900 pertsona pagatuko ditu Baionako herriko etxeak sokorri eta segurtasuna bermatzeko Baionako Bestetan uztailaren 9tik 13ra. Aurten 150 urte ospatzen ari den Société Nautique Bayonnaise elkartearen egoitzan aurkeztu dute 2025eko edizioa.
Abantzu 1.200.000 bestazale hurbildu ziren Baionako Bestetara iaz. 2023ko edizioan baino %15 gutiago. Hala ere besta erraldoiak antolatzeaz gain, hauei dagozkien segurtasun neurriak plantan ezarri dituzte Herriko Etxetik. Jean-René Etxegarai auzapezak erran digunaz: «Lau milioi euroko behar ditugu besten antolatzeko eta erdia sokorri eta segurtasun gastuen estaltzeko baliatzen da. 900 pertsona pagatzen ditugu, 600 enpresa pribatuetakoak eta 300 CRS hots 4 CRS konpainia. Dena gehituz bestetako aintzinkonduen erdira heltzen gira. Hori jakin behar da eta hortarako ditugu sartzeak pagaraziko aurten ere ostiral eguerditik goiti». Sexu erasoei eta eraso sexistei begira prentsaurreko bat antolatuko dute ekainaren 30ean Herriko Etxeak eta Baiona 2032 kolektiboak. Hala ere bi berrikuntza aipatu ditu Laurence Hardouin axuantak: «QR kode bat izanen da PASS eskumuturretan eta norberak bere mugikorrarekin eskanea dezake eta horren bidez lotura eginen da hiriko 'viligance fêtes' aplikazioarekin. Eta hor xehetasunak atzemanen dira prebentzioari buruz edo jakiteko zer egin eraso baten seinalatzeko biktima edo lekuko bagira. Bigarren gauza, afixez gain, 'Erasorik ez' mezua idatzia izanen da edalontzietan. Basoa eskuan duena oroit dadin bestak inklusiboak izan behar direla eta errespetuzkoak».
Baionako Besten ondorioa ere ingurumenarengan oharazi nahi dute Herriko Etxetik eta galdetegi bat zabalduko diete bestazaleei besten ondotik Laurence Hardouinek gehitu duen bezala: «Galdeginen diegu hondarkinen kudeaketa aski izan denez. Trantsizio ekologiko axuant gisa argi dut, bestak memento alegeratsua izanik ere, ingurumena ainitz kaltetzen dutela. Aterabideak atzeman behar dira eta ez dugu segitzen ahal kutsatzen, zikintzen eta andeatzen kontzientziarik hartu gabe. Bestazalea ohartu behar da ingurumenak pairatu kalteez».
Iñigo Etxezarreta balkoian eta Gatibu Paul Bert plazan
Ez dute salatuko nork dituen giltzak botako aurten Herriko Etxeko balkoitik uztailaren 9an arratsaldeko 5 orenetan. Haatik jakinarazi dute Iñigo Etxezarreta En Tol Sarmientoren kantariak Zurekin Batera emanen duela bere gitarra lagun eta Nadau taldeko kantaria ere balkoian izanen dela. Ostiral arratsean Gatibu taldeak kontzertua emanen du Paul Bert plazatik. Iaz bezala haurren eguna izanen da ostegunarekin. Eta egun horretan ostatuei debekatu diete haien musika bozgoragailuetatik karrikara hedatzea 19:00 orenak arte.
Bi egunez Euskal Irratiak zuzenean Patxa plazatik
Itzalean Udako eguerdiko saioa eskainiko dugu Besta Alternatiboak iraganen diren Patxa plazatik ostegun eta ostiralarekin. Hain zuzen ere asteazken arratseko 19:00 orenetan estreinatuko dituzte Besta Alternatiboak Gazte Asanbladako kideek Baiona Ttipiko Xina ostatuko balkoitik. Eta Gure Irratiak egun osoko animazioa prestatua du Patxa plazako Patxondo peñatik larunbatarekin.