Bost euskal herritar lehiatuko dira Milan-Cortinako Olinpiar Jokoetan

Milan-Cortinako XXV. Neguko Olinpiar Jokoetan 90 nazionalitatetako 2.900 atleta baino gehiagok hartuko dute parte, horien artean bost euskal herritarrek. Horietatik hiru Basque Team fundazioaren babespean ariko dira.

Bost euskal herritar lehiatuko dira Milan-Cortinako Olinpiar Jokoetan
Arrieta Rodriguezek otsailaren 18an hartuko du parte eslalomean, Tofane Alpine Skiing Centre-en. OLINPIAR JOKOAK
Esteban Bastié Aguerre
2026/02/09 11:32

Larunbatean abiatu ziren Milan-Cortinako XXV. Neguko Olinpiar Jokoak. Guztira, Milan-Cortinako XXV. Neguko Olinpiar Jokoetan 116 proba egingo dira, zortzi kiroletan eta hamasei diziplinatan banatuta. 90 nazionalitatetako 2.900 atleta baino gehiagok hartzen dute parte; horien artean bost euskal herritar daude, eta horietatik hiru Basque Team fundazioaren baitan ari dira. Fundazioak ohar batean jakinarazi duenez, beka duten hiru kirolariek Espainiako selekzioarekin lehiatuko dute: Lucas Eguibar eta Álvaro Romero snowboardlariak, eta Arrieta Rodríguez eski alpinoa.

Eguibar snowboardcrosseko erreferente nagusietako bat da. Laugarren aldiz parte hartuko du Jokoetan, eta, besteak beste, 2021ean munduko txapeldun izan zen; gainera, bi diploma olinpiko lortu ditu. Romero ere snowboardlaria da, eta lehen aldiz lehiatuko da maila absolutuko Olinpiar Joko batzuetan; Gazteen Olinpiar Jokoetan brontzea irabazi zuen, eta Munduko Kopan podiumera igotzea ere lortu du. Bestalde, Rodríguez eski alpinoan aritzen da, eslalom modalitatean. Espainiako txapelduna da, eta nazioarteko probetan garaipenak pilatu ondoren sailkatu da Olinpiar Jokoetarako. Beste bi kirolariak Daniel Milagros eta Manex Salsamendi dira. Milagros, iruindarra, abiadurako patinajean arituko da; Salsamendi, euskal herritar-brasildarra, berriz, iraupen eskian lehiatuko da Brasilgo selekzioarekin.

Eguibarrek eta Romerok otsailaren 12an lehiatuko dute snowboardcrossean, Livignon; Rodriguezek, berriz, otsailaren 18an hartuko du parte eslalomean, Tofane Alpine Skiing Centre-n. Otsailaren 22ra arte iraungo dute Olinpiar Jokoek. Xehetasun guztiak Basque Team fundazioaren webgunean aurki daitezke.

Interesgarri izanen zaizu