Arratsaldeko 15:30ean hasiko da 24. Korrika, eta lehen kilometroko lekukoa Euskal Irratiek hartuko dute, euskararen alde egindako lanaren aitortza gisa.
24. Korrika Atharratzen abiatuko da heldu den ostegunean, martxoaren 19an. “Euskara gara” lelopean, euskararen aldeko lasterketa erraldoia arratsaldeko 15:30ean abiatuko da Xiberoako herri horretatik, duela 40 urte egin zen bezala.
Eguna goizean goiz hasiko da Atharratzen. 10:00etan Korrika Ttipia eginen dute, eta ondoren herrian giroa berotzeko animazio ugari izanen dira: txaranga, dantzaldiak, ikuskizunak, erraldoiak eta gaiteroak, besteak beste. Arratsaldeko 15:00etan eginen dute ekitaldi nagusia Atharratzeko herriko plazan. AEK-ko kideek eta Xiberoako euskalgintzako ordezkariek emanen diote hasiera Korrikari, dantzari eta txalapartari zuberotarren laguntzarekin. 15:30ean abiatuko da korrika bera. Lehen kilometroko lekukoa Euskal Irratiek hartuko dute, euskararen alde urte luzez egindako lanaren aitortza gisa. Korrika Nafarroa Beherean barna segitzen duen bitartean, festa giroak jarraituko du arratsaldean eta gauean Maulen. Bertan hainbat kontzertu antolatu dituzte, Utxaranga, Kuartz eta Frigo taldeen emanaldiekin.
Korrikaren inguruko xehetasun gehiago Korrikaren webgunean edo aplikazioan kontsulta daitezke.