Bizi-ko etorkinekiko elkartasun taldeak 3.870 euro bildu ditu abenduaren 31n egin zen 7. Urtats Solidarioari esker. Bildutako diru guztia hiru elkarteri bideratu zaie: Bestearekin, Etorkinekin Diakité eta Une école, un toit, des papiers.
Abenduaren 31n, Bizi-ko etorkinekiko elkartasun taldeak 7. Urtats Solidarioa antolatu zuen. Egun osoan zehar, 1.700 pintxo, 400 plater eta 28 tortilla saldu ziren, baita ahate-arrantzan banatutako 165 opari ere. Guzti hori posible izan da 64 laguntzaileren lanari esker; halaber, 10 litro arno bero prestatu zutenen ekarpena, salmentarako bixkotxak ekarri zituzten etxean hartuak diren 8 familien laguntza, bost kontzertu, eta elikagai-dohaintzak egin zituzten bi okin, barazkigile bat eta lau laborariren parte-hartzea funtsezkoak izan dira.
Horrez gain, elkarteentzako gune berezi bat ere antolatu zen, pertsona erbesteratuen egoera eta haiei laguntzeko bideak hobeki ezagutzeko. Ekitaldiaren bidez, 3.870 euro bildu dira migratzaileekin lanean ari diren tokiko hiru elkarterentzat: Etorkinekin Diakité, Bestearekin eta Une école, un toit, des papiers. Elkarte bakoitzak 1.290 euro jaso ditu, etxebizitza- eta administrazio-gastuak arintzeko.
Bizik azpimarratu du ekitaldi honek, zazpigarren urtez jarraian, Euskal Herrian elkartasunak duen indarra erakutsi duela, bereziki gaur egungo testuinguruan, diskurtso xenofobo eta arrazistak ugaritzen ari diren honetan eta pertsona migratzaileen egoera gero eta prekarioagoa denean. Horren adibide dira, besteak beste, Darmanin legea eta Retailleau zirkularra, paperak lortzea anitzez zaildu duten neurriak.
Horren harira, otsailaren 17an Korrikan zehar migranteei muga gurutzatzen lagundu zietenen epaiketaren emaitza ezagutuko da, eta horren kari elkarretaratzea deitu dute.