580 milioi euroko aitzinkontua onartu du Euskal Hirigune Elkargoak

Iaz baino babes handiagoarekin onartu dira Euskal Hirigune Elkargoko aitzinkontuak, aldeko 147 bozkekin, kontrako zortzirekin eta 53 bozka zurirekin. Emisio gutxiko eremua indarrean ezartzeko neurria behin-behinean eten egin dute.

580 milioi euroko aitzinkontua onartu du Euskal Hirigune Elkargoak
Euskal Hirigune Elkargoko osoko bilkura. EUSKAL IRRATIAK
Ihintza Arrieta
2025/03/31 13:08

Iaz baino boz batzuk gehiago izan ditu alde aurtengo Euskal Hirugune Elkargoaren aitzinkontuak. 147 hautetsi agertu dira alde, zortzi kontra eta 53 abstenitu dira. Talde politikoek bere desadostasunak agerrarazi dituzte. Elgarrekin taldearentzat aitzinkontua «baikorra» da, baina Philippe Massé Haltsuko auzapezak salatu duenez Hirigune Elkargoaren aurrezkia «murrizten» ari da, eta 40 milioi euroko mailegu bat hartzea «ez da egokia» erakundearen finantzei begira. Bil Gaiten taldeko Nicole Etxamendi hautetsi itsasuarrak, aldiz, aitzinkontu proiektua garatzeko metodologia eta «eztabaida eskasia» salatu du. 580 milioi eurokoa da euskal elkargoaren 2025eko aurrekontua.

Emisio gutxiko eremua geldirik
ZFE emisio gutxiko eremua ezartzeko prozedura behin behinean etetea erabaki du Elkargoak. Izan ere, Frantziako Asanblean eremu horien kontra lerrokatu dira Errepublikanoak eta Batasun Nazionala. Parisen erabakia igurikatuko du Elkargoak, neurria ezartzeko gastu ekonomikoak aitzinatu gabe. Ekainaren lehenean indarrean ezartzekoa zen emisio gutxiko eremua, Lapurdiko kostaldeko 27 hirigune eta herritan. herrik osatzen dute eremu hori.

Arbonako hirigintza plana onartua
Eztabaida artean onartu da Arbonako hirigintza planaren aldaketa Elkargoko osoko bilkuran, bozen %61 alde eta %39 kontra. Bidarteko Emmanuel Alzuri eta Arbonako Marie Josée Mialocq auzapezen artean iragan da eztabaida, bi herrien artean kokatzen den Pemartin elbarrituentzako egoitzaren pasabide eskubidearen harira. Bidarteko herriko etxeak egoitza berritzeko xedea duen arren, egitasmoa gelditua da gaur egun, Arbonako herriko etxeak ukatu duen pasabide eskubide baten ondorioz. Hori dela eta, hautetsi ororen aitzinean engaiatu dadin galdegin dio Alzurik Mialocqi, baina arbonarrak ez du halakorik egin. Bestalde, Arbonako herriko oposizioak salatu duenez Miallocq auzapezak «promotore batekin egindako tratua» egon liteke hirigintza planaren aldaketaren gibelean, eta laborantza lur batzuk «lanjerrean» egon litezke.


 

Publizitatea

Interesgarri izanen zaizu