300 bat herritar bildu dira Ortzaizen "tindaketa faxistak" deitoratzeko

Ortzaizeko eta inguruko herrietako adin orotako herritar saldoak erantzun zion astelehen arratsean herritar batzuek zabaldu deiari. Ortzaizen eta Irisarrin agertu Canon Français-ren aldeko tindaketak salatu zituzten.

300 bat herritar bildu dira Ortzaizen "tindaketa faxistak" deitoratzeko
Ortzaizeko astelehen arratseko elkerratarzeko une bat. EUSKAL IRRATIAK
Iñaki Etxeleku
2026/11/24 10:44

«Faxismoaren kontra borrokatu» ozenki erranez bildu ziren ehunka herritar Ortzaizeko plazan, astelehen arratsean. Asteburuan, Ortzaizeko errebote zaharraren gainean eta Irisarriko kirol zelaiko eraikin gainean Frantzia eta Canon Français goratzeko tindaketak salatzeko elgarretaratu ziren, herritar batzuek espontaneoki deitu erantzun horri jarraikiz. Ortzaizeko herriko etxeak plenta jarri du, Irisarrikoaren gisan tindu andeatze horiengatik.


Arratsaldeko zazpietako bildu ziren adin orotako 300 bat herritar, Ortzaizetik eta inguruko herrietarik jinik. Elgarretaratzea deitu zutenek hitza hartu zuten, idatzi zuten testu bat irakurriz.


« Argi ikusten dugu faxismoaren gorakadari loturik mota anitzetako erasoak indartzen eta emendatzen ari direla », adierazi zuten. Oroitarazi ere, iragan berri den udan zenbait herritan agitu gertakariek arranguratzen dituztela. Maulen, Luhuson, Itsasun, Bidarrain, Ainhize-Monjolosen, Baionan, Biarritzen agitutakoak zerrendatu zituzten.



Stérin bezalakoen mundu "erreakzionarioari" lekurik ez uzteko


Pierre Edouard Stérin miliardun erreakzionarioak partez diruztatu eta Biarritzen egitekoa duten Canon Français « balore tradizionalista eta kontserbadoreen » sustatzeko egina dela salatu zuten, bestalde, hitzartzean; eta halakorik ez dutela onesten ez Ortzaizen, ez beste nehon. Aldiro salatzekoak direla gehitu zuten: «Jarrera horien aitzinean beharrezkoa da karrikak hartzea, eta Euskal Herriko xoko guzietan faxisten kontrako aldarriak zabaltzea. Ez diegu lekurik utziko».


Astelehenean bezala, larunbatean Biarritzen ere biltzeko deia zabaldu zuten, azkenik: « Bil gaitezen, hortzak erakutsiz, gure herriaren defendatzeko ergelkeria eta faxismoaren kontra».

Interesgarri izanen zaizu