alde batean eta bestean barnetegia, 80 oherekin, baita jangela bat ere. Azken hau Amikuzeko lurraldeak ondoko lurretan eraikiko duen aisialdi guneko haurrek ere baliatuko dute.


Bi urteko gogoeta lana eramana izan da. Lizeoan, xedea dute talde pedagogikoaren osatzea zuzendari berriarekin. Lanen aldetik ere gauzak aitzinatzen ari dira, nahiz eta momentuz eskualdearen finantzaketa segururik izan gabe, diru bilketa kanpainak abiatuko dituzten.

 

Epeer dagokienez, 2027ko irailean egingo dute sartzea Donapaleuko Seaskaren lizeo berriko ikasleek. Hori dela-eta, 2029an lehen ikasleek baxoa pasatuko dute eta bazterrak euskaraz inarrosiko. 

Interesgarri izanen zaizu