Urriaren 8an, Frantziako gobernuak 3.000 irakasle ordezko bidaliko zituela jakinarazi zuen, bermatuak ez diren postuak betetzeko. Alta, epe laburreko aterabide horren gibelean, sistema oso baten ahuleziak agertzen ari dira.
Joan den aste bukaeran, eta ikasleen mobilizazioen ildotik, Frantiako gobernuak iragarri zuen 3.000 irakasle igorriko zituztela xiloak betetzeko krisia egoeran diren lizeoetan. Baina berria egoera bezain kezkagarria izan da anitzen ikupundutik: urgentziazko ordezkapen sistema bat baino, hipokrisia handitzat jotzen dute Hezkuntzako Nazionaleko hainbat aktorek. Horietarik, , Lontzi Amado Bortayrerekin mintzatu gira. Ekonomia eta soziologiako irakaslea da Angeluko Cantau lizeoan.
Hain zuzen ere, igorriak izan diren irakasle horiek haiena ez den irakasgaia irakatsi beharko dute, haien etxetik biziki urrun den leku batean, batzuetan 300 kilometrotara. Adibide gisa, urgentziazko ordezkapen sistema hortan, matematikako irakasle batek fisika irakatsi beharko luke, nahiz eta formakuntzarik ez ukan irakasgai hortan. Nahiz eta, itxuraz, bi irakasgaiak hurbil izan, bi metodo eta programa arrunt desberdin dira, Lontzi Amado Bortayrek azaldu digunez: “Egingarria ez den zerbait galdegiten digute, zaintza egiteko moduan”.
Ikasleek bi gauza galdegiten dituzte. Lehenik, baliabide eta materialaren arazoaren konpontzea. Hau, kolektibitateek dute aitzina eramaiten, baina gobernuak emaiten dituen ahalekin. Zer erranik ez, kolektibitate horiek fite mugatuak dira ikastetxe eta ikasleei baldintza material onen emaiteko, eskas diren ahalengatik. “Hautu politikoa”, Lontzi Amado Bortayreren ikuspundutik.
Bigarrenik, irakasleen eskasa. Horri buruz, Angeluko irakasleak argi du: gobernuak ekonomiak egin nahi ditu. Momentu honetako sortzeen apaltzea baliatzen ahalko luke gobernuak, irakasle kopurua emendatuz geletako kopuruen apaltzeko, ikasle gutxiago izan daitezen geletan, baina denak irakasle batekin. Horren ordez, irakasle kopurua murriztea erabaki dute podere publikoek, ikasle kopurua murriztu gabe. Hori hola, soldata guttiago pagatuko dute, eta ekonomiak eginen. Eta ere, irakasle gehiago enplegatu nahi balu gobernuak, beste arazo bat geldituko litzateke, Lontzi Amado Bortayreren arabera: nola irakasle berriak jinarazi baldintza eta soldata txarrak utziz?