24. Korrikaren kilometroz kilometroko xehetasun guztiak ezagutzera eman ditu AEKk. Ibilbidea KORRIKA aplikazioan zein webgune ofizialean kontsulta daiteke.
Gaur goizean, 9:30ean, ofizialki aurkeztu da 24. Korrikaren ibilbidea, kilometroz kilometro. AEKk jakinarazi du lasterketa erraldoia 2026ko martxoaren 19tik 29ra bitartean eginen dela, hamar gau eta hamaika egunez Euskal Herria punta batetik bestera zeharkatuz. Aurten, Korrika Atharratzetik abiatuko da eta Bilbon amaituko da.
Ipar Euskal Herria 2 aldiz zeharkatuko du Korrikak
Irteera eguna martxoaren 19a izanen da, arratsaldeko 15:30ean, Atharratzen. Handik gutxira iritsiko da Maulera (16:49), eta arratsaldean edo gauean aurrera eginen du Baxe Nafarroarantz. Gau berean pasatuko da Donapaleu eta Hazparnetik, eta gauerdia baino lehen sartuko da Garazin (02:53). Une horretan, Arnegitik, Hego Euskal Herrira igaroko da.
Martxoaren 24an, Korrikak berriz ere Ipar Euskal Herria zeharkatuko du. Goizean goiz sartuko da Lapurdin, eta eguerdi aldera barnealdeko hainbat herritik igaro ondotik, arratsaldean kostaldera helduko da. 20:28an sartuko da Baionan, eta jarraian Angelu eta Miarritze zeharkatuko ditu. Iluntzean Donibane Lohizunetik pasatu, eta gaueko hamar eta erdiak aldera iritsiko da Hendaian, handik berriz hegoalderantz abiatzeko.

Euskal Herriko hiriburu guztiak zeharkatuko ditu Korrikak
Hego Euskal Herriko hiriburu nagusiek ere badituzte beren hitzorduak markatuta. Martxoaren 22an, 16:22an, Korrika Iruñara iritsiko da. Martxoaren 25ean, goizeko 07:22an, Donostian sartuko da, Pasai Donibanetik. Ondotik, martxoaren 27an, 20:53an, lekukoa Gasteizen izanen da. Azken eguna martxoaren 29a izanen da. Goizeko 07:34an iritsiko da Bilbora, eta eguerdi aldean, 12:00ak aldera, Areatzako Zubian eginen da Korrikaren azken ekitaldia
Ibilbidearen xehetasun guztiak KORRIKA aplikazioan eta webgunean kontsulta daitezke, ordutegiak eta herriz herriko pasabideak zehaztuta.