Ehunka laborari bildu dira Biriatun EBren eta Mercosurren arteko merkataritza askeko akordioaren aurka, baita mugaz gaindiko elkartasuna irudikatu dute eta behien DNKren inguruan txertaketa eta argitasun handiagoa eskatu dute.
Ehunka laborari bildu dira gaur eguerdian Biriatun, Europar Batasuna eta Mercosur arteko merkataritza askeko akordioaren aurka protesta egiteko. Mobilizazioa Biriatu eta Behobia artean egin dute, EHNE, ENBA eta UAGN sindikatuek deituta Hego Euskal Herrian, eta ELB eta CR sindikatuak batu dira Iparraldetik.
Antolatzaileen arabera, akordioak multinazionalen interesak lehenesten ditu, eta tokiko laborantza, osasuna eta elikadura subiranotasuna arriskuan jartzen ditu. Traktore gehienei autobidera sartzen utzi ez dieten arren, mobilizazioa jendetsua izan da: bostehun bat laborari eta dozenaka traktore bildu dira eguerdian, mugaz gaindiko elkartasuna irudikatuz.
EHNE sindikatuko Gipuzkoako arduradun Garikoitz Nazabalek adierazi du akordioa “multinazionalen eta betiko gutxi batzuen poltsikorako” izango dela, eta ondorio kaltegarriak ekarriko dituela Euskal Herriko baserritarrentzat. Iparraldeko laborariek ere bat egin dute protestarekin; Bastidako laborari Laurentxeren hitzetan, Frantziaren eta Espainiaren arteko erantzun bateratua beharrezkoa da.
Bestalde, behien Dermatosi Nodular Kutsakorraren inguruko kezka ere azaldu dute abeltzainek. Txertaketa neurriak zabaltzea eta administrazioen aldetik argitasun handiagoa eskatu dituzte, batez ere Hegoaldeko egoerari dagokionez.
