50 urte dira gaur Franco diktadorea hil zenetik

1975eko azaroaren 20 batez zendu zen Francisco Franco Espainiako diktadorea, bere ohean, boterea "loturik" utzita. Mende erdi geroago, egun haren oroimen ariketa egin eta egun ideologia falangistak duen lekua aztertu dugu.

50 urte dira gaur Franco diktadorea hil zenetik
Hainbat gizon, Katalunian, Francoren heriotzari buruzko egunkariak eskuetan. JOSEP GOMEZ VIDAL/ARXIU FOTOGRAFIC IEI
Erredakzioa
2025/11/20 07:00

1936an estatu kolpea eman zuenetik lau hamarkadaz izan zituen espainiar estatua eta Hego Euskal Herria zapaldurik, oposizio oro debekaturik eta pertsegiturik, eta espainiera ez hizkuntza guztiak isildurik. Gaurko egunez utzi zion Francisco Francok, ia berrogei urteren ondotik, Espainiako diktadore izateari; hil zelako utzi zion, ez demokraziari bide uzteko. Bere ohatzean hil zen, egin eta agindu zuenaren ondorioez epaitua izan gabe.

Francoren heriotza oposizioko kideentzat arnas bat izan bazen, prozesu luzea izan zen frankismoaren egiturak desegitearena. Hala ere, Euskal Herrian 1975eko azaro bukaeran ospakizun giro bat nabarmendu zela kontatu dute Jose Leon eta Pilar Mazustak, gure asteleheneko gomitek.

Gaur egun, ideologia falangista, Francoren sarraskien oinarrietan zena, oraindik ere bizirik da, goraldian ez bada. Horren lekuko joan den urriaren 12an Gasteizen izan zen elgarretaratze falangista. Testuinguru horretan beteko da Francoren heriotzaren 50. urteurrena, eta sozialistak buru dituen espainiar gobernuak parada baliatu nahi du eskuin muturren arriskuak oroitarazteko.

Frankismoan zehar, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako milaka herritarrek Lapurdi, Baxe Nabarre eta Xiberoko bidea hartu zuten. Haien lekukotasunak bildu ditugu Euskal Irratietan aste honetan; Pilar Mazusta eta Jose Leonenak orri honetan entzun baditzakezue, bihar, ostiralez, Goiz Berri emankizun berezia eginen dugu 8:00tatik aitzina. Bertan, mahai ingurua izanen dugu antzeko ibilbidea izan zuten Edurne Alegria, Xabier Arin, Amaia Aseginolaza eta Xabier Elosegirekin.

Publizitatea

Interesgarri izanen zaizu