Miarritze (Lapurdi)

21. Lurrama hasi da: ura izanen da edizio honen erdigunean

21. Lurrama hasi da ostiral honetan, "Ama ura zaindu" lemapean. Urtero bezala, laborantxa herrikoiaren besta antolatzen du Euskal Herriko Laborantxa Ganbarak Miarritzeko Irati gelan. 20 000 bisitari inguru igurikatzen dituzte hiru egunez.

21. Lurrama hasi da: ura izanen da edizio honen erdigunean
Hainbat animazio proposatuak dira urtero Lurraman. EUSKAL IRRATIAK
Erredakzioa
2026/11/06 17:21

Ur arranguren baztertzeko, klima kanbiamena gelditu behar da! Hau da ostiralean goizean 21. Lurramatik helarazi nahi izan den mezuetariko bat. "Ama Ura zaindu" lemarekin, Euskal Herriko Laborantxa Ganbarak nahi izan du baliabide garrantzitsu hori argitan ezarri.


Gure lurraldean euri anitz egiten du, baina uda honek erakutsi digun bezala, berotze klimatikoak eta ur baliabideen zuhurtzeak eragin handia dute denentzat. Ura edaten dugu, baina gure janariaren ekoizteko ere ur anitz behar da. Fruitu, baratzekari, zereala, haragi, esne eta gasna ekoizteko ura erabiltzen da. Funtsean, elikagaiak urez osatuak dira.

 

Galdera anitz agertzen dira aski fite: nola zaindu baliabide hau, guzientzat eskuragarria den kalitatezko tokiko elikagaien hornidura atxikiz ? Ttipitzen diren edozein baliabideekin bezala, uraren erabilpenak hautuen egitera eta lehentasun batzuen ezartzera behartuko gaitu. Baina zoin hautu eta lehentasuna? Ura zendako lehenetsi? Edateko? Elikagaien ekoizteko? Energiarendako?


Galdera frango, eta arrapostu erretxarik ez. Asteburu guzia gai eta galdera horien inguruan antolatua da, hainbat mintzaldirekin adibidez.


Betiko publikoaz gain, ikasle andana bat pasa dira Miarritzeko Irati gelatik ostiralean laborantxa munduaren ezagutzeko. Ikusgai ziren usaian bezala behiak, ardi, xerri, zaldi edo ere asto arraza desberdinak.

Publizitatea

Interesgarri izanen zaizu